INFO

Desagertu kopururik gabe eta 60 errepide blokeaturik, egoera oraindik hagitz larria da

211 hildako baieztatuta, desagertu kopuru zehaztu gabea, kolapsatutako errepide eta herriak, etxera sartu ezin diren pertsonak, ur eta jaki falta... Herrialde Katalanak, batez ere Valentzia, kolpatu dituen DANAren bosgarren egunean egoera oraindik hagitz larria dela aitortu du Pedro Sanchezek.

Chiva herriko txikizioa erakusten duen argazki bat. (Carlos LUJÁN | EUROPA PRESS)

Herrialde Katalanetan eta bereziki Valentzian egoera oraindik hagitz larria dela eta hamaika arazo eta gabezia daudela aitortu du Pedro Sanchez presidente espainiarrak larunbat honetan, DANAren bosgarren egunean, egindako adierazpen instituzionalean. Moncloako Jauregian, euriteen eraginak aztertzeko laugarren krisi batzordea zuzendu ondotik erran ditu hitzok. Momentuz, 211 hildako daudela baieztatu du, baina ez du eman desagertuen inguruko zifrarik eta gakoa da hori hondamendiaren dimentsioaz jabetzeko.

Presidenteak azaldu duenez, 30.000 pertsona baino gehiagori lagundu diete etxetik ateratzen eta 4.800 erreskate egin dira. Horien artean, emakume bat bizirik erreskatatu dute Benetusser herrian, hiru egun auto barrenean eman eta gero. Lur azpiko pasabide baten hondoan harrapatuta gelditu zen, Babes Zibilak jakinarazi duenez.

Etxe gehienetara (%94) itzuli da argindarra. 148.000 etxetan berreskuratu dute, baina bertze 7.000k gabe segitzen dute, Iberdrolak zehaztu duenez. Horretaz gain, moztutako 555.000 telefono linea berreskuratu dira, eta 240.000 intzidentzia izatetik 14.000 izatera igaro dira. Hala ere, oraindik badira inkomunikatutako inguru eta herri ugari.

«Gure herrialdearen historia hurbileko hondamen naturalik handiena da», baita «mende honetan Europan biktima gehien eragin dituen bigarren uholdea» ere, nabarmendu du. Horregatik, «beharrezko baliabide guztiak jarriko ditu martxan Gobernuak, behar den denbora guztian, egoera tragiko honetan laguntzeko», agindu du.

Gorpuak ateratzen eta identifikatzen

Gorpuak ateratzen eta identifikatzen segitzen dute Valentzian, eta 20 lantalde bidali ditu Gobernu espainiarrak prozesu horiek arintzeko, forentse, psikologo, polizia zientzialari, zenbait gorputegi mugikor eta Polizia espainiarraren biktimak identifikatzeko unitate bat barne dituztenak. «Gau eta egun jarraituko dute bilatze lanek, desagertutako pertsona guztiak aurkitu arte».

Kalte larriak jasan dituen eremua

Presidenteak iragarri duenez, astearteko Ministro Kontseiluak kalte larriak jasan dituen eremu izendatuko ditu DANAk kolpatu dituen inguruak. Gainera, ministerioen arteko batzorde bat sortuko da zona horien «berreraikuntza eta sustatze ekonomikoa urgentziaz eta azkar» egiteko. Ogasun Ministerioak Valentziako Gobernuari «behar dituen larrialdi gastu guztiak egiteko aukera emanen dio, inongo baliabide mugarik gabe».

5.000 militar bidaliko ditu Herrialde Katalanetara Gobernuak, eta horietatik 4.000 gaur bertan iritsiko dira. Bertze 5.000 guardia zibil eta polizia ere igorriko ditu, orotara 10.000 agente.

Astelehenetik aitzinera zerbitzu publikoetan 100 langile berri hasiko dira Valentzian ekaitzaren kalte-ordainen tramitazioa errazteko. Europako Batzordearekin ere harremanetan dago espainiar Gobernua, bertako laguntzak eskuratzeko.

Ura eta jana banatzen

DANAk suntsitutako Valentziako herrietan ur edangarria, janaria eta arropa banatzen segitzen dute. Catarroja, Pedralba, Llombai, Benetusser, Picanya, Torrent, Aldaia, Sot de Chera, Utiel... aunitz dira egoera honetan daudenak. Chivan, gauetik argindarra eta ura eskura dituzte berriro, nahiz eta tarteka zerbitzua moztu.

Milaka lagun, erratzak, saskiak eta denetariko tresnak hartuta La Torre Valentziako auzoan eta l’Horta Sud eskualdeko herrietan garbiketa lanetan laguntzen ari dira goizean goizetik.

Ostegunetik ez du etenik Valentziara behar denean laguntzera joan den boluntario oldeak. Ciutat de les Arts inguruan bildu dira larunbat honetan, hondamendiak gehien kolpatu dituen herrietara autobusez joateko. Ostiralean deialdi ofiziala egin zuen Generalitateak, lagundu nahi zuten hiritarrak goizeko zazpietan elkartu, antolatu eta banatzeko.

Deiak erantzun bikaina izan du eta jendetza batu da. Miguel Salvador Boluntarioen Plataformako presidenteak erran duenez, lortu nahi dutena da sortu den mugimendu hori guztia antolatua, zuzendua, koordinatua egotea».

4.500 komertzio hondatu dira

Valentziako Merkataritza Ganberaren kalkuluaren arabera, 4.500 komertziok jasan dituzte kalteak eta horietako 1.800 inguru suntsituta gelditu dira. Agertu duenez, «DANAk kolpatutako herrietan 845.371 biztanle bizi dira, probintziako %31,8. 65 udalerri hauetan (Valentzia hiriko auzoak barne), 54.289 enpresa daude, probintziako hiru enpresatik bat, 123 industriagune eta enpresa parke, eta 354.000 langile bizi dira, afiliatutakoen %33,5».

DANAk denetariko jarduera ekonomikoei eragin die, nekazaritzatik hasi eta industria eta zerbitzuetara. Udalerri horietatik 32k kalte handiak edo hagitz handiak jasan dituzte, batez ere jende ugari hil delako eta hirigune zabalak eta jarduera ekonomikoa kaltetu delako ere bai.