Etxegabekotasunari End plataforma aurkeztu dute Eibarren
Ekimenaren sortzaileek hirian urte osoko aterpetxe bat egokitzeko beharra aldarrikatu dute. Udalak ez du zabalduko aurten azken hiru urteotan zabalik egon den Neguko Dispositiboa.
Etxegabekotasunari End plataforma aurkeztu dute Eibarren, «etxegabetasun egoeran dagoen inork kalean lo egin behar ez izatea» helburu nagusitzat duela. Horretarako, hirian urteko 365 egunetan funtzionatuko duen aterpetxe bat irekitzea eskatuko diote Udalari, kalean lo egiten duten pertsonek dituzten gainontzeko beharrak ahaztu barik.
Mikel Laboak Bertol Brechten hitzak erabiliz sortu zuen ‘Gaberako aterpea’ abestiarekin ekin diote aurkezpenari, poeta alemaniarrak 1931. urtean salatzen zuen egoerak indarrean jarraitzen duela ohartarazteko. Eustaten arabera, mila pertsonetatik bi bizi dira kalean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Etxegabetasuna konpondu gabe dagoen gaia da gure gizartean eta, beraz, indarrak bildu nahi ditugu gure kaleetatik eta auzoetatik errealitate bidegabe hau ahal den neurrian desagerrarazteko», azaldu dute plataformaren bozeramaileek.
Izan ere, egoerak okerrera egin du Eibarren, etxegabetasun egoeran dauden pertsonek baliabide garrantzitsu bat galdu baitute. Udalak 2021ean hasi eta hiru urteetan zabaldu duen Eibarko Neguko Dispositiboa ez da martxan jarriko aurten. Honen garrantzia argi geratu da erabiltzaile baten testigantzan, aterpetxeak ematen zituen zerbitzuak eta hezitzaileen laguntzak aurrera ateratzeko aukera eman diotela azaldu baitu.
Plataformaren aldarrikapena, hala ere, Neguko Dispositiboaren berreskurapenetik harago doa. «Gure helburuen artean ez dago aldi baterako aterpetxea zabaltzearen eskaera, orain arte bezala neguan bakarrik zabaltzen baitzen. Aterpetxea 365 egunetan funtzionatuko duen errealitatea izatea nahi dugu, 365 gau urtean», adierazi dute.
Aterpetxe zerbitzua Gizarte Zerbitzuen zorroan dagoela gogoratu dute, bestetik. Eta bere helburua ez litzatekeela ohe bat eskaintzera mugatu behar ere nabarmendu dute. «Etxegabetasunean dagoen inori oinarrizko mantenua, higienea eta lotarako segurtasuna falta ez izatea eta Gizarte Zerbitzuetan kale egoeran dauden pertsonak artatzea, errolda baldintza izan gabe» helburutzat jo dituzte.
Integratzaile sozialek, hezitzaileek, GKEek, nerabeekin lan egiten duten profesionalek edo sindikalistek, besteak beste, osatutako plataforma ez dela politikoki kokatzen eta inongo alderdi politikoren euskarririk ez duela azpimarratu dute. Eta lehen urratsak Eibarren eman arren, eskualdeko gainerako udalerrietan hazteko bokazioarekin sortu dela azaldu dute, ekimenaren parte izateko interesa duten pertsona guztiak gerturatzera gonbidatuz.
Azkenik, ostegunean, azaroaren 28an, Untzagako plazan 19.00etan kontzentrazio bat egingo dutela aurreratu dute. Ondoren, udaletxera joango dira, Udalbatzarreko galdera eta erreguetan parte hartzeko.