‘Botere handi batek’, superheroiak eta euskal gatazka komiki batean txirikordatuta
‘Xabiroi’ komiki aldizkariaren 18. bilduma aurkeztu dute astearte honetan Donostian, ‘Botere handi batek’ izenekoa. Superheroiak eta euskal gatazka gurutzatzen dituen istorioa da Iban Zalduak eta Julen Ribasek elkarlanean ondu dutena; lehenak gidoia egin du eta, bigarrenak, ilustrazioak.
1960ko hamarkada amaieratik, Armada espainolak laborategi ezkutu bat zeukan Bardeetan. Bertan esperimentuak egiten ari ziren, gizaki arruntei superbotereak emateko. 1975an, Franco hil zenean, nahasmena nagusitu zen laborategian eta supergizaki horiek ihes egin zuten. Gehienak Euskal Herrian bertan kokatu ziren eta denborarekin, euskal gatazkarekin endredatzen hasi ziren. Horixe da ‘Xabiroi’ komiki aldizkariaren azken bildumaren abiapuntua.
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko komiki aldizkaria da ‘Xabiroi’. 2025ean 20 urte beteko ditu eta dagoeneko uzta oparoa osatu du: 73 aldizkari eta 18 bilduma. Azkena, hain juxtu, “Botere handi batek”, atzo Donostian aurkeztu zutena. Iban Zalduak eta Julen Ribasek ondu dute lan hori. 2021 urteaz geroztik atalka argitaratu dute aldizkarian eta orain bildumaren zelofan paperez aurkeztu dute.
Zalduak esandakoaren arabera, «gaia serioa da. Planteatzen du superheroien sarrera bat euskal gatazkan 1970eko hamarkada erdialdetik 1990eko hamarkadaren bukaerara arte. Baina ez da historia edo kronika liburu bat, ez du asmorik errelatoaren borrokan mugarri bat izateko, ez zuzenean behintzat. Ez du helburu gisa ekarpen bat egitea euskal gatazkaren konponketan. Gure helburua abenturazko komikiaren eremuan lan on bat egitea da, Marvelek egiten zuenaren bidetik; pertsonaiak mundu errealaren antza zeukan batean kokatzen zituen».
«Gure komikian mundu paraleloa gurearen antzekoa da eta saiatzen gara esploratzen zein bilakaera izango lukeen gure gatazkak superbotereak dituzten izaki batzuek zeharkatuko balute. Euskal Herriaren historia alternatibo bat sortzen da eta, ondorioz, literarioa. Finean, zertaz ari dira superheroien komikiak: justiziaz –eta hori lortzeko bide diferenteez eta batzuetan aski kontraesankorrez–; aukerez –historiak bide desberdin bat hartzeko aukerez–; erantzukizunaz –zerbait egitearen eta ezer ez egitearen arteko aldeez–; biolentziaz eta biolentziaren albo-kalteez; biktimez eta biktimarioez. Euskal gatazka hizpide dugunean, horri buruz aritzen gara», erantsi du.
Adin tarte zabalari begirakoa da lana, «komiki bat da; 14 urteko atsoek eta agureek eta 80 urteko neska-mutilek irakur dezakete».