INFO

Mendi Film Jaialdiaren hamazazpigarren edizioa, ate-joka

Bilbon antolatzen den mendiko kultur ekimen horrek abenduaren 6an ateak zabalduko ditu; itxi, berriz, 15ean. Sail ofizialerako aurkeztutako 226 hautagaien artean, 40 lehiatuko dira. Berritasunei dagokienez, haurrei zuzendutako “Gau magikoa” dago.

Urtero legez, erakusketek toki berezia izango dute Mendi Film Jaialdian. (MENDI FILM)

Ohi den legez, Euskal Herrian abenduan mendiko kulturarekin harremana zuzena duen ekimen batek ez du hutsik egingo. Bilbon antolatzen den Mendi Film Jaialdiari buruz ari gara. Heldu den hilabetean, beraz, Bizkaiko hiriburua abentura eta mendia maite dituztenentzat aterpe bilakatuko da. Pelikulek protagonismo nagusia dute, baina horiekin batera 'Mendi'-koek beste ertz batzuk ukitzen dituzte.

Gogora dezagun International Alliance for Mountain Film sareko kide dela euskal jaialdi hori. Gainera, zirkuitu horretako azken hitzordua da. Mendi Film Jaialdiko antolatzaileek gaur, asteartean, aurkeztu dute hamazazpigarren edizioa. Hain zuzen ere, abenduaren 6tik 15era iraungo duena. Euskalduna Jauregian egin den aurkezpen ekitaldian, besteak beste, Jabi Baraiazarra zuzendariak jaialdiaren atal garrantzitsuenen berri eman du.

Jakina denez, pelikulak dira 'Mendi'-ren zutabe nagusiak; izan ere, abenturan eta mendian oinarritzen diren zintak lehian izango dira. Aurten, adibidez, 226 aurkeztu dira sail ofizialerako. Baina 40 izan dira hautatuak. Zabalandi sailean, berriz, bederatzi proposamen daude. Hamabi sari banatuko dira, eta lan horiek argitzen jardungo dutenak bost epaimahaikide izango dira: Michael Dillon, Joni Cooper, Oscar Gogorza, Toon Hezemans eta Haizea Huegun.

Sari nagusiari dagokionez, irabazleak Eguzkilore garaikurra (Iñigo Aristegik eginikoa) eta 6.000 euro jasoko ditu. Euskarazko film onenak beste “kide” batzuk izango ditu alboan: zuzendariarena, gidoiarena, epaimahairena, kirol eta abenturarena…

Euskalduna Jauregia eta BBK aretoa egoitza nagusiak izango dira. Denera, 24 zine saio eskainiko dira eta 4 Mendi Talk edo liburu-aurkezpen egingo dira. Antolatzaileek aurreratu dute Euskalduna Jauregia indartu egingo dutela: «Pelikulak ikusteaz gain, hiru erakusketa eta beste ekimen batzuk egoitza horretara eramango ditugu».

Egitarau zabala

Esan dugun bezala, abenduaren 6an Mendi Film Jaialdiak ateak zabalduko ditu. Hasiera ekitaldian WOP Mendi Film Saria banatuko da. Sari berezia izango da; izan ere, aurten ehun urte bete ditu Alpinismoko Euskal eta Nafar Federazioak. Hortaz gain, “Nuptse. L'inaccessible inconu” eskainiko da.

Beste une berezi bat biziko da hasiera ekitaldi horretan. Gogoan izango dituzte joan den udaran zendutako Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima japoniarrak. Bilbon izango dira Hiraideren alarguna eta seme-alabak.

Bestalde, ekitaldi aurkezpen horretan antolatzaileek nobedade baten berri eman dute. Hamazazpigarren edizioak haurrak kontuan hartuko ditu, eta, horretarako, “Gau Magikoa” egingo du abenduaren 14an. Ipuinak, antzerkia, musika eta proiekzioak uztartuko dituzte: «Istorio bat, Les Bobé-Bobé konpainiako kideek antzeztuko dute, eta hura lotzeko lau pelikula eskainiko ditugu: “Leizeta”, “Chimborazo”, “Fallin” eta “Spring”. Den-dena laburrak: 8 eta 11 minutu artekoak».

Urtero legez, erakusketek toki berezia izango dute Mendi Film Jaialdian. Hiru ikusgai izango dira: CVCEPHOTO 2024, Gailurretan Izan Gaitun eta 1974ko Tximist Espedizioa: 50 urte geroago. Hortaz gain, mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldi bat antolatu dute. “Mendi Pro” izeneko atal horretan sektorean lan egiten duten profesionalei eta industria horretan murgildu nahi duten zaleei zuzenduta dago.

Amaitzeko, gogoratu behar dugu euskal jaialdi horretatik igaroko diren milaka zaleez eta ikusleez gain, izen handia duten nazioarteko protagonista batzuk hurbilduko direla Bilbora: Helias Millerioux, Eric de Luca, Eliza Kurbaska, Silvo Karo, Thomas Huber…