INFO

Gaztelumendi, Martin, Iguaran, Labaka, Elustondo, Artetxe, Rekondo eta Peritz, Illunbera

Arrasateko azken finalerdia bukatuta, itxi da Gipuzkoako finalisten zerrenda. Lehen aldiz, emakumeak gehiago izango dira kopuruz eta hiru finalista berriak izango dira.

Iguaran eta Rekondo, pozik finalerako txartelarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arrasateko finalerdia amaituta itxi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten zerrenda. Honakoak izango dira datorren abenduaren 14an Donostiako Illunben arituko direnak: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz ‘Euzkitze’.

Finalerako azken txartela Euzkitzek berak erosi du 512 puntutan. Maider Arregi ate-atean geratu da 511 punturekin. Oñatiarrak aparteko saioa egin du Arrasaten eta kinielak estu ziren. Azkenean, baina, bederatzigarrenaren postu mingots horretan geratu da Arregi. Oihana Iguaranek saioaren amaierako agurrean kantatu duenez, «hainbeste sormen ezin da zortzi aulkitan eseri». Eta horixe gertatu da, Illunbeko aulkiak motz geratu direla. Horixe lehiaren punta mingarrienetakoa. Finalak handia izateko osagarriak izan baditu, askotariko bertsokerak eta pausajeak topatuko dira oholtzan. Lehen aldiz, emakume finalista gehiago izango dira eta hiru bertsolarik lehen finala izango dute, Artetxek, Rekondok eta Peritzek.

Arrasateko azken finalerdia

Giro beroa eta tentsioa arnasten ziren Arrasateko Uarkapen. 1.300 lagunetik gora bildu dira azken finalerdia gozatzera. Saioa goitik hasi da, zorrotz eta bizkor. Puntukako ariketatik aurrera nahastu egin da pixka bat, baina hala ere distira uneak marraztu dituzte bertsolariek. Hiru finalerdiak kontuan hartuta, Arrasatekoa izan da puntutan baxuen kokatu dena. Oihana Iguaranek 519 punturekin lortu du lehen postua (Gaztelumendik 560,5 lortu zituen Oiartzunen eta Martinek 544,5 Zarautzen). Hartara, lehen postua entzunda, kalkulagailuak sutan jarri dira. Hauxe, Arrasateko sailkapena:

Oihana Iguaran Barandiaran: 519

Andoni Rekondo Izagirre: 513,5

Maider Arregi Markuleta: 511

Agin Laburu Rezola: 499

Eñaut Martikorena Lizaso: 482

Iñaki Mantzizidor Larrañaga ‘Mantxi’: 478

Hartara, lehen biek lortu dute Illunbeko finalerako txartela. Agin Laburu, azken bi finaletan finalista izandakoa, hitzordu handitik kanpo geratu da, pena handiarekin gainera, bukaeran adierazi duenez. Jende artean zegoen alabari kantatu dio, triste eta samur. «Alaba publikoan hor det bilatua/ zemuz hago Elene hango sillakua/ aitak latza hartu din gaur makilakoa/ baina segi bertsotan marabillatua/ trentza hoiek bezela korapilatua».

Bertsoaren soka tenkatuta

Arrasateko saioa goitik hasi dute orokorrean sei bertsolariek. Itxura ederra hartu du finalerdiak zortziko handitik bertatik. Iguaran nabarmendu da ariketa horretan. Mantxi eta biak aritu dira, X saretik atera edo ez erabakitzen ari diren hedabide bateko arduradunen azaletik. «Anonimoki jardun direnak nahiz izan nahiko botere/ guk egunkari nazional gisan egiten degu mesede/ euskaraz nonahi ta noranahiko agertzea baita xede/ gure hizkuntzak egon behar du nahi ez dun tokitan ere», bota du Iguaranek.

