EH Bildu eta EH Bairen ustez, «anbizio handiko hizkuntza politikak» martxan jartzeko unea da
Euskararen biziberritzearen beste aro baterako politika publikoetan arreta jartzea beharrezkoa dela uste dute EH Bilduk eta EH Baik, astearte honetan plazaratu duten agiri bateratuan jasotzen denez. EAJk, ordea, ardura euskal hiztunek hartu behar dutela uste du, instituzioei «konturik eskatu gabe».
Astearte honetan, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ohar bateratua zabaldu dute EH Bilduk eta EH Baik. Bertan, euskararen biziberritze prozesuan «beste aro bat irekitzeko politika publiko estrukturalak eta esponentzialak» proposatuko dituztela adierazi dute. Eta horretarako, alor bakoitzean aurreikusitako urratsak zerrendatu dituzte.
Bide bat proposatu dute alderdi subiranistek: «Euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna erdigunean jarri nahi dugu, hezkuntza sisteman, hizkuntza harreran protokoloan eta euskalduntze eta alfabetatzearen sektorearen bidez». Lehen urratsa hori izango dela aurreratu dute; ondoren, erabilerari erreparatu diote, eta azaldu dutenez erabilera espazioak eratu eta «arnasgune sozio-funtzionalak sortzeko ahaleginak biderkatzeko proposamenak» egingo dituzte lan munduan, eskolaz kanpoko aisialdi antolatuan, udalerri euskaldunetan eta administrazioan.
Horrekin batera euskararen ekosistema elikatuko duten bideak garatzearen beharra azpimarratu dute, batez ere, komunikazio esparruan, kultur sisteman, ikus-entzunezko sektorearen eta adimen artifizialaren bidez. «Eta hori guztia berme osoz martxan jarri ahal izateko, aterbe juridiko-politikoa eraikitzearekin batera egin nahi dugu», zehaztu dute.
Euskaldunen komunitatea aktibatuko duen mezua eta diskurtsoa behar dela gaineratu dute, eta mezu hori «hizkuntza eskubideen errespetutik, herritar guztien arteko berdintasunetik eta euskaldun izatearen harrotasunetik etorriko da», jaso dute oharrean. «Nortasuna ematen digun hizkuntza bat daukagu, komunitate zentzua elikatzeko eta arnasberrtze nazionala indartzeko oinarrizko erregaia, eta hizkuntza hori kohesiorako tresna eraginkorra izatea dugu amets», esanez amaitu dute agiria, bide horri ekiteko beraien konpromisoa adieraztearekin batera.
Adostasunetarako unea
Euskararen berreskuratzean geldotze aroa atzen utzi eta indartze aro berri bat irekitzeko momentua dela azaldu dute, «anbizio handiko hizkuntza-politika martxan jartzekoa». Eta horretarako, ezinbestekotzat jo dute helburuak garbi markatu eta adostasunak bilatzea.
Hizkuntza harrera eraginkorra eratzearen beharra ere presente dute bi alderdiok: «Euskal Herrira iritsi, iristen eta iritsiko diren gizon-emakume horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu, eta hizkuntza inklusiboa oparitu: euskara ezagutzeak eskubide soziala izan behar du, eta euskara ikasteak, doakoa eta unibertsala. Asmatu behar ditugu euskara irakasteko metodo malguak eta doituak, etorri berrienegoerak askotarikoak eta berriak izango direlako».
EAJk euskal hiztunengan arreta
EAJk ere, bere aldetik, agiria plazaratu du Euskararen Nazioarteko Egunean, eta hiztunengan jarri du arreta alderdi jeltzaleak: «Egun, badioskute euskara larri dagoela. Egia da. Larri dago. Badioskute ofizialtasuna eta lege eremua direla arazorik latzenak euskarak bizirik iraun dezan. Egia da: ofizialtasuna eta lege eremua bidelagun onak dira, baina ez dira nahikoak, euskarak betiren beti iraun dezan. Euskaldunon hauspoa ezinbestekoa da».
Jarraian gogoratu dute, euskaldunek egundaino behintzat, beraien artean euskaraz jardun dutela bai familian, bai lagunartean, eta eremu horietan ez dagoela «atzerri herrietako botereen eraginik. Euskaldunok euskaraz badihardugu gure artean, guri bost bestek zer dioen».
Inori «konturik» ez eskatzeko dei egin du EAJk: «Ez dezagun itaundu ea zer egingo duten instituzioek euskararen alde. Egin dezagun euskaraz».
Doakotasunerantz
Podemos Ahal Duguk, euskararen ikaskuntzaren doakotasuna eta euskaltegien sarearen funtsezko papera aldarrikatu ditu: «Euskara ikasteko muga guztiak ezabatu behar ditugulako, herritarren errenta maila oztopo izan ez dadin gure hizkuntza ikasteko, euskaltegi batean izen emateko arrazoia titulu bat eskuratzea baino gehiago izan dadin, eta oraindik euskaraz ez dakitenek beren eguneroko bizitza arruntean erabiltzeko ikas dezaten».
Bestalde, digitalizazioa, komunikazio-tresna berriak, adimen artifiziala, teknologia berrien abiadura, gizartearen zahartzea edota migrazio-mugimenduak ere arreta jartzeko elementuak direla adierazi dute.