INFO

Munduko indarkeria matxisten aurpegiak

Mundu zabalean indarkeria matxista jasan duten emakumeen aurpegiak jendaurrera ekarri nahi izan dituzte Igone Mariezkurrena Fernandez antropologo eta kazetariak eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariak “Lumineszenteak” proiektuan.

Erakusketan, Indiako, Palestinako, Ameriketako Estatu Batuetako lakota nazioko eta Euskal Herriko andrazkoen esperientziak eta argazkiak bildu dituzte. (Irantzu PASTOR)

Emakume anonimoen istorioak identifikatu, dokumentatu eta zabaltzen ditu “Lumineszenteak” proiektuak, izen bereko liburu eta argazki erakusketaren bitartez. Azken honek hiru urte daramatza Euskal Herriko hainbat herri bisitatzen; aste honetan zabalik egongo da Eibarko Andretxean (Isasi kalea 11), egunero 16.30etik 19.30era. Ostegunean, gainera, egileen azalpenak entzuteko aukera izango da 18.00etan hasiko den bisita gidatuan.

Proiektuak mundu zabaleko 63 emakumeren bizipenak jaso ditu, diskurtso nagusietan tarterik ez duten emakumeen historiak hain zuzen ere, eta erakusketa 24 argazkiz osatutako aukeraketa bat da.

Lau urteren buruan munduko bazter ezberdinetan gauzatzen joan den lana izan da eta bertan, Indiako, Palestinako, Ameriketako Estatu Batuetako lakota nazioko eta Euskal Herriko bertako andrazkoen esperientziak eta argazkiak bildu dituzte.

Denek badute hari komun bat: emakume izateagatik bizi duten indarkeriaz gain, okupazio militarrek eragindako desplazamenduek, genozidioek, arrazakeriak edo kultur asimilazio egoerek eragindako bortxa mota ezberdinena.

Proiektua emakume bakoitzaren berezko espazioetan gauzatu da, egileen eta biktimen arteko konplizitate testuinguruak sortuz, eta horrek ahalbidetu du beraien esperientziak eta irudiak jendaurrean zabaltzeko aukera.

Irantzu Pastor Ordoki argazkilaria eta Igone Mariezkurrena Fernandez antropologoa, proiektuaren egileak.

ERAKUSKETA:

Zer:

”Lumineszenteak” erakusketa

Nork:

Igone Mariezkurrena Fernandez eta Irantzu Pastor Ordoki.

Non:

Eibarko Andretxean (Isasi kalea 11), azaroaren 28ra arte.

Noiz:

16.30etik 19.30era. Ostegunean, bisita gidatua, 18.00etan.