INFO

Pete Hegseth, Defentsa idazkaria izateko, Trumpek aukeratutako telebista aurkezle eskuindarra

Pete Hegseth militar ohi eta Fox kateko aurkezlea AEBetako eskuin muturraren estereotipoetako bat da: kristau integrista, islamofobo sutsua eta ñabardurarik gabeko matxismo zaharkituenaren defendatzailea izan da azken urteotan.

Pete Hegseth AEBetako eskuin muturraren estereotipoetako bat da. (Chip SOMODEVILLA | AFP)

Duela 44 urte Minnesotan eskandinaviar jatorriko familia batean jaioa, Princeton eta Harvard eliteko unibertsitateetan egin zituen ikasketak; gerora Ivy Ligako ikastetxe horien aurka jo bazuen ere, «ekologismoa eta ekologismo erradikala» irakasteagatik, eta «egiazko arriskuen gainean», muturreko islamismoa. 2022an Fox kateko platoan Harvardeko titulua ezabatu eta «bidaltzaileari itzuli» idatzi zuen: «Eskolak hartu eta titulua lortu nuen, baina espero dut hau adierazpen bat izatea: kontserbadore eta patriota gisa, herri hau maite badugu, burua pozoitzen dieten unibertsitateetara gure gazteak bidaltzen ezin dugu jarraitu». Pozoi hori, Estatu Batuetako eskuinaren iritzian, «teoria kritikoko ikasketak» dira, «AEBak leku gaizto gisa ikusarazten dutenak. Eta Harvard pentsamendu horretako fabrika da».

Eliteko unibertsitateak Bear Stearns inbertsio bankuan hasteko balio izan zion, ordea, 24 urterekin, ikasketak amaitu berritan; 2008ko finantzia krisian hondoa jo zuen bankuetako bat izan zen. Armadan Minnesotako Guardia Nazionalean sartuta, Guantanamon egon zen, eta Iraken hurrena. Handik itzuleran, eskuineko think tank-etan, eta beteranoen elkarte kontserbadoreetan ibili zen, eta 2012an Senaturako primario errepublikanoetan parte hartu zuen Minnesotan. Urte berean, Armadako kapitaina zela, Afganistanera bidali zuten, Kabulen kontrainsurgentziako irakaslea izateko.

«Gerra departamentua»

Handik gutxira, Fox kateko tertulietako kide bihurtu zen, eta bere programa izan du azken urteotan. Estatu Batuetako eskuin mutur kristauaren ideiak biltzen dituen liburuak ere idatzi ditu, muturreko ideologia agerian utziz. Defentsa sailari «Gerra departamentua» deitzearen alde dago, eta Genevako konbentzioa eta bestelako arauek gutxi ardura diotela nabarmendu du; Hiroshimako bonba atomikoaz, argi dio: «Irabazi genuen. Nori axola dio».

‘War on Warriors’ (Borrokalarien aurkako gerra) azken liburuan berretsi du Armadan emakumeak konbate roletan borrokatzearen aurka dagoela. 2013tik onartu da emakume soldaduak zeregin horietan egotea; «horrek ez gaitu eraginkorrago bihurtu, borrokatzea konplikatuago bihurtu du. Gure erakundeek ez dute halakorik sustatu behar, tradizionalki, eta giza historia guztian zehar, gizonek gaitasun handiagoa izan duten tokietan». Era berean, woke buruzagiek Armada ahuldu eta «maritxu» bihurtu dutela dio, «AEBetako seme-alaba zuriak urruntzen ari dira, eta normala da hala egitea». Beraz, «hurrengo komandante-buruak etxea garbitu beharko du».

2020an argitaratutako liburuak “American Crusade” (Gurutzada estatubatuarra) izenburu argigarria dauka. Hegsethen obsesioetako bat, izan ere, islamaren aurkako borrokatik dator, edozein bide erabilita. Israelek Zisjordania anexionatzearen alde ere badago. «Sionismoa eta amerikanismoa mendebaldeko zibilizazioaren eta askatasunaren fronte lerroak dira gaur egun», esan zuen 2016an.
2019an, gerra krimenez akusatutako militarrei barkamena egiteko, presio egin zion Donald Trumpi, baita lortu ere. Paparrean Jerusalemgo gurutzaden ikurra tatuatuta dauka, eta ‘Deus vult’ (Jainkoak nahita) esaldia bizepsean, biak ere alt-right eta eskuin muturreko taldeek erabili ohi dituzten ikurrak. Armadako barne komunikazio batek dio «barne mehatxua» izan litekeela Hegseth.

«Woke» buruzagiek Armada ahuldu eta «maritxu» bihurtu dutela dio:  «Seme-alaba zuriak urruntzen ari dira, eta normala da hala egitea». Beraz, «hurrengo komandante- buruak etxea garbitu beharko du»

Sexu eraso bat isilarazteko ordainketa

800.000 milioi dolarreko aurrekontua dauka Estatu Batuetako Defentsa sailak, eta ia hiru milioi langile: 1,3 milioi militar aktibo, 750 mila langile zibil, eta 811 mila kide guardia nazionalean eta erreserban. Hegsethek zuzendaritza lanetan daukan esperientzia falta ez da, alabaina, Trumpen izendapena kolokan jarri duena. Ezta kristau sutsu izateko bere biografiako datu esanguratsuak ere: bigarren emaztearekin ezkonduta zegoela eta hiru haur zituela, Jennifer Rauchet Foxeko produktorearekin beste haur bat izan zuen 2017an. Berriz dibortziatu eta hirugarrenez ezkondu zen 2019an Rauchetekin.

Izendapena kolokan jarri duena, baina, sexu eraso bat isilarazteko ordaindu izana da. Hegsethen abokatuak ‘Washington Post’-i esandakoaren arabera, alde biek onartutako sexu harremana izan zen 2017an Kalifornian. Emakumeak bortxatu izana salatu zuen, eta Hegsethek kasua isilarazteko ordaindu ziola onartu du haren abokatuak.