INFO

Subiranista guztiei dei egin die EH Bilduk larunbatean Bilbon «nazioa garela erakusteko»

EH Bilduk agerraldia egin du Bilboko Plaza Barrian, datorren larunbat arratsaldean, azaroaren 23an, Bizkaiko hiriburuan egingo duen mobilizazio nazionala iragartzeko. Esan dutenez, espazio eta ahots bat eman nahi diete Euskal Herria nazio gisa errespetatu behar dela uste duten herritar guztiei.

EH Bilduko ordezkaritza bat Bilboko Plaza Barrian elkartu da igande honetan, mobilizazio nazional bat aurkezteko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduko ordezkaritza bat Bilboko Plaza Barrian batu da igande goiz honetan, datorren larunbatean, azaroak 23, Bizkaiko hiriburuan egingo duen mobilizazioa aurkezteko. Agerraldian hitza hartu dute Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eta Iker Casanova Bizkaiko bozeramaileak.

Zehaztu dutenez, manifestazio nazionala izango da, «milaka pertsona subiranista, abertzale eta independentista bilduko dituena, Euskal Herria nazio bat dela eta errespetatu beharreko eskubide nazionalak dituela aldarrikatzeko». Beste behin ere, Autonomia kalea bete nahi dute ‘Nazioa Gara’ lelopean.

Mobilizazio hori testuinguru oso zehatz batean emango dela azaldu dute: «Espainiar Estatuan, eta baita frantziar Estatuan ere, eztabaidak irekiak daude gurea bezalako nazioek izan behar duten paperari buruz».

Espainiar Estatuari dagokionez, EH Bilduk denbora darama esaten Sanchezen Gobernuak eta hura sostengatzen duen gehiengo plurinazionalak ez dutela ultraeskuina eta eskuin muturra eta bere politika erreakzionarioak geldiaraztera mugatu behar.

«Harago joan behar du, eta agenda demokratizatzaile bat jarri behar du martxan, Euskal Herria, Katalunia eta Galiza bezalako nazioak aitortu eta errespetatu behar dituena. Badago eztabaida ireki bat izaera plurinazionalari buruz, Pedro Sanchez presidenteak berak, EH Bilduren galderari erantzunez, Kongresuan aitortu zuen bezala».

Eragile guztiei irekitako elkarrizketak

Euskal Herrian ere elkarrizketa prozesua irekia dago alderdien artean, estatus berriari buruz hitz egiteko. «Nazio gisa definitzea, nazio gisa errespeta gaitzatela eskatzea eta horrek dakartzan eskubide nazionalak errespetatzea da eztabaida horren muina. Ez da gauza bera Estatuarekin autonomia erkidego edo nazio gisa erlazionatzea. Hori da oraintxe jokoan dagoena», azpimarratu du EH Bilduk.

Ezker subiranistak defendatu du horrelako eztabaidak ez direla alderdi politikoetara mugatu behar. «Gizarteari eta eragile ekonomiko, sindikal eta sozial guztiei irekita egon behar dute. Baita herritar guztiei ere».

Horrenbestez, datorren larunbat arratsaldeko mobilizazio nazionalarekin espazio eta ahots bat eman nahi diete Euskal Herria nazio gisa errespetatu behar dela uste duten herritar guztiei.

«Herri honetako subiranista, abertzale eta independentista guztiei» dei egin diete Bilboko Autonomia kalea betetzeko eta munduari mezu argi eta sendoa helarazteko: «Euskal Herria errespetatu beharreko nazioa da. Nazioa Gara!».