Indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketan 1.200 gaztek parte hartu dute
Indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketan 1.200 gaztek parte hartu dute, 250 ikus-entzunezko lanekin. Artziniegan egingo da topaketa eta sari banaketa, azaroaren 29an.
Beldur Barik 2024 programaren aurkezpena egin dute ostiral honetan Artziniegako museoan, herri horretan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren azaroaren 29an. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen hau Emakundek sustatzen du eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudelen babesa du.
Ekitaldian parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak; Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendariak; Trinidad L. Vicente Torrado Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak; Joana del Hoyo Arabako Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak; Joseba Vivanco Artziniegako alkateak eta Artziniega eta Aiarako Kuadrillako beste udal ordezkari batzuek.
Guztira, 1.200 gaztek parte hartu dute, 256 ikus-entzunezko lanekin. Lehiaketa honek, Beldur Barik programaren ekintza nagusia denak, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.
Miren Elgarrestak azaldu duenez, aurkeztu diren lanetatik 190 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. Guztira 1.224 gaztek parte hartu dute, %58 neskak, %37 mutilak eta %5 beste identitate batzuk bezala identifikatzen direnak. «Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita», nabarmendu du.
Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 15-17 urte bitartekoa izan da, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.
Lanen gai nagusiak estereotipoak (%27), edertasun kanonak eta gorputzak (%13), talde presioa eta gizarte presioa (%12) eta kaleko indarkeria (%10) izan dira. Bestalde, proposatu diren Beldur Barik jarrerak honako hauek izan dira: sororitatea (%23), erantzun kolektiboa (%22), ahalduntze indibiduala (%21) eta eguneroko BB erantzunak eta estrategiak (%18).
Emakundeko zuzendariak gogorarazi du euskal erakundeek konpromisoa dutela gazteekin sentsibilizazio lana lehenesteko indarkeria matxistaren aurkako borrokan. «Beharrezkoa da eduki horiek azpimarratzen jarraitzea eta indarkeria matxista eta desberdintasuna detektatzeko tresnak eskaintzea. Eta hori da Beldur Barik programaren helburu nagusietako bat».
Ildo horretan, Elgarrestak gizarte osoari eskatu dio «ahalegin bat egin dezala» gazteengana iristen diren mezu ukatzaileak neutralizatzeko eta lanean jarraitzeko mutilek «estereotipo eta rol sexistetatik askatuko den gizon izateko beste modu bat ikas dezaten eta neskak ahalduntzen laguntzeko».
Artziniegako Udalaren eta Eudelen izenean, Miren Lopez Berdintasuneko zinegotziak aurtengo Beldur Barik Topaketa egiteko Aiaraldea eskualdea hautatu izanaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, «tokiko konpromisoaren eta udalen artean egindako ahaleginen baturaren sinboloa da, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka».
Topaketa, hilaren 29an Artziniegan
Azaroaren 29ko Beldur Barik Topaketari buruzko xehetasunak ere eman dituzte. Artziniegako herriko frontoian izango da, 17.00etatik aurrera. 17.30ean batukada feministarekin kalez kale abiatu eta tailerretarako bideari ekingo zaio erritmoz beterik, helmuga kultur etxea izango delarik. Bertan 18.00etan tailerrak hasiko dira, aurten Autoezagutza tailerra Libe Osaren eskutik, ‘Dantza kolektiboaren plazerra’ dantza tailerra Lexlie Ortegaren eskutik, ‘Ikusi gure mezua’ marrazketa tailerra Malen Pazosen eskutik eta ‘auto(re)TRATU’ autorretratu tailerra Ibai Arrietaren eskutik. Ondoren, 19.00etan herriko frontoian batu eta sari banaketari ekingo zaio.