Patronalak lan osasuneko araua ez betetzeko «administrazioen konplizitatea» duela salatu dute
Azken egunotan Zornotzan eta Gallartan bi langile hil dira lan istripuan. Horren aurrean, LAB, ESK, Steilas; EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute eta bertan patronalak «administrazioen konplizitatearekin» lan osasuneko araudia ez duela betetzen deitoratu dute.
LAB, ESK, Steilas, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dutenez, patronalak ez du lan osasunari buruzko araudia betetzen, «enpresaburuei estaldura ematen dien administrazio baten konplizitatearekin», langileen osasunari eta segurtasunari buruzko araudi hori urratzen jarraitzeko, eta istripu arriskua da «gaizki deitutako abstentismo horren kausa garrantzitsuenetako bat».
Sindikatu hauek osatzen duten intersindikalaren ordezkariek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Confebaskek Bilbon duen egoitzaren aurrean, ‘Prekaritateak hil egiten gaitu. Patronalak eta erakundeek gaixitu eta hiltzen gaituzte’ lelopean. Azken egunotan bi langile hil dira lan istripuz, bat Zornotzan eta beste bat Gallartan.
Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak salatu duenez, 2024an Hego Euskal Herrian izandako 50 heriotza traumatikoak «patronalak lan osasunari buruzko araudia ez betetzearen ondorio dira», eta 50 heriotza horiek «icebergaren tontorra baino ez dira» .
Ildo horretan, gogorarazi du 2023ko datu ofizialen arabera iaz 100.000 lan stripu traumatiko izan zirela Hego Euskal Herrian, eta aurten ere zifra horiek «gainditzen» ari direla, «urtez urte» gertatzen den bezala.
LABeko ordezkariaren ustez, egoera horren atzean, «zalantzarik gabe», «patronalari lan osasuneko araudia urratzen jarraitzeko estaldura ematen dion administrazio baten konplizitatea dago».
Absentismoa
Iriartek salatu duenez, «egoera latz honen erdian» patronalak lortu du absentismoa «alferrek eta langileek» egiten dutela adieraztea, «datuek erakusten dutenean istripuen datu izugarriak absentismo deritzon horren kausa garrantzitsuenetako bat direla».
2023an izan ziren 50 heriotzei dagokienez, istripu traumatikoen ondoriozko heriotzak direla azpimarratu du, «laneko gaixotasunak kontuan hartu gabe».