Lavogezen gol ikusgarriak derbia eman dio Realari (1-0)
Lavogezek bosgarren minutuan sartu du gola eskuinkada bikain batekin. Athletici gauzak are gehiago okertu zaizkio 29. minutuan Oguizaren txartel gorriarekin baina ez du amore eman eta partida bizi-bizia egon da azken unera arte.
Realarekin kontratua sinatu ondoren eskainitako lehen adierazpenetan azaldu zuenez, Claire Lavogezek Donostiara iristean ikasi zuen lehenengo gauzetako bat Athleticen aurkako garaipenak asko estimatzen direla izan zen. Eta badirudi arreta jarri zuela, frantziarraren gol bati esker eskuratu baititu talde txuri-urdinak Athleticen aurkako hiru puntuak. Gainera garaipena, ziurrenik, ohi baino gehiago ospatu da Anoetan, azkenekotik bi urte igaro zirelako eta puntuek Realaren laugarren postua sendotzen dutelako, bizkaitarrak zazpi puntura urrunduz.
Nahiz eta oraingoan ere ezin izan duten partida hasieratik amaierara kontrolatu, donostiarrek aurkariak baino denbora luzeagoan menperatu dute jokoa. Gainera, talde zuri-gorriari bertute handienetakoa ostu diote; eraginkortasuna, alegia. 1-0ekoa beren lehen aukeran iritsi da, norgehiagoka hasi eta berehala, eta horrek asko erraztu dizkie gauzak. Irene Oguizak txartel gorria lehen ordu erdia betetzear zegoela ikustea ere ez zaie gaizki etorri. Eszenatokia, markagailua eta baldintzak ia hasieratik kontra izan arren, Athleticek ez du amore eman eta nahiz eta tarteka atzean sufritu duen, bizirik mantentzen zuen emaitzari eutsi dio eta aurkaria mehatxatzeko gai izan da. Derbia, izan ere, azken aldi honetan jokatu duen partida onenetakoa izan da baina aurreko jardunaldietan ez bezala, oraingoan ez da nahikoa izan bilbotarrek emaitza on bat lortzeko.
Entrenatzaile biek eman dizkie ukituak beren taldeei. Etxekoen aldetik, Emma itzuli da Quilesen ordez, dagoeneko defentsako postu guztietan jokatu duen Lucia Rodriguez ezkerrera mugituz, eta aulkian geratu da Etxezarreta, bere postua ebakuntza bat egin ondoren aurreko bi partida jokatu ezin izan dituen Vanegasi utziz.
David Aznarrek, bere aldetik, ohiko ustekabea eskaini du. Oraingoan, postu gehiegi probatzea falta ez zaion Sara Ortegari egokitu zaio. Ezker hegalean jarri da errioxarra, Nerea Nevado aulkian geratu den bitartean. Gainera, lauko defentsa berreskuratu du entrenatzaile zuri-gorriak, Maite Zubieta aurreratuz; eta goialdean, Azkonak eta Amezagak hiruko lerroa osatu dute, Nahikari aurretik zutela puntan.
Bizi-bizi hasi da partida. Lehen minutua bete aurretik, kornerrean amaitu da Athleticen baloia, azken bi partidetan gola sartu duen Elexpuru bigarren zutoinean zain zegoela errematatzeko. Eta bosgarren minutua bete berritan, Realaren gola heldu da. Ikusgarria benetan Lavogezek egin duen errematea. Andreiak baloia utzi dio motzean eta areako zirkuluerditik sekulako eskuinkada jo du frantziarrak, baloia langaren albotik sartzeko Nanclaresen atean. Bigarrena ospatzetik gertu geratu da Eizagirre berehala, baina bere burukada zentimetro gutxigatik joan da kanpora.
Kontrolpean eduki nahian
Reala partida kontrolpean mantentzen saiatu da baloia bereganatuz baina aurrera egin du bere aurkariak pazientzia handiarekin. Baita 29. minutuan beste kolpe bat jaso ondoren, oraingo honetan epaileak sinatuta. Ez du asmatu Sanchez Miguelek Irene Oguizari –durangarrak Andreia Jacintori iletik tenk egiteagatik–, erakutsitako txartel gorriarekin. Baina ez dago bideo arbitrajerik F Ligan eta horri ere aurre egin behar izan diote bizkaitarrek.
Behar eta egin, ez baitute amore eman. Lehen zatiaren amaiera intentsoan jo eta ke aritu dira, Reala bera bezala. Baina alde batean Sara Ortega ozta-ozta heldu da Amaiurren jaurtiketa kornerrera desbideratzeko, Lavogezek gora bidali du Emmaren erdiraketa ona eta atzelari zuri-gorriek, larri, Eizagirrek Amaiurren bila egindako erdiraketa ezinhobea urrundu dute; eta bestean, Letek Elexpururen erdiraketa pozoitua gelditu du Azkona gertu-gertu zeukala, Emmak azken unean lapurtu dio baloia Amezagari Nahikariren pase bikainaren ondoren eta Athleticek, ohi ez bezala, ezin izan ditu azken minutuetan jaurti dituen falta eta bi kornerrak aprobetxatu.
Bizkaitarrak Maite Valerorekin itzuli dira zelaira, Azkona dutxan utzita, baina ez dute nabaritu bere freskura. Izan ere, Reala gailendu da bigarren zatiko hasieran eta Nanclaresek hartu behar izan du bere taldea bizirik mantentzearen ardura. Hiru aparteko geldiketa egin ditu Athleticeko atezainak, Lavogezen eta Eizagirreren jaurtiketak urruntzeko.
Denbora Realaren alde zihoala zioen logikak baina bizkaitarrek aldaketak –Nerea Nevado eta Agote debutaria zelairatu dira, ezker hegalari sakontasun handiagoa emanez eta Sara Ortegari gorago mugitzeko aukera eskainiz– eskertu dituzte eta azken txanpan arriskuz gerturatu dira berriro ere Leteren atera. Baina ez dute asmatu eta Realari, azkenean, merezi izan dio sufritutako tentsio guztia.
Real Sociedad: Lete; Emma, Apari (Violeta Quiles, 68.min.), Vanegas, Lucía Rodríguez; Cahynova, Andreia Jacinto; Franssi (Guridi, 85.min.), Lavogez (Mirari, 85.min.), Nerea Eizagirre; eta Amaiur (Lucia Pardo, 62.min.).
Athletic: Nanclares; Elexpuru, Leire Baños, Maddi (Landaluze, 96.min.), Sara Ortega; Maite Zubieta, Oguiza; Azkona (Valero, 46.min.), Clara Pinedo (Nerea Nevado, 68.min.), Jone Amezaga (Agote, 68.min.); eta Nahikari (Sanadri, 83.min.).
Epailea: Sanchez Miguel (Katalunya). Txartel oria Emmari (91'). Txartel gorria erakutsi dio Oguizari (29’), Andreiari iletik heltzeagatik.
Golak: 1-0, 5.min.: Lavogez.
Gainerakoak: Liga Fko 10. jardunaldiko partida. 12.425 ikusle Anoetan.