‘Politeismo bastarta’, Jule Goikoetxea lau egunez Angela Davisen bizkartzain izan zenekoa
Angela Davisekin lau egun igaro zituen Jule Goikoetxeak eta egun horietan oinarrituta nobela bat idatzi du: kronika, saiakera eta eleberriaren arteko nahasketa bat da. Davisekin zein ingurukoekin izandako elkarrizketak, bere burutazioak eta liburu azokako hitzaldiak daude jasota, besteak beste.
Jule Goikoetxeak ondutako ‘Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin’ nobelaren hasieran ohar bat dago: «Egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala». Izenburuarekin eta ohar horrekin susma daiteke zer aurkituko den ia 140 orrialdeetan zehar, baina sakontasunez azaltzeko, gustukoa baitu Goikoetxeak pentsamenduen sakonera jauzi egitea, astearte goiz honetan egin dute liburuaren aurkezpena, lagunez inguraturik.
Leire Lopez Susako editoreak egin du lehen argipena: «Nobela da, ziurrenik, genero guztien artean, malgutasun handiena garatu duena beste genero batzuen ezaugarriak barnebiltzen dituelako. Baina badu kronikatik, badu saiakeratik, eta, azkeneko orrialdeetan, poesiara ere hurbiltzen da». Bertan jasotzen dira bi pentsalarien arteko elkarrizketak, Generalitateko politikariekin bildu zirenekoak, hitzaldien zatiak, hoteleko garbitzaileekin partekatutakoak, ikasleekin, jainkosak, Buladak –oraindik Wikipedian definiziorik aurkituko ez dugula aitortu duen arren–, gidari ofizialak… «Guztiak harilkatzen joango dira eta liburuaren amaieran ehun sendo bat sortuko da», adierazi du idazleak.
Maiatzaren 24tik 27ra Fira Literal liburu erradikalen azoka egin zen Bartzelonan, 10. urteurrena dela eta zerbait berezia egin nahi zuten eta «lau filosofo handi» gonbidatu zituzten, tartean izan zen Angela Davis, eta baita Goikoetxea ere, Davisen «bizkartzaina». Lopezek beste izenburu posible eta zuzenago bat ere proposatu du aurkezpenean, irri txikiarekin: «Lau egun Jule Goikoetxearen buruan Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilten bitartean».
Editoreak berak gaineratu du lau egun horiek aitzakia besterik ez direla politikaz eta feminismoaz pentsatzeko. «Helburua da kosmobisio berri bat, beste iruditegi kolektibo eta autoantolatu bat sortzea etorkizun berri bat sortzeko ahalmenarekin eta etorkizun berri hori irudikatzeko ahalmenarekin», azaldu du Goikoetxeak. Eta aitortu du nobela bat dela, nahiz eta bere pentsamendu filosofikoa zabaltzeko «dispositibo bat» den, «argi eta garbi».
Lopezen ustez «txorrotada handi bat balitz bezala» irakurtzen da liburua, eta esan du gauza ezberdin asko lotzen dituela etengabe, esalditik esaldira estilo biziarekin. «Paragrafo oso gutxi ditu eta ideia ideiari batzen zaio», argitu du; eta bere ustez bi ardatz nagusi ditu liburuak: bizitzeko gogoa eta diziplina.
Bizitzaren dimentsioak
Liburuaren aurkezpena landu dituen zenbait ideia gako azaltzeko baliatu du Goikoetxeak. Batetik, Davisek 80 urte dituela baliatu duela azaldu du denborazkotasun ezberdinak lantzeko, «garrantsitsua da perspektiba historikoa», zehaztu du, eta horrek dimentsio ezberdinak lantzeko balio izan diola nabarmendu du.
Ana Maria eta Mariña hoteleko langileak pertsonaia bihurtu ditu eta horrek «bizitza zertaz egina dagoen kontatzeko» aukera eman diola azaldu du: «Bizitzaren dimentsio zientifiko eta filosofikoak uztartu ditzaket komunak eta ipurdia musutruk garbitzearekin. Horregatik dute komuneko Buladek toki berezia, txikitasunetik handira doa bizitza, komun zulotik kosmosera, handitik txikira nobela, jainkosetatik ezer ez diren horietara, makropolitikatik mikroekonomiara».
Eta jarraian adierazi du kosmobisio zientifiko batzuek errealitate zehatz batzuk sortzen eta birsortzen dituztela, eta horregatik iruditzen zaiola garrantzitsua errelatoa aldatzea: «Errealitate guztiek ez dute pisu bera, ez dute materialitate bera». Eta etorkizunari egin dio so jarraian: «Momemtu honetan ditugun fikzio erreal horiek guztiak etorkizunik gabe uzten gaituzte, bizitza duinaren aurkako artefaktuak direlako. Horregatik, kontuz, fikzioak asko pisatzen duelako, materiala da, ez da ideia sorta bat ilustratu moderno idealistez populatua daukagun ezkerreko askok pentsatzen duten moduan. Kontakizuna zaindu behar da».
Maiatzak 24-Maiatzak 27
Lau eguneko kontakizuna jasotzen du liburuak, eta aurkezpenean ere egun bakoitzaren zertzelada batzuk eman ditu. Lehenengoa hotel batean hasten da, Goikoetxea Davisekin elkartzeko prestatzen ari dela, eta monoteismoaz, jainkosez eta botereaz dihardu.
Bigarren egunean jada azokan ematen diren hitzaldi zatiak jasotzen dira, eta afaltzera bidean izaten duten taxiko bidaia bat izan du aipagai. Hirugarren egunean Generailtateko presidente eta poliltikariekin biltzen dira, eta Euskal Herriko zein Kataluniako politikagintzaz hitz egiten dute.
Eta azken egunean, laugarrenean, hoteleko langileek bestetan baino pisu handiagoa hartzen dute. Azken hiru-lau orrialdeak poetikoagoak direla aitortu du Goikoetxeak, eta kontakizun osoaren «izpiritu materiala» jasotzen dutela.