INFO

Endesa Ligako lau euskal taldetik hiru sailkapeneko zuloan daude

Orain arte garaipen bakarra daukate IDK Euskotrenek, ligako azkenak, Araskik eta Ardoik, eta Perfumerias Avenida, Joventut eta Ensino izango dituzte aurrez aurre. Bi garaipenekin baina sentsazio onegirik gabe, Lointek Gernika Bizkaiak Ferrol talde arriskutsua hartuko du Malosten.

IDK Euskotren Emakumeen Endesa Ligako azken sailkatua da uneotan. (Jon URBE | FOKU)

Azaroaren 1eko jardunaldiaren ostean Emakumeen Endesa Ligak etena izan zuen 2025eko Emakumeen Eurobasketa jokatzeko sailkapen partidak jokatu zirelako hilaren 7an eta 10ean. Behin partida hauek jokatuta, emakumeen saskibaloi liga martxan da berriro, eta denbora berreskuratze aldera, jardunaldi bikoitza jokatuko dute taldeek: ostegun honetan lehenengoa eta bigarrena igandean.

Euskal taldeak ere logika horren barruan daude, noski, eta ez nahiko luketen moduan gainera. Bost jardunaldi jokatu ostean Lointek Gernika Bizkaiak bakarrik irabazi ditu bi neurketa; osterantzean IDK Euskotren, Kutxabank Araski eta Oses Construccion Ardoi garaipen banarekin, sailkapen nagusiko zuloan daude.

Partida bat gutxiago jokatuta –Valentzia Basketen kantxan jokatu beharrekoa, baina DANA dela-eta atzeratu beharrekoa–, IDK Euskotren da Emakumeen Endesa Ligako azken sailkatua. Egia da Emakumeen Eurocupean bere partida guztiak irabazi dituela orain arte, baina ligan ez du atarramendu onik atera hasiera honetan. Jairisen aurka liga hasiera zaila izan zuen eta galdu egin zuen, baina etxetik kanpora Kanaria Handia eta Celtaren aurka irabazi beharreko neurketetan kale egin du Azu Muguruzaren taldeak eta Estudiantesen aurka etxean, beste partidarik ez du eraman oraindik. Eta ostegun arratsaldeko dema –19.30etan, Josean Gascan kiroldegian– ez da badaezpadakoa, Perfumerias Avenida izango baitu aurrean.

Egia da Salamancako taldea aspaldiko eskasen dabilela denboraldi hasiera honetan. Bost jardunaldi hauetan hiru garaipen pilatu ditu, baina Basket Zaragoza eta Kanaria Handiaren aurka porrot oso mingarriak jasan ditu etxean. Nolanahi, Sika Kone, Laura Gil, Arica Carter, Mariela Fassoula edo Iyana Martin bezalako jokalariak dituen talde bat inoiz ez da badaezpadakoa.

Azu Muguruzarenek Iris Mbulito berreskuratu dute behintzat, orkatilako lesio bat nahi baino gehiago luzatu eta gero. Ondorioz, taldea osorik dauka talde donostiarrak eta etxean jokatzen duelarik, Perfumerias Avenidari aurre egiteko kapaz beharko luke izan, nahiz eta garaipenak garesti egoteko traza duen.

Etxetik kanpora

Kutxabank Araskik eta Ardoik, biek ala biek etxetik urruti jokatuko dute: 20.00etan gasteiztarrek Joventuten aurka eta Lugoko Ensinoren etxean nafarrek, 20.15etatik aurrera. Kutxabank Araskik egundoko partida jokatu ostean Basket Zaragoza talde boteretsua bota zuen ligako bigarren jardunaldian. Baina handik aurrera, bereziki Lointek Gernika Bizkaiaren aurka euskal derbia 43-53 galdu eta gero, lan txarren aurrean burua makurtu behar izan du. Euskal derbia galtzeaz gain Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen duen Gironaren kantxan amore eman zuen azken laurdenean eta azken jardunaldian, berriz, Mendizorrotzan Murtziako Jairisek hankapean erabili zuen Made Urietaren taldea.

Badalonako Joventut –ACB Ligako taldearen emakumeen taldea, hain zuzen– Emakumeen Endesa Ligara iritsi berria da, baina dagoeneko bi garaipen pilatu ditu eta Valentzia Basketen aurka izan ezik, galdu dituen neurketak ere oso estu joan dira. Aurrez elitean eskarmentua duten jokalariek zeresan handia dute kasu honetan; dela IDK Euskotrenen aritutako Mariam Coulibaly pibota, dela Araskin jokatzea zer den badakiten Anna Cruz edo Katarina Zec hegalekoak, besteak beste.

