INFO

Euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean pausoak emateko garaia dela dio Kontseiluak

Iazko azaroaren 4ean Bilbon euskararen kontrako oldarraldia salateko manifestazio jendetsua egin zenetik urtebete pasa denean, aurrerapausoak emateko garaia dela nabarmendu du Kontseiluak.

Duela urtebete euskararen oldarraldiaren kontra Bilbon egin zen manifestazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urtebete pasa da Bilbon euskararen kontrako oldarraldiaren kontrako manifestazio jendetsua egin zenetik. Hamabi hilabete eta gero Kontseiluak egin duen balorazioan, bere kezka azaltzen du. «Oldarraldiak ez du etenik izan; auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza-eskubideak gutxiesten jarraitu dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, gero eta interpretazio murriztailegoarekin», nabarmendu du.

Honen aurrean esperantza izpiak ere baudela gaineratu du Kontseiluak. «Epai euskarafobo bakoitzeko, herritarren eta afektatuko langileen mobilizazioak ikusi ditugu, erantzun irmoak euskararen normalizazioaren defentsan. Era berean, hainbat aditu eta juristak luzatu dute administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma aldatzeko proposamena, Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, funtzio publikorako sarbidean euskararen ezagutza orokortzeko. Beraz, bada egungo egoera gainditzeko proposamen gauzagarria», azaldu du.

«Aurre egiteari utzi, aurrera egin»

«Azken batean, aurre egiteari utzi eta aurrera egiten hasteko garaia da. Euskararen normalizazio eta biziberritzea atzeraldi arriskutik ateratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza -politiketan jauzi sendo bat egitea. Oldarraldiak premiazko jauzia eragozteaz gain, iraganeko eszenatokietara garamatza, azken hamarkadetako adostasun politiko eta soziala hautsita», aldarrikatu du Kontseiluak.

«Alde horretatik ere, azken urtebete honetan Kontseilua ez da geldirik egon. Akordio sozio -politiko berri bat bideratzeko konpromisoa hartu zuen iazko azaroaren 4an gizartearekin, eta horretan ari gara buru-belarri Batuz Aldatu dinamika sozialeko talde eragilearen bidez. Dinamika horrek jada badu adostasun sozialaren oinarria norabidetuta: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoen hedapena. Bide horretatik, luze gabe egingo du ekarpen zehatzagoa, euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu, eta, horrenbestez, gizarte kohesioa, justizia soziala eta bizikidetza indartzea xede», gaineratu du.