Euskal aurkezle eta bakarrizketari baten erasoak salatu ditu neska talde batek
Euskal komunikabide desberdintan aritzen den gazte oñatiar baten erasoak salatu ditu neska gazte talde batek X sare sozialean. «Eraso fisiko, sexual, psikologiko eta hitzezkoak» jasan dituztela adierazi dute. EITBk bertan behera utzi du kautelaz bere edukietako baten ekoizpena eta emisioa.
«Euskal komunikabide ezberdinetan ezaguna den mutil gazte» batek eginiko erasok salatu ditu emakume gazte talde batek X sare sozialean. @bukatu_da_showa izena duen kontuan egin dute publiko pertsona honen aurkako salaketa igande arratsalde honetan, «nazkatuta» daudelako.
Izen-abizenik aipatu gabe, gazte hori «erasotzailea» dela diote. «Herri ezberdinetan mugitu da oholtza gainean euskal artista ezberdinekin elkarlanean», eta umore arloan «bakarrizketa zein show ezberdinak gidatu» dituela aipatu dute. Zehaztu dute, halaber, gizon horrek «programa propio bat» daukala.
Diotenez, oñatiarra da eta «karisma handia» du, «baita babes soziala ere», baina «txanponaren alde bat baino ez da hori». Hala, «toki ezberdinetako gazteak hori salatzeko antolatu eta salaketa publikoa egiteko helburuz sortu dugu kontu hau», azaldu dute ekimenaren sustatzaileek, «ez baita eraso bakarri izan».
Hainbat neska erasotuak izan gara mutil berdinaren partetik. Honek ostera, oholtza hartu izan ohi du, baita botere hori baliatu ere.
— bukatuda_showa (@bukatu_da_showa) December 1, 2024
Nazkatuta gaudelako, komunikatu hau plazaratzeko hautua egin dugu.#bukatudashowa pic.twitter.com/rwIoTOUQ8I
«Denboran iraun» eta «ugaritu egin dira»
Argitaratu duten oharrean diotenez, «asko izan gara gizon honen eraso fisiko, sexual, psikologiko eta berbalak jasan ditugunak; ez behin, ez bitan... erasoek denboran iraun dute, eta gainera ugaritu egin dira», ziurtatu dute. Beren ustez, egoera honek «ezin du isilpean jarraitu», eta «neurriak eta erantzukizunak hartu behar dira».
Salaketa publiko honekin, gainera, eraso berriak geratzeari ateak itxi eta emakume gehiago arriskuan ez egotea bilatzen dute. «Gure artean antolatu gara, babestu eta zaindu gara; zu ere erasotua izan bazara, jakin, babestuko zaituen sare bat dagoela», nabarmendu dute.
«Erasorik ez erantzunik gabe. Erasoen aurrean, autodefentsa feminista» esanez bukatzen dute X-en zabaldu duten testua.
EITBk bertan behera utzi du bere edukietako baten emisioa
Salaketaren berri izan ostean, Euskal Irrati Telebistak jakinarazi du bertan behera utzi duela, «kautelaz», bere edukietako baten ekoizpena eta emisioa, «ikus-entzunezko edukiak egiten dituen ekoiztetxe batek jakin baitu taldeko kide baten aurka eraso sexistak salatu direla».
Bere webgunean azaldu duenez, EITBk programa horren produktore arduradunarekin koordinatuta hartu du kautelazko neurri hori, «gertakariak argitu eta dagozkion protokoloak aplikatu arte».
Era berean, nabarmendu du EITBk «gaitzespen eta zero tolerantzia jarrera» duela «emakumeen duintasunaren eta eskubideen aurka doan edozein portaeraren aurrean».
Beste kontu bat
Pasa den ostiralean bertan, sexu-abusu eta erasoen inguruko salaketak publiko egiteko Instagram plataforman sortutako beste kontu baten berri eman zuen NAIZek. Astebetean ehun bat gertakari jaso ditu denuncias_euskalherria izeneko kontu horrek, horietako batzuk musika teknikari baten inguruan.