Giza baliabide gehiago abiatu dira Euskal Herritik Valentziara berreskuratze lanetan laguntzeko
Ehun suhiltzaile inguru abiatu dira asteburuan Hego Euskal Herritik Valentziara DANAk kolpatutako tokietan berreskuratze lanetan laguntzeko. Astelehen honetan DYAko 18 boluntario atera dira, beste lau ibilgailu eta bi anbulantziarekin.
Igandean 69 suhiltzaile abiatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik Valentziara berreskuratze lanetan laguntzeko. Lakuako Gobernuak iragarri zuenez, 21 ibilgailu eraman zituzten eta 114 hustubide ponpa, garajeetan eta, batez ere, estoldetatik pilatutako ura atera ahal izateko.
Euskal herritarrek osatutako lantaldea handitu egin da astelehen honetan, izan ere 15.00etan atera dira EAEtik DYAko boluntarioak. Asteburuan karpak eta bestelako materialak eraman zituen Bizkaiko DYAren logistika ibilgailua abiatu zen Valentziara, eta gaur beste lau ibilgailu eta bi anbulantzia atera dira. 18 boluntario joan dira guztira.
Gainera, DYAk ohar batean nabarmendu duenez, Nafarroatik abiatutako boluntarioak ere badira Valentzian.
Horietaz gain, asteburu honetan Nafarroako hogeita hamar bat suhiltzaile eta Foruzaingoko hogei bat agente joan dira Valentziara. Ibilgailuak, ekipamendua eta materiala eraman dute, herritarrei laguntzeko prest.
Maria Chivite lehendakariak astelehen honetan laguntza modu koordinatuan egiteko beharra azpimarratu du, «Valentziako Gobernuak eskatzen digunaren arabera». «Larrialdi egoera batean garrantzitsua da koordinatu egotea. Ez da ideia ona baliabide asko edukitzea, ondo antolatzeko gai ez bazara», adierazi du.
«Gobernu gisa dugun helburu bakarra biktimei laguntzea da», gaineratu du, eta hasieratik laguntza eskaini dutela ohartarazi du, Valentziako Gobernuari baita Gaztela-Mantxako Gobernuari ere.
Erakundeek bidalitako laguntzaz aparte, ugari dira DANAk kolpatutako herriei eta valentziarrei laguntzeko Euskal Herrian abian jarri diren ekimenak.