Autogintza, sindikatuak eta gutxiengo arabiarraren garrantzia
Michiganen eta Wisconsinen amaituko dugu Ipar Karolinan eta Georgian hasi eta Arizonan, Nevadan eta Pennsilvanian jarraitu genuen analisi sorta. Kamala Harrisen eta Donald Trumpen arteko lehian inkestek berdinketa teknikoa ematen dutenez, are erabakiorragoak izango diren AEBetako estatuetan.
Iparralde industrialeko estatuak dira, Alderdi Demokrataren kalkuluen arabera, Etxe Zuriari eusteko biderik zuzenena. Historikoki demokrata bozkatu izan dute eta, aldea oso txikia izan arren, inkestek Kamala Harris Donald Trumpen aurretik daukate azken bi hilabeteotan, bi puntu inguruko aldeaz. Edozelan ere, datuak horren estuak izanik, edozein aldaketa txikik hankaz gora bota ditzake Kamala Harrisen matematikak.
Georgia eta Ipar Carolina Trumpek ezinbestean irabazi beharreko estatuak diren legez (historikoki errepublikanoak izan diren horiek galtzeak gainerako swing- state-etan are porrot handiagoa iragarriko lukeelako teorian), ezinbestekoa dute demokratek Michiganen eta Wisconsinen gailentzea.
90eko hamarkadan Bill Clintonen garaitik beti demokratak gailendu dira argi samar Michiganen, 2016an izan ezik: Donald Trumpek Hillary Clintonek baino hamar mila boto gehiago lortu zituen, bakoitzak 2,2 milioi boto eskuratu ondoren. Gero, Joe Biden 155.000 botoko aldeaz nagusitu zitzaion Trumpi 2020an.
Hau da, posible da Michigan eta Wisconsin irabaztea Kamala Harrisek eta hala ere hauteskundeak galtzea, gainerako estatu garrantzitsuetan emaitza kaskarrak balituzte. Alderantzizkoa, bietako bat edo biak galtzea, ordea, porrot handiagoaren hasieratzat jo liteke.
Detroiteko sindikatu nagusiek Kamala Harrisen alde egin dute. Azken lau urteotan Joe Bidenen gobernuak arreta berezia jarri du eskualde honetan, energia berriztagarrien gaiak eta zehazki auto elektrikoaren apustuak eta Txinarekiko lehiak autogintzan daukan eraginaz jakitun, behar- ginen eta sindikatuen artean sortzen duen ezinegona agerikoa baita. Hori gutxi ez balitz, Donald Trumpek duela astebete Detroiti irain egin zion: Kamala Harrisek irabaziz gero, «herrialde guztia Detroit bezalakoa izango da», esan zuen. Egun batzuk geroago, «Detroit maite dugu» eta «berriz ere Detroit handi egingo» duela esan zuen.
Zenbait lekutan langile zuri horietako batzuen jarrera kontserbadorea eta are misoginia aipatu badira ere Kamala Harrisek gainditu beharreko oztopo gisa, ez da ahaztu behar Michigango gobernadorea AEBetako politikan karisma handienetakoa duen politikaria dela. Biden ordez- katzeko ibili ziren izenen artean egon zen Gretchen Whitmer, besteak beste.
Harrisek badaki demokratek ez dutela estatu bakar bat irabazitzat jo behar, eta Donald Trumpek ere berariaz landu zuen Detroit ingurua kanpaina hasieran, bertako langileen eta herritar beltzen botoaren bila egindako ekitaldian. Presidente ohiak maite du klima aldaketarekiko sinesgogor agertzea, eta estatubatuarrek maite dituzten auto handi eta kutsakorrak goraipatzea, demokratek sustatutako ibilgailu elektrikoen ordez.
Kontraesana Detroiten ere agerikoa da, noski: auto elektrikoen lantegi nagusiak hemen daude, «baina bertako langileek sekula ez lituzkete gidatuko», errepublikanoek esan ohi dutenez. Trumpen beste arazoa, ibilgailu elektrikoen enpresari aberatsena bere kanpainako sustatzaile handienetakoa ere badela: Tesla etxeko ugazaba den Elon Musk.
