Etxean «arrano» eta Europan uso dabil Ludogorets, Athleticen hurrengo arerioa
Athleticek Ludogorets bisitatuko du ostegun honetan, 18.45etatik abiatuta. Europan goibel dabiltza Razgradeko arranoak baina Bulgariako liga 13 aldiz erreskadan irabazitakoak dira. Lehoiek, Europa League-ko sailkapeneko lehen zortzien artean kokatuta, gora begira jarraitu nahi dute.
Arrano eta lehoien arteko lehia izango da ostegun honetan Huvepharma Arenan jokatuko dena (18.45ean hasita). Bulgariako ligan menderaezina den Ludogorets bisitatuko du Athleticek. Menderaezintasun, hori baina, izan daiteke hain justu zuri-gorrien aurtengo ezaugarrietako bat, oso zaila baita hauek porrotera bideratzea. Azken bi hilabeteetan, porrot bakarra jaso dute, Gironaren aurka, ligako bederatzigarren jardunaldian.
2012tik, hamahiru aldiz erreskadan irabazi du Bulgariako liga Ludogorets taldeak eta meritu propioz bilakatu da herrialdeko talde boteretsuena, egun CSKA Sofia eta PFC Levski Sofiaren aurretik kokatuz. Noski, aipatu bi talde hauen balentria oraindik oso urrun dauka Razgradeko klubak, 31 eta 26 liga irabazi baitituzte, hurrenez hurren.
Kasik igaro dira 80 urte Ludogorets klub bezala sortu zenetik. 1945. urtean jokatu zituzten lehen futbol partidak, Bulgariako hirugarren mailan hasita eta ia bi hamarkada geroago lortu zuten bigarren mailara igotzea. Dena dela, egungo mendera arte ez zuten lortu futbol profesionalean mantentzea eta behin lekua eginda, erakutsi duten nagusitasuna deskribaezina da. Hainbat buruhausteren ostean, Ivalo Petev entrenatzaile zela, 2009. urtean berriro lekua egin zuten bigarren mailan –hain zuzen ere, izen berriarekin bersortu zuten urte berean– eta 2011an igo ziren lehen aldiz elitera, Kiril Domuschiev enpresaburu eta industrialari bulgariarra klubera iritsi zenean.
Hain zuzen ere, klubaren poltsikoak puztuko zituen norbait iritsi eta berehala, gailurra egiten hasi ziren Razgradeko arranoak, 2012an irabazi baitzuten beren historiako lehen liga eta ordutik, geldiezinak dira. Inoiz ez du talde bakar batek ere Bigarren Mailatik igo ondoren eliteko ligan hainbeste titulu jarraian lortu.
Entrenatzaile aldaketa
Ludogoretsek, baina, bi aurpegi ditu etxean eta Europan. Ligan lehen sailkatua da, 12 partida irabazita, bat berdinduta eta porrotik gabe (37 puntu). Nagusi da txapelketa honetan, hamahiru jardunaldi jokatuta, kasik hamar puntuko aldea ateratzen baitio bigarren sailkatu Potev Plodiv taldeari (28 puntu).
Etxean bai ‘arrano’ baina kanpoan, nazioartean, uso bilakatuta dabil Razgradeko taldea eta nazioarteko ibilbide honek nahikoa buruhauste eragin dizkio klubaren zuzendaritzari. Dagoeneko, Europako porroten baitan, bi entrenatzaile kargugabetu dituzte. Lehendabizikoa, abuztuan, Txapeldunen Ligako hirugarren atarikoa galdu ostean, Qarabaq taldearen aurka. Hori nahikoa ez eta Europa Leaguen Slavia Pragaren aurkako porrotak ere (0-2) hautsak harrotu zituen. Zahari Sirakov, bigarren taldetik igo berria, izan da orain arteko entrenatzailea baina aho bizarrik gabe hau ere kaleratua izan da. Orain, Igor Jovicevic-en kargura dago taldea eta bere hirugarren Europako partida zuzenduko du, hain zuzen ere, ostegun honetan, Athleticen aurka. Aurretiaz, berdinketa lortu zuen Plzen taldearen aurka eta 0-2eko porrota Anderlecht-en kontra.
Razgradeko taldea osatzen duten jokalarien zerrenda ezezaguna izan daiteke jende askorentzat baina munduko beste liga batzuetan trebatutako jokalari mordoa dute taldean, eskarmentu handikoak. Horren adibide dira Sergio Padt (atezain herbeherearra), Edvin Kurtulus (defentsa suediarra), Olivier Verdon (defentsa frantziarra, Alavesen aritutakoa), Jakub Piotrowski (erdilari poloniarra), Pedro Naressi (erdilari brasildarra), Bernard Tekpetey (Iñaki Williamsen taldekidea Ghanako selekzioan) eta suitzako Kwadwo Duah eta argentinako Matias Tissera aurrelariak.
Bulgariako selekzioko zenbait jokalari ere baditu: Spas Delev (erdilaria), Ivaylo Chochev (erdilaria), Anton Nedyalkov (atzelaria) eta Ivan Yordanov (erdilaria).
Ludogoretsek puntu bakarra lortu du aurten Europa League eraberrituan, Viktoria Plznen aurka egin zuen berdinketari esker. Sailkapeneko 33. postuan dago kokatuta (36 taldek osatzen dute sailkapena), hurrengo fasera igaroko liratekeen taldeen mozketatik kanpo.
Athletic, zortzigarren eta Sancet, deialdian
Athletic, bestalde, saskibaloian hain estimatua den Top8-an dago kokatuta eta emaitza on batek, gora begira jarriko luke. Ernesto Valverderen taldea oso sendo dabil, bai ligan eta bai Europan. Menderatzeko talde oso zaila da –azken bi hilabeteetan partida bakarra galdu du, Gironaren zelaian (2-1) eta sabaia oraindik jotzeke daudela erakusten dute partidaro. Valverdek, gainera, Sanceten lesioaren buruhaustea ere konpondu du, azkenean deialdian sartu baita. Dena dela, gauzak ondo bidean, atseden hartu beharko luke Mendillorriko erdilariak, belauneko lotailu gurutzatuan daukan bihurritua ongi sendatzeko.
Guruzeta eta Jauregizar dira, beraz, zuri-gorrien baja mediku bakarrak. Biek ala biek, bizkarreko arazoak tarteko, harmailetik ikusi behar izan zuten bere taldea Betisen aurka (1-1), aurreko igandean.
Europako bide onari jarraipena ematea izango dute xede zuri-gorriek. Hiru partida jokatuta, zazpi puntu batu dituzte, Erroman berdindu eta etxean jokatutako beste biak irabazita (AZ Alkmaar eta Slavia Praga). Lehen zortzien artean dago Athletic, dena irabazi duten Anderlecht, Lazio eta Tottenhametik bi puntutara.