Michelinek eszedentzian dauden langileen itzulera ukatzen duela salatu du LABek
Michelinek eszdentzian dauden langileen itzulera ukatzen ari dela salatu du LAB sindikatuak. Azkenaldian, langileen kontrako beste neurri batzuk ere hartzen ari direla gaineratu du.
«Akordioz lanpostua gordeta duten eta esperientziadun langileak berriro ere haien lanera itzultzea eragozten ari da Michelin, eta hauek kalean ikusten dute euren burua lanera bueltatzea tokatzen zaienean», salatu du LAB sindikatuak.
«Pertsona horiek akordioan jasotako aurreabisua betetzen dute, hau da, lanera itzuli baino hiru hilabete lehenago jakinarazten diote enpresari itzultzeko asmoa, baina enpresak ez du ezer egiten egun gutxi batzuk lehenago arte, horrek sortzen duen segurtasun faltarekin», azaldu du sindikatuak.
«Lanera itzultzea eskatzen duten langileak jasotzen ari diren erantzuna izaten da beren lanpostura jada ez da existitzen, eta enpresarekin duten harremana iraungita geratzen dela esaten diete. Horrela, besterik gabe. Michelinera itzultzeko lan bat utzi beharrean egon zaitezke, eta lanera itzultzeko bi egun falta direnean, kalean uzten zaituzte, auzitara eramatera behartuz», gaineratu du LABek.
Ia 40 urte lanean, etxetik 200 kilometrora
Kasu gordin bat aipatzen du sindikatuak egoera hau salatzeko zabaldu duen oharrean. Izan ere, 1980ko hamarkadan Michelinen sartu zen langile bat, ia 40 urte lanean daramatzana, ama alarguna zaintzeko urtebeteko eszedentzia eskatu zuen, seme bakarra izanda. Itzultzeko, Aranda de Duerora, etxetik 200 kilometrora bidali nahi dute. «Okerrena da, pertsona horrek lanera itzultzea ekainean eskatu arren, enpresak epea amaitu baino lau egin lehenago erantzun ziola lekuz aldatu zutela. Zer errespetu klase da hau pertsonekiko? Hori da enpresan hamarkadak lanean daramatzan pertsona batek merezi duena?».
LABek gogoratu duenez, duela hilabete batzuk enpresak lanpostuak suntsitzeko «zigor-politika basatia» aplikatzen ari zela salatu zuten, inoiz baino zigor gehiago eta larriagoak jarriz eta kaleratzeak iragarriz.
«Praktika horien azken adibidea duela aste gutxi izan genuen. Enpresak bidegabetzat aitortu zuen iaz zigor oso larria jaso zuen langile bat kaleratu izena, epaiketan beste langile baten lekuko gisa deklaratu ondoren. Azken langile hori ere kaleratu egin zuten aurretik zigor baten ondorioz», azaldu du sindikatuak.