INFO
Elkarrizketa
Amanda Becker
Kazetaria eta ‘You Must Stand Up’ liburuaren egilea

«Demokrazia osasuntsu bat izateko, abortu eskubidea behar dugu»

AEBetako inkestek inoiz ez bezalako zatiketa ageri dute emakumeen eta gizonen botoen artean, Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala kentzearen ondorioz. Ordutik, ugalketa-eskubideak galdu dituzten estatuetako emakumeen egoera jaso du Amanda Becker kazetariak ‘You Must Stand Up’ liburuan.

Amanda Becker kazetari estatubatuarra. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Demokratek kanpainaren erdigunean jarri dute abortu-eskubidea. Errepublikanoentzat gai deserosoa da. Zer nolako eragina izango du?
Abortu-eskubidea itzultzea da Kamala Harrisen argudio garrantzitsuenetako bat. Kanpaina amaieran, inkestek erakutsi dute gaia boto-emaileen garrantzi-mailan gorantz doala estatu lehiatuetan, 45 urtetik beherako emakumeen artean batez ere. Hala, abortu-eskubidearen eta demokraziaren aldeko mugimendua elkarrekin lanean ikusi ditugu, eta datozen urteetan are gehiago ikusiko dugulakoan nago.

Presidentea eta kongresua hautatzeaz gain, dozenaka galdeketa ere egingo dira. Abortuaz ere bai, herritarrek bildutako sinadurei esker.
Hamar estatutan zuzenean bozkatu ahalko dute abortuaren inguruko babesak gehitu  nahi dituzten estatuetako Konstituzioetan. Estatu horietako batzuetan abortua debekatu dago. Beste batzuetan abortua babestuta dago legislatiboki, baina boto-emaileak ohartu dira legea ezabatu daitekeela, boterean dagoena aldatzen bada. Askoz babes handiagoa ematen du gaia Konstituzioan sartzeak, hori ezabatzea askoz zailagoa baita. Horrek motibatu egiten ditu boto-emaileak. Horrek ondoriorik izango ote duen presidentetzarako lehian, ikusteko dago.

 

 
«Kanpaina amaieran, inkestek erakutsi dute gaia boto-emaileen garrantzi-mailan gorantz doala estatu lehiatuetan; 45 urtetik beherako emakumeen artean, batez ere»



Kansas izan zen, 2022ko uda hartan bertan, lehen galdeketa egin zuena, kasu hartan Konstituzioan zegoen babesa ezabatzeko, inguruko estatu errepublikanoetan bezala debekatzeko. Baina mobilizazio handia egon zen horren aurka, eta abortu eskubidearen aldekoek irabazi zuten galdeketa. Bidea markatu zuen?
Kansas errepublikanoa da, baina ez erdialdean edo hegoaldean dauden estatuak bezain kontserbadorea. Kansasen ostean, 2022ko azaroko agintaldi erdiko bozketetan ere galdeketak egin ziren.

Batzuetan, abortu eskubideak babesteko, besteetan abortuaren aurkako hizkera konstituzioan txertatzeko. Eta ikusi genuen galdeketa horietako bakoitzean abortu eskubideen aldekoek irabazi zutela. Babestea eskatzen zenean, irabazi egin zuten, eta konstituzioan zati antiabortista bat sartzea galdetzean, hura garaitzea lortu zuten; Kentuckyn, esaterako. Abortu eskubideez bozkatu denean, abortu eskubideak irten dira beti garaile orain arte.

2022an uste baino emaitza hobeak lortu zituzten demokratek, abortuaren aurkako ebazpenak sortutako haserreagatik. Berriz gerta liteke orain?
Demokratek zinez uste dute hau lagungarri izango zaiela. Leku batzuetan agian bai, eta beste batzuetan agian ez.