Demokraten kezka iturri handietako bat Michiganen jatorriz arabiarrak direnen botoa da, Gazako eta Libanokon sarraskiak ikusita
Musulmanen botoa
Demokraten kezka iturri handietako bat Michiganen ez da hainbeste Trumpengana aldatuko diren botoetan, teorian demokraten zakuan zenbatu ohi diren eta aurten bozkatzeko uzkur den komunitate batean baizik. Michigango biztanleen %1 arabiar jatorrikoa da, AEBetako komunitate handiena proportzioan; Detroit kanpoaldeko Dearborn hirian erdiak baino gehiago dira, eta alkateak libanoar jatorria du. AEBetako kongresuan Rashida Tlaib dute ordezkaria; Washingtonen izan den lehen kongresista palestinarra da, eta bakarra.
Ekialde Hurbileko lehen biztanleak duela ehun urte iritsi ziren Michiganera, Levantetik; libanoar arabiar musulmanez gain, kristau asiriar, siriako eta kaldeoak ere gutxiengo garrantzitsuak dira. Berrikiago, Yemen, Irak zein Palestinatik ere heldu da jendea Michiganera.
Otsailean egindako primarioetan, Joe Bidenek 650.000 boto lortu zituen, baina 100.000 boto baino gehiago «uncomitted» edo konprometitu gabeak izan ziren. AEBetako Gobernuak Israelekiko daukan jarrerarekiko kritikoak dira. Ez dute Donald Trump nahi, baina oso haserre daude Kamala Harrisek kanpainan zehar Israelen alde egindako adierazpenekin.
Badira Jill Stein berdeetako hautagaia bozkatuko dutenak; badakite ez duela irabazteko aukerarik, baina genozidio hitza aipatu duen bakarra da. Beste musulman batzuek ez dute ahazten Siriako gerran Baxar Al-Asaden aldeko haren jarrera.
Joan den astean Michiganen ibili dira bai Harris bai Trump, eta hautagai errepublikanoak Hamtramck izeneko Detroit kanpoaldeko herria bisitatu zuen. AEBetan musulmanak gehiengoa diren udalerri bakanetakoa da; Amer Ghalib alkateak Trumpen aldeko botoa eskatu du. Oso ezohiko figura da, horratik, komunitate arabiar eta musulmanak nagusiki demokraten aldeko botoa eskatu baitu. Joan den ostiralean, 52 libanoar-estatubatuarrek Kamala Harrisen alde egin zuten, eta berdin egin du Emgage izeneko musulmanen aldeko elkarte batek.
Wisconsinen berezitasuna
Wisconsinek badu antzekotasunik Michiganekin, baina baita zenbait alde ere. Batetik, txikiagoa dela esan behar da: 10 hauteskunde boto ditu. Michiganek, berriz, 15. Illinois eta Minnesota estatu demokraten artean egonik (Milwaukeetik Chicagora ordubete pasa dago), ulertzekoa da Kamala Harrisen aldekoek ezinbestean beren zakuan ikusten duten estatua izatea. Baina ez da ahaztu behar Iowa ere auzo duela. Historikoki antzeratsu bozkatu dute, Iowa Trumpen alderantz lerratu eta swing state izateari utzi zion arte.
Hala, azken egunotan urduritasuna nagusitzen hasi da Wisconsingo demokraten artean. Ulertzekoa da, noski, azaroa hurbildu ahala nerbioek ere gora egitea, baina azken inkestek datu kezkagarriak utzi dituzte. Hala, Wall Street Journal eta Quinnipiac-en inkestek Harrisi bi puntuko aldea eman diote, baina The Hill-ek berdinketa iragarri du, eta Five-Thirty-Eight inkesten batez bestekoa egiten duen guneak 0,6 puntura jaitsi du Harrisen abantaila.
