INFO

Bederatzi gazteren epaiketaren kontrako mobilizazioa deitu du Portugaleteko Sastraka Gaztetxeak

Azaroaren 5ean Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi gazte epaituko dituzte Barakaldoko epaitegietan. Prozesu judizial hau okupazio mugimenduaren aurkako erasoen historia luze baten parte gisa kokatu dute gazteek eta mobilizazioa deitu dute ostiralean.

Portugaleteko Sastraka Gaztetxea, Nuestra Señora del Carmen ikastetxe zaharrean. (SASTRAKA)

Portugaleteko gazteek Nuestra Señora del Carmen ikastetxe abandonatua okupatu eta Sastraka gaztetxearen proiektua abian jarri eta lau urtera, 9 gaztek epaiketa bati aurre egin behar diote orain. Azaroaren 5ean izango da Barakaldoko epaitegietan, eta Sastraka Gaztetxeak mobilizaizoa deitu du ostiral honetan.

2020ko udan izan zen okupatua hainbat urtez abandonatuta egon zen eraikina. Hilabete batzuetara, sutea izan zen ikastetxe zaharreko kaperan. Tentsio handiko hilabeteak izan ziren. Gazteek salatu zuten sutea nahita piztua izan zela, eta beraiek ekin zieten eraikin historikoa babesteko lanei, profesionalen laguntzarekin, baina Udalaren eta eraikinaren jabearen kolaboraziorik gabe.

Lau urte hauetan, hainbat proiektu eraman dituzte aurrera, Portugaleteri erabilera kolektiboko espazio bat eskainiz: baratzea, liburutegia, kontzertuak, otorduak, jarduera artistikoak eta aisialdiko dozenaka jarduera.

«Jabetza kolektiboan sinesten dugu beraien jabetza pribatuaren aurrean, lurra zaindu eta lantzeko borondatea dugu, espekulazioaren grina asetzeko utzi beharrean. Urte hauetan, Sastrakako gazteok gogor lan egin dugu Portugaleten logika kapitalistatik kanpo alternatiba politiko eta kulturala eskaintzeko», aldarrikatu dute.

Orain proiektua arriskuan dago. Azaroaren 5ean bederatzi gazte epaituak izango dira Barakaldon. Prozesu judizial hau okupazio mugimenduaren aurkako erasoen historia luze baten parte gisa kokatu du Sastraka Gaztetxeak, eta manifestazioa deitu du ostiral honetan, azaroak 1, 19.30ean Carlos VII metro irteeratik absoluzioa eskatzeko.

«Espazio hau galtzeko mehatxuari aurre egin behar diogu orain, baina inoiz baino konbentzituago gaude gaztetxeen eta espazio autogestionatuen beharraz, gero eta zapalduago dagoen gizarte batean. Ziur gaude espazio hauek sortzen dituzten harremanak eta aukerak funtsezkoak direla sistema honen arrakaletan zuloak irekitzen jarraitzeko», adierazi du gaztetxeak.