Arizonan, inkestek %74ko babesa ematen diote erreferendumean abortu eskubideari. Demokrata eta independente guztiek alde bozkatuta ere, errepublikanoen arteko gutxiengo esanguratsu bat ere ados dago. Floridan ez dut uste demokratak irabazteko moduan daudenik, baina erreferendumean abortu eskubidea gailendu liteke. Galdeketarako kanpainak emakume errepublikano asko bildu ditu. Kasu pare batean ezetz esan diete goi mailako demokraten babesa jasotzeari. «Gure lana erreferenduma irabaztea da, ez baitezpada Alderdi Demokratari laguntzea. Eta ez dugu gure koalizioko zati bat alienatu nahi», diote. Horregatik, benetan uste dut birkokatze politiko baten aurrean gaudela, eta ez dakigu non amaituko den. Baliteke emakume eta gazte gehiago eramatea Alderdi Demokratara. Gerta liteke, eta ikusten ari gara barruti lehiatuetan, New Yorken eta Kalifornian, esaterako, kongresukide errepublikanoak abortu eskubideen alde irtetea.

 


«Osasun erreproduktiboan lege murriztaileak egiteko motiboetako bat misoginia da. Generoa, arraza eta pobreziaz dihardugu; horiek guztiak elkarri lotuta daude»

 



Abortuaren aurkako lobbya ez da geldi egongo, horratik.
Hainbat gatazka legal daude uneotan. Batzuetan legeak edo haien interpretazioa da auzia. Bestalde, abortuaren aurkakoek abortua babestuta daukaten estatuetan ere sartu nahi dute; haurdunaldiaren hastapenean erabiltzen den botikaren bidez, adibidez. AEBetako abortuen %65 dira; pilula txiki batzuk dira, eta erraza da estatu batetik bestera eramatea, edo bidaltzeko agintzea. Horregatik, abortuaren aurkako mugimenduaren lehentasun bihurtu da hori mugatzea, izan XIX. mendeko lege batekin edo auzibidez, Botiken Administrazioak 2000. urtean emandako onarpenaren aurka joz. Bestetik, galdeketak oztopatzeko ahaleginak egiten ari dira. Badakite hautesleek abortu eskubideak estatuko konstituzioan babestea onartuko dutela. Hori gertatu aurretik urrats antidemokratikoak egiten saiatzen dira, prozesuari edo galderaren formulazioari helegiteak jarriz.

Floridan etxez etxe ibili  dira erreferendumari buruz bildutako sinadura benetan pertsona horrena ote zen egiaztatzen.
Oinarrizko eskubideen aurka doa eta espero dut baten batek auzitara eramatea, denon zergen dirua egitasmo politikoetarako erabiltzeagatik. Maila guztietan daukagu eskubide erreproduktiboei buruzko gerra bat, estatuetan, lekuko auzitegietan, estatukoetan eta federaletan.

 

Amanda Becker “You Must Stand Up” (“Zutitu egin behar duzu”) liburuaren aurkezpen batean. (Urtzi URRUTIKOETXEA)



2022an sekulako lurrikara izan zen abortu eskubide konstituzionala ezabatzea, baina zu ordurako liburu-proiektuarekin zeunden.
Roe (abortu eskubide konstituzionala) erortzear zela filtratu zenean, bizitzan zehar ezagutu nituen emakumeek idatzi zidaten, nola eragingo zien galdezka. Estatu batzuek prest zituzten debekuak, berehala sartu ziren indarrean. Ohiko mediku-arreta zena legez kanpo geratu zen. Jende asko ezustean harrapatu zuen albisteak. Liburu-proiektua aurkeztean editoreek galdetzen zidaten: «Proposamen ona da, baina gertatzen ez bada?» Eta esaten nien, «gertatuko da». Hortxe zeuden zantzuak, Auzitegiko bistako adierazpenak, baina askok ez zuten espero, 50 urte eta gero ziurtzat jotzen baitzuten Roe.

