Errigoraren auzolana egin dute Ablitasen eta elkartasuna biderkatzeko deia egin dute bertatik
Dozenaka lagun elkartu dira larunbat goizez Ablitasen, Errigoraren proiektuari, auzolanaren bitartez, bultzada emateko asmoz. Bultzada indartsua, bide batez: 4.000 saski prestatu dituzte.
‘Euskarari Puzka’ lelopean, aurten ere kanpaina nazionala egiten ari da Errigora eta, larunbat honetan, Ablitasen elkartu da lagun andana Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintzako eragileei laguntzeko.
Sarekideak, ekoizleak, Agerreko euskalzaleak, euskaltegietako irakasle eta ikasleak... Errigorako komunitate osoko bolondresak lanean aritu dira Abiltasen larunbat goizez eta, guztien artean, saski ekologikoen 4.000 ale prestatu dituzte, elkarteak ohar batean jakinarazi duenez.
Auzolanera hurbildu direnek zonaldeko errealitatea ezagutzeko parada ere izan dute; Erriberako AEK, Lodosa Ikastolako eta Agerraldiko kideen eskutik.
Bost egun besterik ez dira falta urriaren 24an abiatu zen elkartasun kanpaina nazionala amaitu dadin (azaroaren 14an), eta Ablitasko auzolanak bultzada handia eman dio ‘Euskarari Puzka’ ekimenari. Gainera, Nafarroa hegoaldeko herritik, Errigoraren komunitateko 200 lagunek Euskal Herri osora mezu argia bidali nahi izan dute: elkartasuna biderkatzekoa.
Horretarako, saskiak eskatzeko deia luzatu diote euskalzale guztiei. Eskaerak errigora.eus atarian egin daitezke azaroaren 14ra arte. Bertan, saski gorri, berde eta beltza eskatu daitezke eta, horiekin batera, baita ‘Agertuz’ karta jokoa ere.