Zortziko txikian berotu da saioa. Binaka, rolak emanda, launa bertso osatu dituzte bertsolariek. Saio onak joan dira ariketa honetan, publikoaren gozagarri. Mantxi eta Rekondo abiatu dira, lehena postaria eta bigarrena, bizilaguna. «Zure bizitzan bada nahi ez beste krisi/ horren mutil argia jator eta bixi/ beti ertetzen zera ‘zer ze berri Mantxi’/ ba gaur ere etzaizu kartarik iritsi», hasi du ariketa Mantxik. Eta, Rekondok, erantzuna, «Goizeroko kaixoa adeitsuen arau/ zerbait ba al da Mantxi ta gaur ere barau/ egunen zenbat karta dauzkazu hiru-lau/ zuk lana mantentzeak horrek harritzen nau». Hernaniarrak saio ona egin du, ariketa guztietan piztu du txisparen bat eta pozik eseri da saioa amaituta. Finalerako kinieletan zegoen eta sartu da Illunbeko langan.

Laburuk zortziko txikiko ariketa honetan jo du goia, bere-berea duen etorriarekin. Martikorena eta biak egokitu dira, lehena igarlea eta Laburu, bezeroa. «... hara hemen lau karta batezko besteko/ sega luze bat dauka enuen usteko/ garaia ote dan ba belarra mozteko», eta antzeko perlak utzi ditu Astigarragakoak.

Ganbarakoa seiko motzeko neurrian eta binaka josi behar izan dute bertsolariek finalerdietan. Hauxe zen Arrasateko gaia: Lankideak zarete. Urte asko daramatzazue elkarrekin lanean. Azkenaldian urduri joaten zarete lantokira. Maider Arregi eta Mantxi hasi dira ariketan. Arregik ireki du bidea, DBHko irakasle biren paperean. Honakoa, Arregiren bigarrena: «Amenaza bota zuri/ nik ere jaso ditut bi/ bideojokotan biolentziaz hamaika irudi/ ta sentitzen naiz urduri/ sarri aurpegia zuri/ pantaila gabe monoak jota daudela dirudi». Arregik benetan saio ona osatu du eta askotan izan du hanka bat finalean, edo biak. Azkenean puntu batek zangotrabatu du, baina bertsolari eta pentsalari handi bat dela erakutsi du oñatiarrak.

Adibidez, azken ariketan, bakarkakoan, sekulako distira atera dio gai ez oso samur bati. Hauxe zuen gaia: Urteak daramatzazu sexu bidezko gaixotasunei buruzko hitzaldiak ematen. Datuen arabera, goraka doa kutsatuen kopurua. Pedagogia ariketa izugarria egin du Arregik. «...izan daiteke sifilis, izan leike papiloma/ ta beti agerikoa ez da izaten sintoma/ nik ez ditut bereizi nahi sexu txarra eta ona/ bakarrik informatzera bidali ohi naute hona», bukatu du bigarrena.

Puntukako ariketa ere binaka josi dute. Martikorenak eta Mantxik saio bizia josi dute. Durangoko postuan sinatu eta sinatu ari zirela. Zirto ederrak utzi ditu Martikorenak, entzulea harritzeko daukan bere gaitasun berezi horrekin. Gaur ere erritmo bizian aritu da orokorrean, askotan txaloen gainetik kantuan hasiz, txaloak amaitzeko denborarik eman gabe.

Finala, abenduaren 14an

Mantxik saioa ondo hasi du, baina goitik behera etorri da. Azken agurrean kantatu duenez, txapelketako oholtzatik erretiratuko da zarauztarra, baina plazako jardunean jarraitukon du. «...nahiz ta Illunben Mantxi ez izan bertso eskaparatean/ bertsoz jantzita jarraitu nahi det auzoz auzoko trotean/ erabat modaz pasatzen ez banaiz segiko det stokean».

Eta iritsi da Gipuzkoako Txapelketa azken mailara, datorren abenduaren 14an Donostiako Illunben jokatuko den finalera. Bost urte pasatu dira azkenekotik eta publikoa bertso gose eta egarri dago. Eta bertsolariak, emari aberatsarekin.