Miren Amuriza Plazak ‘Pleibak’ aurkeztu du, «festa dosmilero bat, gure erreferenteekin»
‘Pleibak’, bere bigarren nobela, plazaratu du Miren Amuriza Plazak Susa argitaletxearekin. «Pleibak esaten den moduan idazten da eta da zure umetako lagunik onenarekin bere etxeko komunean isil-gordeka sartzea eta atea kisketarekin ixtea», adieraziz hasi du berriztarrak bere aurkezpen ederra.
Bigarren nobela dakar Miren Amuriza Plazak, ‘Pleibak’ (Susa). Duela bost urte argitaratu zuen lehenengoa, ‘Basa’ (Igartza bekaren irabazlea, Elkar), eta hura istoriotik abiatu zen bezala, honakoak hizkuntza izan du hasiera.
Bertso saio musikatu bira bat ere antolatu dute liburuaren aurkezpen gisa, Miren Narbaiza Mice eta Amuriza saio guztietan izanen dira, testuekin eta musikarekin, eta bertsolariak binan-binan joanen dira kantatzen: Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Saioa Alkaiza, Uxue Alberdi eta gehiago. Lehenengo saioa igande honetan izanen da, Berrizko kultur etxean, eta ondorengoak hemendik otsailera bitartean Iruñeko Laban, Bilboko Biran, Aiaraldea ekintzen faktorian eta Markinako Uhagon kulturgunean.
Leire Ziluaga editoreak azaldu duenez, ahots nagusi bat dago beste norbaiti zuzentzen zaiona. Jone da bata, narratzailea, eta Polly bestea. Ez dugu bigarren honen ahotsa zuzenean entzungo, Joneren narrazioaren bitartez baino ez dugu ezagutuko. Ze izen duen ere ez dakigu, Jonek erabiltzen duen ezizen hori bakarrik, Polly, Pocket panpinengatik.
15-16 urte inguru dituzteneko ikasturte bat kontatzen da nobelan. Gertakizunak ordukoak dira: Morora bidaia, institutua, Antzar Eguna, istripua, dena egiteko gogoz gaudeneko zurrunbiloarekin. Baina urte batzuk geroagotik kontatua dago dena, Jonek eta Pollyk aspaldi harremana galdu duten sasoi batetik. «Elkarren arrotzak diren gaurtzarotik». Denbora osoan jasoko ditugu bi plano horiek nahasian. Batetik, gaztaroko intentsitatea, gauza bat bestearen ostean gertatzen, eta bestetik, laino bat balitz bezala, kontakizunari geruza bat gehitzen, zirrikituetatik sartzen, nagusia deneko begirada hori: zer gertatu den, zer gertatuko den dakien begirada hori, apurketaren begirada hori.
Ahozkotasunetik hurbil
Lau parte ditu liburuak, guztira 40 atal labur. Hain zuzen ere, zu bati ari zaiolako, ahozkotasunetik hurbil dagoen testu bat sortu du Amurizak. «Euskararen sintaxian zutabetuta, lexikoari zukua ateratzera jo du, zikintzera, apurtzera, Jonek nola hitz egingo lukeen, horretara hurbiltzera. Hizkuntzan ere bagarelako nor. Hizkuntza zikin horretan iristen zaigu Pollyk oraindik ere sortzen dion emozio zurrunbiloa. Kariñoa, bestearenganako tiradizoa, ez ulertzea, amorrazioa», adierazi du editoreak.
Azalaren egileak Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai dira.
Review eta play, kodeak ulertu arte
Amurizak testu zoragarri bat irakurri du Donostiako ekitaldian, liburua eskuratzeko gogoaren pizgarri. Pasarte batzuk jaso ditugu hemen. Adibidez: «Atepetik eskapatu zitzaigun pre-helduaroaren tenpoak berreskuratzeko saiakera bat da. Review eta play. Review eta play. Review eta play, play, play, inguratzen gintuzten kode nahasi haiek guztiak ulertzera iritsi arte».
«Lehenengo kodea: baserria. Gurean domeketan mezetara, astelehenetan batzokiko juntara eta gauza bakoitzari bere izenetik. Ezker abertzalearen bueltakoei HBkoak esaten zaie, konpainia elektrikoei Iberduero eta eguraldi gizonei Andoni».
«Bigarren kodea: instia-institutua-instiputoa. Klasera gosaldu barik joaten da eta bonba abisu faltsuak zabaltzera autobus geltokiaren ondoko telefono kabinara».
«Hirugarren kodea: lokala. Zarama sofak eta alfonbra lohiak. Ping pongeko mahaia, telebista, play stationak, kaxa fuertea esaten zaion mikrohondas bat eta posterrak. Etsaiak, Eskorbuto, Fernando Alonso, Pamela Anderson. Eta mutil kuadrilla bat lagun bati mamada bat egiteko pagatu dioten neskari buruz berbetan».
«Laugarren kodea: txosnak. Paparrean preso baten pegata daraman preso baten argazkia kamisetan daukan presogaia. Gizon gaztea eta zu, adolestonta random bat jendetza alkoholizatu baten erdian Goi Gerlariarenak egiten: ‘Pero alguien debe tirar del ga...’».
Akzidente sorta eder eta min bat
«Pleibaka da Britney Spears eszenatokiaren erdi-erdian erortzea eta abestiak ahots eta guzti aurrera jarraitzea», definitu du bertsolari eta idazleak, irriak ihes egiten diola.
«Akzidente sorta eder eta min bat, nerabezaro desbordante bat, adiskidetasun genuino bat, neskato bi beren lehenengo bikote harremana esperimentatzen horretan ari direnik konturatu gabe. Enamoramendua eta idealizazioa, monogamia eta zeloak, haustura eta dolua. Min egin nizun, min egin zenidan, eta tristura ukigarri bat etortzen zait ikusten zaitudan bakoitzean. Gu helduak zein lagun mota izango liratekeen jakin barik geldituko gara, tia».
Mahai ertzetako ohar amorosoak
Pleibak festa gisa definitu du berriztarrak. «Festa dosmilero bat. Su Ta, Hemendik At, Safri Duo eta Chenoa. Licor43a, tigretoiak, doritosak eta cheetosak. Gure festa. Gure erreferenteekin: Matilda, Buffy cazabampiros». Honaino iritsita, aitorpen bat egin du: «Geuk ere ez genituen George Brassens, Corto Maltese eta Olivettia ezagutzen, baina geuretu genituen. Furby bat zer den ez dakienak Googlen begiratu dezakeela, alegia», irriz berriz, idazlea eta entzuleak.
Pleibak bat egitea etengabe entseatzea da, beti gelditzen delako dudaren bat, beti alda daitekeelako zeozer, beti erakutsi diezaiokezulako lagunen bati.
Horrexegatik amaitu du hainbat koaderno eta mahai ertzetan boligrafoekin ohar amorosoak idatziz: «A. M. Z». «Pleibak bat egitea zure lagunik onenaren etxeko komunetik irten eta jendaurrean jartzea da. Erdi-erdian. Zerogarren posturan. Pleibak guztiak hasten ziren posturan. Hiru, bi, bat... play!».