5.600 sinadura batu ditu Aiaraldeko Greba Batzordeak «osasun sistema publiko eta duinaren alde»
Aiaraldeko Greba Batzordeak 5.600 sinaduratik gora bildu ditu «osasun sistema publiko eta duinaren alde». Eskualdeko osasun zerbitzuetan gabezia ugari identifikatu dituzte eta horiek konpontzeaz arduratu dadin eskatuko diote Osakidetzari, abenduaren 12an, batutako sinadurak entregatuta.
Aiaraldeko Greba Batzordeak sinadura bilketa burutu du «osasun sistema publiko eta duinaren alde». Batu dituzten 5.646 sinadurak abenduaren 12an entregatuko dituzte Osakidetzaren zerbitzu zentralen egoitzan, Gasteizen. Adierazi dute eskualdeko biztanleriaren %13,2ren sinadurak jaso dituztela eta azpimarratu dute eskaera izenpetu duten gehienak edadetuak direla.
Izan ere, Aiaraldeko osasun zentroetan, lantegietan, hezkuntza zentroetan, merkatuetan, baita kalean bertan ere izan dira dozenaka boluntario sinadura bilketa burutzen, joan den urriaren 7an hasita. Greba Batzordeak azaldu du ekimenak «oso harrera ona» izan duela, hain zuzen ere, 5.600 sinaduratik gora batu dituzte.
Ekimenaren bidez eskakizun zehatzak helarazi nahi dizkiote Lakuako Osasun Sailari. Laudioko eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneak, izenak berak dioen bezala, etengabe zabalik egon daitezen, txanda guztietan beharrezko kategoria guztietako profesionalak egotea galdegingo dute. Halaber, eskualdeko Osakidetzako gainontzeko azpiegituretan ere beharrezko giza baliabide guztiak egotea bermatu dezaten nahi dute, medikuak barne, baita Laudioko anbulantzia medikalizatuko txanda guztietan ere bai.
Horretaz gain, herritarren oinarrizko asistentzia zerbitzuak izateko eskubidea aldarrikatu dute eta Osakidetzari hura bermatu dezan exijituko diote. Ildo beretik, Buru Osasunerako Zentroko arreta jasotzeko horrenbeste itxaron behar ez izatea, egun psikiatrak edo psikologoak artatu ditzan zerrenda luzeei egin behar baitiete aurre eta kalitatezko arreta jasotzeko oztopotzat jo du Aiaraldeko Greba Batzordeak.
Datorren astean, hilaren 12an, entregatuko dituzte jasotako sinadurak zein azaldutako eskaera zehatzak Osakidetzaren zerbitzu zentralen egoitzan. Hori dela eta, herritarrei gerturatzeko deia egin diete, Aiaraldeko Greba Batzordeko kideekin batera 12.00etan Gasteizko Araba kaleko 45.ean izan daitezen.