INFO

Oronozko Lanbide Eskola ez gauzatzeko arriskua agerian dagoela salatu dute langileek

Nafarroako Hezkuntza Sailak Oronozen eraikitzekoa zen Lanbide Heziketako ikastetxe berriaren proiektua gelditu du, aurrekontuak direla medio. Eskola komunitatea ez dago konforme, eta hainbat itxialdi eta ekintza hasiko ditu. Dei zuzena egin die Hezkuntzari eta Legebiltzarreko agintari guztiei.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Elizondo Lanbide Eskolan ez daude konforme Baztan Bidasoko Lanbide Eskolaren proiektua eta obra atzeratzerarekin. Gainera, proiektua ez gauzatzeko arriskua ikusten dute. Eskola komunitateak hainbat itxialdi eta ekintza eginen ditu, aste honetan bertan hasita.

Aspaldi gelditu zen agerian eskualdean Lanbide Heziketako azpiegitura berriak eraikitzeko beharra. Aho batez, eskualdeko ikastetxeek (Elizondo, Toki Ona eta Lekaroz), eragile desberdinek, udaletako ordezkariek, Hezkuntza sailak, Parlamentuak eta Gobernuak onartutako proiektua da Oronozkoa. Jada idatzia eta zehaztua dago, eraikitzea bertzerik ez da gelditzen. Halaxe adierazi zuten Carlos Gimenok eta Tomas Rodriguezek 2023ko otsailean.

Orain, berriz, Europak finkatutako administrazioen gastu sabaia Nafarroako Gobernuak datozen ikasturteetan Hezkuntzan aplikatuko dituen murrizketen oinarri izan da eta horrek jomugan jarri du Oronozko Lanbide Eskolaren proiektua. Izan ere, aitzineko aurrekontu onartuetan Oronozko LH eskola berria egiteko zegoen diru partida, murrizketen harira, kendu egin dute, zero euroan utziz.

Hemendik aitzin gastatzen den dirua eskualdeko Lanbide Heziketa proiektua bideratzeko izatea eskatu dute Elizondo Lanbide Eskolako langileek plazaratu duten prentsa oharrean. Alegia, «diru publikoa zentzuz gastatzea eta aspalditik dagoen behar honi behingoz erantzutea».

Berako Toki Ona institutuan egindako elkarretaratzea, eskualdeko Lanbide Heziketako eskola berria egitearen alde. (BERAKO TOKI ONA LANBIDE HEZIKETA)

Arrazoiak

Proiektua aurrera eramateko arrazoi nagusiak oroitu dituzte: zonaldearen berrikuntza eta produktibitatea sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko Lanbide Heziketarako eraikuntza berri honek «berebiziko funtzioa izango du, zonaldearen garapen ekonomikoa oinarri izanik».

Segurtasun eta osasun arloan, Hezkuntza departamentuak egindako txostenean adierazten duen gisan gaur egungo eraikinak ez ditu segurtasun neurriak betetzen hainbat arlotan. Gainera, espazioa falta da, ziklo berriak gehitu direlako eta ikasle kopurua bikoiztu delako.

«Gure hizkuntzak behar duen bultzadari so eginez, Lanbide Heziketa euskalduna da, D eredukoa», Nafarroan euskara hutsean irakatsiko duen LHko eskola bakarra.

Momentu «estrategikoa»

Idatzi honen bidez, proiektu honek behar duen bultzada ematea eskatu diete Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari eta Legebiltzarreko agintari guztiei.

«Eskolarentzat momentu estrategikoa da; hazteko, zerbitzu eguneratua eskaintzeko, lanbide heziketa euskalduna izaten jarraitzeko eta eskualdeko garapenerako, bertan hartzen baitu zentzua halako proiektu batek», nabarmendu dute.

Egoera premiazkoa dela ikusirik, eta jakinda halako proiektuek behar duten denbora, ez da atzera egiteko momentua, ezta denbora galtzekoa ere, baieztatu dute.

«Eskolaren proiektua idatzita dagoen heinean, ez dezagun diru gehiago horretan gastatu eta hasi gaitezen eraikitzen behingoz», egin dute deia.