INFO

Donostian kalean lo egiten duten pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da bi urtetan

Urriaren 23tik 24rako gauean 413 pertsonak egin zuten lo Donostian kalean, duela bi urte antzeko zenbaketa batean baino 193 gehiagok. Hiritarron Harrera Sareak kalean familiarik ez uztea eta La Sirena aterpetxea negu osoan irekita egotea eskatu du.

La Sirena aterpetxearen irekiera aldarrikatzeko protesta, Donostian. (Donostiako Hiritarron Harrera Sarea)

Lakuak koordinatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 30 udalerritan ‘Kale Gorrian’ zenbaketa egin da azken egun hauetan. Donostiako Hiritarron Harrera Sareak jakinarazi duenez, urriaren 23tik 24rako gauean 413 pertsona zeuden Gipuzkoako hiriburuko kaleetan lotan, duela bi urte, antzeko zenbaketa bat egin zenean, baino 193 gehiago. Ia bikoitza.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, hauetako 370 gizonak dira, 24 emakumeak eta 19 kasutan ez da sexua zehaztu. 2022an 203 gizonezko, 14 emakumezko eta sexua zehaztu gabeko hiru pertsona izan ziren. «Zifra horiek zerbait erakusten badute, premien gorakadaren aurrean, erakundeek gaitutako baliabideak egoera arintzetik gero eta urrunago daudela da», salatu du Harrera Sareak.

Gainera, erakundeei zifrak estaltzea leporatu diete. «Errealitate honen berri ez dute eman nahi. Errepikatzen duten bakarra dauden baliabideak dira». Eta sareak baliabide hauek handitzea eskatu du. «Agian horregatik, tradizioa hautsiz, Donostiako Udalak ez du agerraldi publikorik egin zenbaketaren emaitza baloratzeko», deitoratu du.

Hala ere, «zifrak ezin direla ezkutatu» nabarmendu du Harrera Sareak. Era berean, azpimarra jarri du kalean dauden 24 emakumeen kasuan. «Sarritan entzun dugu egoera bereziki ahulean dauden pertsonak, hala nola emakumeak eta haurrak, ez direla kalean uzten. Datuek gezurtatu egiten dute».

Horren aurrean, kalean emakumerik ez uzteko eskatu dute, «are gutxiago bere ardurapean haurrak baditu». Bestetik, La Sirena aterpetxea negu osoan irekita egotea eta ostatua eta janaria eskaintzea aldarrikatu dute. Aurreko neguan bi egunetan baino ez zuten ireki. «Ez dugu ulertzen eta ezin dugu onartu bi eskaera horietarako behar den aurrekontua ez hornitzea. Bere zenbatekoa gutxienekoa da udal aurrekontuen barruan, 500 milioira iritsiko omen dena, eta unea egokia da orain aurkeztuko diren aurrekontuetan sartzeko», adierazi dute.