Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema jarriko du martxan Gasteizek datorren udan
Gasteizko Udalak hirian zehar ibiltzeko bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema 2025eko udan abian jartzea aurreikusten du. Gutxienez 50 ibilgailuk osatuko dute eta lau estaziotan hartu ahal izango dira. EH Bilduk gobernu-taldearekin sinatutako akordio baten ondorio da.
Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema publikoa martxan jarriko dute Gasteizen datorren udan. 50 unitate elektrikok osatuko dute, gutxienez, lau estaziotan: Antso Jakituna kalean, Leizaola plazan, Iparralde Gizarte Etxean eta autobus geltokian.
Astelehen honetan egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez, proiektu hau EH Bilduk Gobernu taldearekin mugikortasun aktibo eta jasangarria bultzatzeko adostu zuen aurrekontu-akordioari esker sortu da. 450.000 euroko aurrekontua dauka eta horretatik 150.000 euro Next Generation Europako funtsetatik dator.
Baldintza-plegua amaitzen ari dira orain eta laster lehiaketara aterako da. Kontratuak bost urteko indarraldia izango du. Kargatzeko lau puntuetan, gainera, intermodalitatea bultzatzen da eta, gainera, bidegorri-sarearekin konexio onak daude.
Enpresa esleipendunak ezarriko ditu tarifen tipologiak eta horientzako beharrekoa den sistema informatiko eta teknologikoa garatuko du. Erabiltzaileek aplikazio batean erregistratu eta honako hauek egiteko aukera izango dute: abonu mota aukeratu, bizikleta elektriko bakoitzaren egoera ezagutu eta estazioak geolokalizatu, besteak beste.
Gainera, proiektua bizikletarik ez dutenentzat edo modalitate elektrikoa probatu ez dutenentzat zuzenduta egongo da. Udalarentzat, honen bidez egunerokoan bizikleta erabiltzea erraztuko da eta garraio-modalitate hori distantzia luzeagoak edo lantokietarako joan-etorriak egiteko aproposa izango da.