Parte hartzea egotea espero da azaroaren 5ean. Presidenteaz gain, Kongresurako zenbait aulki ere lehian daude, eta Tammy Baldwin senatari demokrataren postua ere arriskuan ikusten dute uneotan, udan zeukan 7 puntuko aldea 2ra murriztu baita.
Bestela ere senatari aulki pare bat galtzeko arriskua oso handia dutenez (Virginia Mendebaldekoa ia ziur, eta Montanakoa ere ziurrenik), Wisconsinek senatari errepublikanoa hautatzea porrot handi baten seinalea litzateke.
Edozelan ere, joan den astean Eric Hovde bankari eta hautagai errepublikanoaren eta Tammy Baldwin egungo senatariaren arteko eztabaidan argi eta garbi nagusitu zen demokrata. «Ez naiz aditua nekazaritza legean» esatea ez da Milwaukeetik kanpoko eremu zabal eta nagusiki errepublikanoetan zure burua aurkezteko modua. Hori gutxi ez eta, abortuaren gaian argudiorik gabe utzi zuen Baldwinek.
Wisconsin estatuak Iowa auzo du. Historikoki antzeratsu bozkatu dute, Iowa Trumpen alderantz lerratu eta swing state izateari utzi zion arte
Emakumeen botoaren bila
2016an 22 mila botoko aldea atera zion Donald Trumpek Hillary Clintoni Wisconsinen (Reaganen garaitik irabazten zuen lehen errepublikanoa zen). Lau urte geroago beste horrenbestekoa izan zen Bidenen aldeko diferentzia, parte hartzeak gora eginda. Orain, inkestak guztiz berdinduta daude, batez bestekoa atera ohi duen FiveThirtyEight gunearen arabera.
Hori oso kezkagarria da demokratentzat: abuztuan ia 4 puntuko aldea iragartzen zion gune berak, eta murrizten joan da, irailean 2-3 puntutik jaisten joan zen, urri hasieran puntu batetik gora ageri zen Harris oraindik, baina honezkero biak 47.8an berdinduta leudeke.
Kanpainaren azken astean Kamala Harris berriz ere Wisconsin eta Michiganera joango da. Liz Cheney errepublikano kritikoa berarekin izango da zenbait mitinetan. Helburua, Trumpekin uzkur dauden kontserbadoreei hauteskundeen garrantzia eta presidente ohia AEBetako demokraziarako arriskutsua dela azpimarratzea da. Horrekin batera, «suburban» deitzen den gizataldeko emakumeen aktibazioa da.
Oro har, hiriguneen inguruetan dauden familia bakarreko etxeetako auzuneei deritze, nolabait klase ertain estatubatuarraren ideala irudikatuz. Ekonomikoki zentrista edo are zentro-eskuinean egon litezke, baina sozialki ez daude prest azken hamarkadetako lorpen sozialetan atzera egiteko. Abortuaren gaiak erabat aztoratu dituen emakume horiek salbatu zuten Alderdi Demokrata 2022ko agintaldi erdiko hauteskundeetan, eta aurten ere itxaropen handiena boto horren aktibazioan dauka Kamala Harrisek.
Izan ere, herrialdean oro har gertatzen ari den bezala, boto zurian aldaketa txiki bat nabari da demokraten alderantz –emakumeen botoari esker, nagusiki–, baina era berean latinoen eta beltzen botoa, oraindik ere gehiengo demokrata izan arren, urrun- tzen ari da, eta Trumpengana hurbiltzen.
Bi multzoek ez dute pisu berbera, ordea, are gutxiago Wisconsinen, herritarren %86 zuriak baitira.
Gutxiengoen pisua aintzat hartu behar da beti; beltz eta latinoez gain, arabiar gutxiengoa erabakigarria izan daiteke iparraldeko estatuetan, Michiganen bereziki. Wisconsinen, berriz, txikiagoa izanik, herri indigenek garrantzi txiki baina aipagarria daukate, eta haiei berariaz zuzendutako mezuak prestatu ditu Kamala Harrisen kanpainak.