INFO

Material aukeraketatik sartu diote abiadura finalari Unai Lasok eta Peio Etxeberriak

Inolako arazorik gabe eta oso denbora gutxian aukeratu dituzte bi aurrelari nafarrek igandeko partidarako pilotak. Bizkarreta-Gerendiangoak apartatutako bat gainontzekoak baino biziagoa dela azaldu dute biek.

Peio Etxeberriak eta Unai Lasok gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Sakeak eta errestoak izan dezakeen garrantziagatik harago, pilotari abiadura eman eta jokoaren ekimenaren jabe egitea da Unai Lasok bezala Peio Etxeberriak igandeko finalerako duten asmo nagusietako bat eta bide horretan, material aukeratik hasi nahi izan balute bezala, sekulako abiaduran apartatu dituzte txapela jokatzeko erabiliko dituzten lau pilotak. Baikoko aurrelariari, txapelketan zehar egon den materialarekin alderatuta, finalekoak «apur bat bajuxeagoak» iruditu zaizkion arren, biek oso gustura amaitu dute saskian topatutakoarekin. «Bi pilota berehala gustatu zaizkit eta ez dut askorik pentsatu, bereak ere onak ziren eta gustura nago materialarekin», azaldu du erroibartarrak.

Peio Etxeberriak ere ez dio aitzakiarik topatu Martin Alustizak aurkeztutako sortari eta azken asteetan erabili duten antzeko materiala zegoela iruditu zaio. «Berak aukeratutako bat agian nabarmentzen zen gehiago irteten zelako, baina nik aukeratutakoekin oso gustura noa», gaineratu du ultzamarrak. Txapeletan zehar partida estu gutxi izan direnez, jokatu den materiala gehiegizkoa ote den ustea zabaldu da pilotazaleen artean, baina kaiolako aurtengo bi finalistak bat etorri dira, materialean behintzat, beste urteekin alderatuta, aldaketa nabarmenik egon ez dela azaltzerakoan.

Partida azkar horietan, sakeek eta errestoek berebiziko garrantzia izan dute eta biak etorri dira bat, gehienetan indarra pilota jokoan jartzeko pilotakadan jartzen bada ere, errestoak lehen pilotakada horrek bezainbesteko garrantzia duela nabarmentzerakoan. Ezaguna da Bilboko frontoiko ezker paretak pilota gastatzeko joera izan ohi duela, baina finalistek ez dute uste honek eragin berezirik izango duenik partidaren bilakaeran.

«Nirea ondo egin»

Aurkarien dohainak nabarmentzerako orduan lausengurik falta izan ez bazaie ere, biek oso argi izan dute aurkariak egiten duenak baino, bakoitzak bere onena ateratzeak kezkatzen dituela. Horretan, garrantzia izango du uneko tentsioa kudeatzeko bakoitzak duen gaitasunak eta Peio Etxeberriak onartu du astean zehar iaz baino urduriago sentitzen ari dela, eta ontzat eman du «iaz dena kontrolpean nuela uste nuelako eta gero dena gainera etorri zitzaidan». Finalerako azken detaileak osatze aldera, Zenotzekoak azken entrenamendu bat osatu du aukeraketa amaitu eta berehala Joseba Ezkurdia laguna sparring gisa zuela.

Aukeraketaren aurretik izan du Unai Lasok finalaren aurretik Bizkaia pilotalekuarekin azken kontaktua, igandean bezala Iraitz Zubizarretaren aurka partidatxo bat jokatuta. Duela hilabete inguru jokatu zuten azkenekoz elkarren aurka igandeko bi finalistek eta orduko hartan, Labriten, Aspekoa nagusitu zen, 22-19ko emaitzarekin. Partida horren bideoa ikusi du Unai Lasok eta baita irabazteko zer hobetu behar duen aztertu ere. «Oso partida gogorra izan zen eta azken aldera pazientzia galdu nuela iruditzen zait. Bera oso aurkari gogorra da, fisikoki oso ondo prestatuta dagoena eta halako partida bat espero dut. Ez dut pazientzia galdu behar, baina era berean nire jokoa egiten saiatu behar dut, ausart eta beldurrik gabe», gaineratu du Bizkarreta-Gerendiaingoak.

Halako egun berezi batean edozer gerta daitekeela ondo dakiten arren, biek espero dute final gogor eta orekatu bat eta hori bere onerako izan daitekeela uste du Peio Etxeberriak. Ibilbide eta esperientziagatik, faboritoa Unai Laso izan daitekeela uste du Aspekoak, baina honetan ere, indar berezirik ez dute jarri nahi izan bi finalista nafarrek.