INFO

Irungo Santiago zubia kolapsatua, tanke ilara batengatik

Tanke ilara batek kolapsatu du Irungo Santiago zubia ostegun honetan. Tankeak zeramatzaten kamioiek Gipuzkoan itxaron behar izan dute frantziar polizia iritsi arte. Dirudienez, arazoak izan dira koordinazioan. Joan den astean ere ikusi ziren halako ibilgailuak Bidasoa ibaiaren ertzean.  

Tankeak Irunen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Tanke ilara batek kolapsatu du ostegun honetan Irungo Santiago zubia. Dirudienez, arazoak izan dira koordinazioan, eta tankeak zeramatzaten kamioiek frantziar polizia iritsi arte Gipuzkoan itxaron behar izan dute, Bidasoa ibaiaren ertzean.

Joan den astean ere ikusi ziren Irunen tankeak eramaten zituzten kamioiak. ‘Diario Vasco’ egunkariak azaldu duenez, tankeak frantziar armadarena dira eta Gasteizen dagoen Arakako kuarteletik atera ziren. Gaur bezala, kamioietan eraman zituzten mugaraino.

Dozena erdi tankek osatzen zuten joan den asteko konboia, Guardia Zibileko, Ertzaintzako, frantziar jendarmeriako eta Irungo Udaltzaingoko zenbait agenterekin batera. Poloniako eta Herbehereetako matrikula zuten furgonetak ere ikusi ziren bertan.

Konboiak harridura sortu zuen Irungo bizilagunen artean, eta trafiko arazoak sortu ziren Ficoba inguruan. Auto-ilarak izan ziren konboiaren ondorioz, eta ostegun honetan areagotu dira, izan ere Santiago zubia blokeatuta egon da.

Pasa den astean Ertzaintzak ez zuen azaldu zer egiten zuten halako tankeek espainiar armadak Arakan duen kuartelean, ezta zergatik zeharkatu duten Euskal Herria. M1 Abrams tankeak ziren, AEBtan egindak.