«Aste oso bat izan dugu aurreko emaitza txarrak ahaztu eta sentsazio onak berreskuratzeko», adierazi du Montse Brotons, Kutxabank Araskiko pibotak. Jokalari katalanaren ustez «helburu hori bete dugu, baina orain entrenaldi hauetan guztietan hobetu dugun hori erakusteko momentua da. Kostako zaigu, Joventutek erritmo handia sartzen dielako bere neurketei, baina beren maila berdintzen ahaleginduko gara eta ea irabazten dugun».

Ardoik, bestalde, bere aurreneko garaipena eskuratu zuen azaroaren 1eko jardunaldian. Imani Tate hegalekoaren lan bikaina buru, Juantxe Ferreirak zuzentzen duen taldeak Celtari irabazi zion; hau da, «bere ligako» aurreneko aurkaria menpean hartzea lortu zuen aurreneko jardunaldietan oso aurkari zailen kontra galdu ostean.

Ensino berez Emakumeen Ligan zortzi onenen artean sartzeko borrokan egon beharko litzateke, baina partida bakarra irabazi du orain arte: aurreneko jardunaldian Gernikari Malosten irabazi zionetik, ligako ibilia ezin zuzenduta dabil Lugako taldea. Ardoik, Lotta-Maj Lahtinen antolatzaile finlandiar iritsi berria lagun, galiziarren momentu txarra baliatu nahiko du eztena sartu eta bigarren garaipena patrikaratzeko.

Ferrolen aurka Mikesell gabe

Malosten jokatuko du Lointek Gerniak Bizkaiak, 20.00etan Ferrol taldearen aurka. Galiziarra talde apala da berez baina fitxaketa onak egin ditu aurten: Blanca Millan, Noa Morro –Valentzia Basketek lagata– edo Pospisilova, esaterako. Ondorioz, aurreneko bost jardunaldietan hiru garaipenekin daude galiziarrak.

Bizkaitarrek, aldiz, bi garaipen dituzte bakarrik –hamaseitik hamaikagarrenak dira–, Araski eta Ardoiren kontra irabazitako derbiak, hain zuzen. Hilaren 1eko jardunaldian bertan izan zuten hirugarren garaipena ere Cadi La Seuren kantxan, baina 12 jaurtiketa libre bota eta 4 bakarrik sartzen duen taldeak nekez lortzen du garaipena eta 65-62 galdu zuen azkenean.

Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak hainbat jokalari galdu ditu gainera jardunaldirik gabeko aste honetan selekzio ezberdinen deialdietan azaldu baitira. Itxura baten onik itzuli dira... itzuli direnak. Izan ere, ezusteko nagusiena gernikarren artean Taylor Mikesellek eman du. Hegalekoa ez da AEBtatik itzuli eta bere agentearen bidez jakin du talde bizkaitarrak jokalariak kontratua etetea eskatu duela.

«Ezustekoa eta etsigarria izan da Mikesell ez itzultzea, lan eta itxaropen handia jarrita geneukan-eta jokalariarengan, udatik hasita. Ikusi dugu bera bizi zen etxebizitza hutsik zegoela eta bere agentearen bidez jakin dugu kluba lagatzeko intentzioa duela jokalariak. Ondorioz, taldeak dagozkion lan eskubideak erabili ditu jokalariarekin zuen lan harremana eteteko», adierazi du Lucas Fernandez entrenatzaileak.

Hain zuzen, Lointek Gernika Bizkaiak zuen kanpoko jaurtitzaile finena zen Taylor Mikesell. Beraz, hegaleko estatubatuarra joan delarik, ordezko bat bilatu beharko du talde bizkaitarrak.

Hortaz, gernikarrek badute lanik aurretik; izan ere, aurkariek ikusi dute urrutiko jaurtiketetan ez dabiltzala fin eta uztaipea ixten dute hirukoak botatzera behartuz bizkaitarrak. Hauek, ordea, %30 baino gutxiago asmatu dute urrunetik eta hirukoetan zenbat eta gutxiago asmatu, orduan eta gehiago itxiko dira Lointek Gernika Bizkaiaren arerioen defentsak.

Horrez gain antolatzaileen lana ere ez da horren ona. Ane Olaeta eta Itziar Ariztimuño jokalari onak dira baina ez dute beren mailarik onena aurkitu denboraldi hasiera honetan. Bada, Lucas Fernandezek Elena Buenavidari eman dio sarritan antolatzaile postuan aritzeko lana eta Valentzia Basketek utzitako jokalari kanariarra fin ahalegintzen ari bada ere, nabari du antolatzaile postua ez duela berea eta berari bezala, taldeari ere kostatzen ari zaio aurrera ateratzea korrika egiteko modurik aurkitu ezean.

Oraindik denboraldia hasi baino ez da egin, baina pena da euskal taldeak hain behean ikusi beharra.