INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Kontxako hondartzatik, elkartasun mezua Kaleko Afari Solidarioei

Kontxako hondartza diseinu berezi batekin esnatu da astelehen goiz honetan. Calat33 artista peruarraren eskutik, elkartasun mezu berezi bat bidali die Kaleko Afari Solidarioak ekimeneko kideei, azken asteetako gertakarien harira.

Gisa honetara esnatu da astelehen honetan Kontxako hondartza. (Calat33)

Elkartasun ekimena da Kaleko Afari Solidarioak. Eta azken asteetako jazarpenaren harira, hainbat elkartasun keinu ere jasotzen ari da. Azkena, astelehen goiz honetan. Kontxako hondartza diseinu berezi batekin esnatu da-eta.

Arearekin marrazki ikusgarriak osatu ohi dituen Calat33 artista peruarraren ekimena izan da, jazarpenaren ostean KASek azken egunetan jaso duen elkartasunari batuz.

Urrutira joan gabe, igande honetan 2.000 lagunetik gora bildu ziren Donostiako kaleetan, hiriko Gobernuak ekimenari jarritako debekua salatzeko, ‘Elkartasunari debekuri ez’ lelopean. Bertan antolatzaileek gogora ekarri zutenez, martxak «Donostialdean faxismoak eta arrazakeriak izan duten gorakadari eta gizarteko sektore pobretuenen eta jende arrazializatuen kriminalizazioari» erantzuten zien.

Honela esnatu da astelehen honetan Kontxako hondartza.
Calat33

Eta Kontxako ekimena bide beretik doa. KASen lana «aspalditik» jarraitzen eta babesten duen artistak elkartasun mezu hori bidali nahi izan du-eta.

Izan ere, oraindik bada dema gipuzkoar hiriburuan. Atzoko martxaren une azpimarragarrietako bat boluntarioek afari horiek banatzen ziren Iztueta kalean eman zen, non txalo zaparrada handia jaso zuten. Astelehen honetan, aldiz, iluntzean ultraeskuinaren mobilizazio bat dago deituta toki berean.