INFO

‘Murmur’, Itoizko urtegiaren xuxurlak Ane Labakaren eta Raquel Samitierren album ilustratuan

XVIII. Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi dute Ane Labakak eta Raquel Samitierrek. ‘Murmur’ izeneko album ilustratua ondu dute, Itoizko urtegiaren ondorioz desagerrarazitako herrien istorioa. Bertatik alde egin behar izan zuen ama eta bere alaba dira protagonistak, edo beraien inkomunikazioa.

Raquel Samitier eta Ane Labaka, albumaren aurkezpenean. (Jagoba Manterola | FOKU)

Deigarria da Ane Labakak eta Raquel Samitierrek kaleratu berri duten album ilustratuaren izenburua: ‘Murmur’. Liburu osoan behin bakarrik agertzen da «murmur» hitza, «irratiaren murmurra» zehazki; asteazken honetako aurkezpenean Labakak adiera ezberdinak aipatu ditu.

«Hasteko eta behin liburu bat da ‘Murmur’, kariño handiz ondu duguna. Album ilustratuan, testua eta irudia dialogoan daude», azaldu du. Hiztegiaren arabera, berriz, ‘marmarra’, ‘murmurioa’ edota ‘xuxurla’ esan nahi duela argitu du idazleak. Eta narrazioan zehar uraren soinua dela: «Liburu osoan zehar badago lurrazpiko erreka moduko bat, nahita bilatutakoa», eta urak etengabe narrazioa bustitzea jarri zion bere buruari erronka gisa Labakak.

Narrazioaren epizentroan ere ura oso garrantzitsua da, eta aspalditik «buruko txokoren batean» zuen ideia zela kontatu du idazleak: «Aspalditik nuen buruan Itoizko urtegiaren ondorioz desagertutako herriei buruzko zerbait egitea». Liburuko protagonista den Iratiri bezala, irratia entzutean egin zion buruak ‘klak’ Labakari ere, eta «lurrazpiko erreka hori gainazalera atera eta momentu horretan pentsatu nuen Peru Abarkara aurkezteko aitzakian gai honen inguruko zerbait sortzea», kontatu du.

Murmurreko Iratiri «euri hotsa» ekarri zion irratiarem murmurrak, baina zer entzun zuen idazleak? «Irratian entzun nuen Ingeborg Irati Diez Elizalde antropologoaren elkarrizketa bat ‘Cuando la sangre se convierte en agua’ izeneko ikerketari buruz, eta bi aldiz pentsatu gabe irratira idatzi nuen bere kontatua eskatuz, eta berari idatzi nion interesgarria iruditu zitzaidala elkarrizketa eta ea prest legoken ikerketa bidaltzeko. Eta hortik abiatu nintzen».

Badaude murmur gehiago halere liburuan, horietako bat da ama alaben arteko isiltasun, esanezin, ulertu ezin edota inkomunikazioa. Narrazioari dagokionez, Labakak kontatu du «karaktere kopuruari begira laburra izan daitekeen arren, sakontasuna» duela. Eta batez ere, ahalegin bat egin zuela testuari geruza ezberdinak emateko, «hain zuzen ere, Raquelen [Samitier] lanak sakontasun gehiago erantsi dio, geruza gehiago gainjarri dizkio».

Sormena «bere txikian eragiteko tresna» bat bezala bizi du idazleak, eta geruza horietan ere keinu ezberdinak egin ditu, adibidez, kontatu du, ur azpian geratutako lekuak aipatzean, azpimarra egin duela ur azpian geratutakoak ahanzturak irentsi zituela, eta bereziki emakumeek habitatutakoak, labanderiak esaterako. Borrokaren inguruko beste iruditegi bat sortzeko ahalegina ere egin du.

Beltza eta urdina

Peru Abarka sarian, lehendabizi narrazioa hautatzen da, eta horren ostean, narrazio horretarako ilustratzaileek aurkezten dituzte beren proposamenak. Samitierrek irabazi zuen eta aurkezpenean kontatu du testua oso interesgarria, intimoa eta pertsonala iruditu zitzaiola, eta aldi berean aberastasun literario handikoa: «Testu hain irekia izateak irudimena zabaltzea ekarri zuen». Hortik etorri zen beste Murmur bat.

Izan ere, narrazioan ez zegoen pertsonaia berri bat sortu zuen ilustratzaileak: Murmur. «Silueta misteriotsu bat da, Itoizko urtegiko uretatik jaiotzen dena, eta protagonistari laguntzen dio. Liburuan zehar agertu eta desagertu egiten da, eta niretzako, herria utzi beharraren trauma errepresentatzen du, iraganeko mamu bat bezala da», azaldu du Samitierrek.

Irudiei dagokionean, irudia sinplea da, errealismoarekin kontrastatzen duena, eta «emozioen munduarekin» lotura handiagoa duena. Narrazioan pertsonaia bat gehitzea, aldaketa handia izan daiteke, eta Labakak ere aitortu du hasieran ustekabean harrapatu zuela, baina azkenerako, «depurazio» lan baten ostean, aurkitu diotela bere lekua.

«Estiloa, kolorea eta konposizioak ezaugarri intimistarekin bat egiteko pentsatuta dago», argitu du ilustratzaileak, eta batez ere, eskuzko teknikak erabili dituela kontatu du; ikatza eta tinta akrilikoa. «Ikatzaren zuri beltzak argazki zaharrak gogorarazten ditu, gertakari historiko batenak. Eta tinta urdinak kontrastea bilatzen du, tinta akrilikoak ura du bere baitan, istorioak bezela, eta urdinak tristura sinbolizatzen du».

Peru Abarka Saria

XVIII. Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi zuten Labakak eta Samitierrek. Eta aurkezpenean, Igor Idoeta Markina-Xemeingo bibliotekako arduradunak eta lehiaketaren antolatzaileak epaimahaiaren ondorioen berri eman du.

Labakaren lanaren inguruan testua eta hutsunea nabarmendu ditu: «Testuan esaten ez direnak esaten direnak bezainbesteko garrantzia du, nik uste dut hori ez dela beti gertatzen. Idaztea gauzak esatea eta gauzak ez esatea dela pentsatzen dut eta hori eskertzekoa da, eta pentsatzen dut ilustratzailearentzat ere bide bat zabaltzen dela».

Protagonistaren umetako ahotsetatik idatzita agertzen dira zenbait hausnarketa, eta ahots horren bigarren zentzua, atzeko xuxurlak edo mumurrek bustitako testua ere txalotu ditu. Esaldi labur baina esanahiz beterikoak daude album osoan zehar. «Ama, zuk nola nahiago zenuke hiltzea; erreta ala itota?» edota «Ama, hemen ez dago ezer» dira bi adibide bikain.

Ilustrazioari dagokionez, «koloreen indarra hartzen da, plano ezberdinekin jolas egiten du eta teknika interesgarria du oso», laburtu du markinarrak. Eta epaimahaiak zenbait ilustraziotan testuak sortzen duen testura, samina edota itolarria areagotzen duela azpimarratu du.