Aurpegi berriak dakartza Binakakoak: Arangurenek babestuko du Altuna eta Iztuetak Laso
Zortzi bikote arituko dira lehian ostiral honetan hasiko den esku pilotako Binakako Txapelketan. Astearte honetan aurkeztu dute txapelketa Nafarroa Arenan; izan ere, bertan jokatuko da finala, 2025eko martxoaren 30ean, Euskal Herriko hainbat herritatik pasa ondoren.
Igandean Unai Lasok Lau eta Erdiko bere lehen txapela jantzi ondoren, astearte honetan aurkeztu dute Binakako Txapelketa Nafarroa Arenan. Izan ere, bertan jokatuko da finala, 2025eko martxoaren 30an. Zortzi bikote arituko dira lehian, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta egungo irabazleen txapelak eskuratzeko asmoz.
Ostiran honetan bertan hasiko da txapelketa, Ezkurdia-Rezusta eta Elordi-Zabaleta bikoteek Beasainen jokatuko duten partidarekin. Gainera, Altuna III-Aranguren vs P. Etxeberria-Martija bikoteek Eibarren jokatuko dute larunbatean, eta Larrazabal –Artolaren ordezkoa izango dena lehen jardunaldian- Mariezkurrena II vs Laso-Iztueta bikoteek, Lizarran. Igandean, Jaka-Imaz vs Peña II-Albisuren txanda izanen da, Basaurin.
«Gaur izango da binakako txapelketa Nafarroan aurkeztuko dugun bigarren aldia, aurrekoa eta egin genuen aldi bakarra Iruñeko Baluarten izan zen», adierazi dute antolatzaileek. Horrela, Baiko eta Aspe enpresetako bikote guztiak Nafarroa Arenako frontoian izan dira taldeko argazkirako.
Aurtengo nobedade nagusia Aitor Arangurenen parte hartzea izango da, Altuna III.aren atzelari gisa jokatuko duena, Xabier Tolosaren ordez, honek ezin izango baitu parte hartu lesio baten ondorioz. Aspe ordezkatuz, gainera, Ezkurdia-Rezusta, P. Etxeberria-Martija eta Elordi-Zabaleta bikoteek parte hartuko dute. Baiko enpresaren partetik, Laso-Iztueta, Artola-Mariezkurrena II, Jaka-Imaz eta Peña-Albisu.
Aurpegi berriak aipatutakoak badira ere, bikote orekatuenak, eta ondorioz pronostikoetan nabarmentzen ari direnak, Aitor Elordi eta Joxe Jabier Zabaleta osatutakoa edota Etxeberria eta Martijarena biltzen dituena izan daitezke. Artola eta Mariezkurrenaren artekoak ere zeresana emango du.
Ligaxka, playoff eta finalerdiak
Txapelketa ligaxka formatuan jokatuko du, eta hamalau jardunaldi izango ditu guztira. Horrela, bikote bakoitzak bitan jokatuko du gainerako bikote guztien aurka.
Lehenengo bi sailkatuek zuzenean lortuko dute finalaurrekoetako sailkatzea, eta final laurdenetan hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan bukatzen dutenek, ordea, play-offa jokatuko dute, finalerdietarako beste bi sailkatuak erabakitzeko.
Playoffak otsailaren 20an (3. eta 4. postuak), otsailaren 21ean (5. eta 6. postuak) eta otsailaren 23an (20ko galtzailea 21eko irabazlearen aurka) izango dira; finalerdiak, bestalde, martxoaren 8an eta 15ean, Labrit pilotalekuan eta martxoaren 1, 2, 9 eta 16an, Bilbon, Gasteizen, Eibarren eta Donostian.
Finala, aipatu bezala, Nafarroa Arenan izanen da, martxoaren 30ean. Zentzu horretan, Jorge Aguirre Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari gerenteak adierazi du nafar Gobernuak espero duela «zaleek gozatzea Bartzelonan, EAEn eta Nafarroako hainbat tokietan egingo den lehiaketa bikain honetan».
Izan ere, abenduaren 15eko partidua Euskal Herritik kanpo jokatuko da, eta Bartzelona aukeratu dute antolatzaileek Altuna III-Arenguren vs Ezkurdia-Rezusta lehia hartzeko.