Osakidetza «sendo eta duin» baten alde lan egiteko konpromisoa adierazi du LABek
Azaroaren 28an izango diren Osakidetzako hauteskunde sindikalen atarian, LABek osasun sistema publiko «sendo eta duin» baten alde lan egiten jarraituko duela nabarmendu du. «Orain arteko politikak alboratu eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu politiko argia behar da», nabarmendu du.
Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzeko, azken urteetako politika «neoliberal» eta «klientelarrak» salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzeko ekimenekin jarraitzeko konpromisoa adierazi du LAB sindikatuak, Osakidetzako hauteskundeen atarian.
Datorren azaroaren 28an izango diren hauteskundeetarako botoa eskatzeko agerraldia egin du sindikatuak astelehen honetan Bilbon. Bertan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak adierazi du Osakidetzak eraldaketa sakona behar duela: «Orain arteko politikak alboratu eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu politiko argia behar da».
Langileen baldintzak eta eredua hobetzeko hartutako iniziatibak gogorarazi ditu. Alde batetik, pribatizazioa eta kontzentrazio politikak alboratzearen aldekoak. Adierazi duenez, fenomeno hauek «ez dira kudeaketan gertatzen diren hutsuneak, erabaki politiko argiak baizik, EAJren Gobernuak enpresa pribatuen negozioen mesedetan hartzen dituen erabaki politikoak».
Bigarrenez, langileekiko politikak aldatzeko eta hobetzeko ekintza sindikala ekarri du gogora. Ildo horretatik, LABentzat «lan kargak aztertzea, plantillak handitzea, egonkortzea eta lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da; ratioen lege berri bat behar da; eta politika feministak behar dira. Izan ere, emakumeek* ardura postuetara iristeko zailtasunak dituzte, eta kontziliazio eta erantzunkidetasun politika egokirik ez dago».
Osakidetza euskalduntzeko plan baten alde ere lan egingo du sindikatuak. Azaldu duenez, gaur egun euskalduntzea borondatezkoa da, baina plaza guztiek izan beharko lukete profila, bere ustez. Hala, deitoratu du euskaraz lan egitea eta euskaraz zerbitzua jasotzea «ezinezkoa» dela.
Lantokietan, kaleetan eta mahaietan
Horretaz gain, LABentzat «ez da nahikoa proposamen eraldatzaileak egitearekin». Izan ere, «indarrak biltzeko» beharra azpimarratu du, «dinamika sindikal eta sozialak hauspotuz eta indar hori baliatu dauden markoetan, Osakidetza hobetzeko eta langileen aldeko neurriak lortzeko».
Horretarako, lantokietan bezala, kalean borrokatzen jarraituko dutela argi utzi du. Horrekin batera, Osakidetzako Mahai Sektoriala «negoziazio errealerako espazio bilakatzeko» indar berezia jarriko dutela esan du.
Osasun Mahaiari dagokionez, egindako diagnostikoarekin «ez dugu bat egiten; ez gaitu asebetetzen», esan dute LABeko ordezkariek, eta boto partikularra aurkeztu dute. «Pribatizazio politiken arrazoiak eta ondorioak ez dira jasotzen; ez da argitzen osasun sistema publikoaren zerbitzua titularitate publikotik eta baliabide publikoekin eman behar denik eta ez azpikontratatuz, itunduz edo pribatizatuz; pertsonala dimentsionatzearen beharra edo euskalduntzearen beharra ez dira jasotzen», zehaztu dute.
«Jarraituko dugu mahaian lanean, iraultza hitzez ez, ekintzez egiten delako. Gobernuaren erabakietan ikuspegi kritikoarekin eragiten jarraituko dugu, hobekuntzak lortzen», erantsi dute.