Athleticek distira egiten jarraitzen du Europan, Simonen itzuleran eta Boiroren estreinakoan
Athleticek beste garaipen bat erdietsi du Europa Ligan. Elfsborg talde suediarra garaitu du ostegun honetan, multzoen faseko bosgarren jardunaldian, eta modu honetan, partidarik galdu gabe jarraitzen dute zuri-gorriek, sailkapenaren goialdean indartsu mantenduz.
Athleticek 3-0eko markagailuarekin garaitu du Elfsborg talde suediarra, Europa Ligako bosgarren jardunaldian. Boirok ireki du markagailua, elastiko zuri-gorriarekin golegile modura estreinatuz, eta Beñat Pradosek handitu ditu aldeak, jokoa orduerdira iritsi aurretik. Bigarren zatia hasi eta berehala, Guruzetak egin du hirugarren gola, Boiroren pase ederra sareetara jaurtita.
Modu honetan, partida erosoa jokatu dute Ernesto Valverderen mutilek eta sailkapenaren goialdean indartsu mantentzen dira –final zortzirenetako txartela ere gertu daukate–, txapelketa kontinentalean partidarik galdu gabe.
Athleticek zailtasun handirik gabe eskuratu du atzo Europa Ligako laugarren garaipena. Bosgarren minuturako estreinatu du markagailua Adama Boirok, elastiko zuri-gorriarekin lehen gola ospatuz. Iazko denboraldian, neguko merkatuan, Taxoaretik fitxatutako hegaleko jokalariak partida bikaina sinatu du, protagonista izan baita 3-0koan ere, Guruzetak aldageletatik bueltatu eta segituan sartutako golean.
Zelaian nagusi izan dira Valverderen gizonak, hasi eta buka. Espero zitekeen zuri-gorrien nagusitasuna, estatistikak alde zituztelako. Estatistika orokorrez ari gara, noski, talde suediarrak lehen aldia baitzuen Bilbon, San Mamesen, eta tradizioak errespetatuz, ‘Pitxitxiren’ oroigarriari lore eskaintza egin diote bi taldeetako kapitainek.
欄 @IFElfsborg1904
— Athletic Club (@athletic_eus) November 28, 2024
Talde suediarrak, lehen aldiz San Mamesen, ohiko lore-eskaintza egin dio 'Pitxitxi'-ren bustoari.#AthleticElfsborg #UniqueInTheWorld 女 pic.twitter.com/K9gnu6dvkn
Hemezortzi urteren ostean berriz ere Europan barrena lehiatzen ibiliz ospatzen ari da mendeurrena talde suediar hau. Athletic, bestalde, anbizio aseezinarekin dabil, San Mamesen jokatuko den final hori begien artean duela. Hala, bi taldeen asmo eta kalitateen arteko diferentzia segituan nabaritu da zelaian ere.
Suediarrak apenas hurbildu dira zuri-gorrien atera. Unai Simon zegoen han, esperoan, aurtengo sasoian bere lehen partida jokatzen. Ez du lan askorik izan eta, beraz, Murgiako atezainaren itzulera beste batzuk eklipsatu dute. Zehazki, golegileek.
Eroso eta eraginkor
Adama Boirok ireki du markagailua, bosgarren minutuan, estrategia jokaldi batean adi ibili eta baloia azkar kolpatuta, Pettersson atezainari erreakzionatzeko astirik eman gabe. Inspiratuta egon da ezker hegaleko jokalaria, Europan jokatzen zuen bere lehendabiziko partidan. Gutxika-gutxika Valverde jokalari gazte honi minutuak ematen dabil –ligan bost partida jokatu ditu, horietatik lau hasieratik–, eta Boiro, txiri-txiri, erantzuten ari da.
Teknikariaren konfiantza sobera irabazita duena Beñat Prados da. Gakoa da Athleticen jokatzeko moduan, argitasuna eta lana eskaintzen dio taldeari eta, ostegun honetan, baita gol bat ere. Partidako bigarrena egin du, lehia orduerdira iritsi aurretik, ezker hegalean Nico Williamsek garatu duen jokaldia burukada ederrez errematatuta. Atzelarien lerroa ezustean bizkarretik hartu eta arean sartu da erdilaria, Williams gazteenak erdiratu duen baloia indartsu sareratzeko.
Jokaldiak garatzen, baloia intentzio osoz mugitzen eta gosez aritu da Athletic, arriskua sortzen. Lehen zatiko nagusitasunak bigarren zatian jarraitu du eta, zenbait erasoko jokaldi ezerezean geratu ostean, Boiro eta Guruzetaren arteko konexioa gailendu da. Hegaleko nafarrak ongi gainditu du arerioa, baloia bularrez eramanda, eta honen erdiraketa ongi aurkitu du gero donostiarrak.
Valverdek aulkia mugitzeko baliatu du markagailuko alde handia. Eta gol gehiago egiteko abaguneak sortzen segitu dute zuri-gorriek, denak fin baitaude, eraginkor, zaleengan zirrara eraginez.