Liburuan begirada abortua ahalbidetzen duten pertsonengan, kliniketan eta langileengan jarri duzu, pazienteengan baino gehiago.
Zaintza eta arreta medikoa ematen dutenek badakite nola konpondu gaitzak eta arazoak, badute ezagutza, ikasketak, tresneria, baina galarazi egin zaie pazienteei laguntzea. Honetarako prestatzen ari ziren eta laguntza eman zezaketenen bila nenbilen. Robin Marty Tuscaloosan dago, Alabaman. Ez da osasun-langilea berez. Osasun eta eskubide erreproduktiboekin ari zen lanean blogosfera progresistan, eta duela zenbait urte ikusi zuen Roe eroriko zela. Pentsatu zuen: «Modu zuzen batean hasi behar dut zaintza eta arreta bideratzeko lanean». Haren bidez egin nuen beste mediku batzuekin konexioa.

Medikuntza-ikasle bati ere jarraitu nion. Nola irakasten diozu, nola prestatzen duzu norbait ginekologo-obstetra izateko, osasun-zaintzaren oinarrizko zati batzuk ikastea debekatuta dagoen estatu batean? Kentuckyn eguneroko boto-emaileei jarraitu nien, errepublikanoa den estatu batean abortu eskubidea are gehiago murriztu nahi zuen erreferendum batean kanpaina egiten. Haietako bat sekula ez zen atez ate ibili, baina esan zuen «aski da, kalera noa».

Emaginei erreparatzen diezu.
Osasun erreproduktiboan lege murriztaileak egiteko motiboetako bat misoginia da. Generoa, arraza eta pobreziaz dihardugu; azken batean, horiek guztiak elkarri lotuta daude. Klinika askok abortuak egiteari utzi behar izan diote. Emaginen aurka jo dute, eta fetua legez pertsona gisa hartzeak oso ondorio larriak ditu. Emakume beltz bat baino gehiago, osasun-sistemarik ia ez dagoen hegoaldeko lekuetan, doula edo emaginaren laguntzarekin erditzen da. Baina gertatu da erditzea txarto joatea, haurra hilik jaiotzea, eta emagina edo ama ere auzipetu dezakete.

 


«Ezingo duzu lehengora egin; herritarren konpromisoa beharko da horretarako. Etsipena da erregimen autoritarioen tresnetako bat»



«Erresistentzia kreatiboa» aipatzen duzu liburuan.
Gabrielle Goodrich doktorea da horren adibide argia. Abortuak egiten ditu; beraz, bere esparrua medikuntza da, ez estrategia legala. Baina gai izan da bere ezagutza medikoa erabiliz neurri murriztaileei iskin egiteko. Arizonan 15 astera mugatu zuten, gero lege zahar batekin guztiz debekatu, berriz ere 15era itzuli, eta Goodrich doktoreak garai kaotiko horretan sistema bat eratu zuen aborturako botikak Kalifornia eta Arizonako mugara bidaltzeko. Eta hango doktoreekin ere hizketan hasi zen, Signal bidez AEBetako beste batzuekin, eta informazioa partekatzen.

Itxaropena dario liburuari.
Gaiaz idatzi duten beste emakume batzuekin mahai-inguruan nengoela galdetu zuten ea abortu eskubidea berriz ere federalki aitortuko den uste genuen eta baietz esan nuen. Beste batek ezetz. Roe desegitea abortuaren aurkakoen 50 urteko egitasmoa izan zen. Ezingo duzu lehengora egin berehala, herritarren konpromisoa beharko da horretarako. Etsipena da erregimen autoritarioen tresnetako bat. Demokrazian bizi zarenean, parte hartu behar duzu, boto-emate hutsaz harago ahal dela, demokrazia osasuntsu egon dadin. Nire liburuan aurkeztu ditudan pertsona guztiek demokrazia osasuntsu bat izateko zein rol izan dezaketen hausnartu dute. Demokrazia osasuntsu bat izateko, abortu eskubidea berriz ezarri behar dugu.