Lehen bertso-eskolako ikasle Arantzazu Loidik jantziko dio txapela irabazleari Illunben
Arantzazu Loidik jantziko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari datorren abenduaren 14an. 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria, berriz, Patxi Goikoleak emango dio.
Arantzazu Loidik jantziko dio txapela heldu den abenduaren 14an Illunben Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako garaileari, eta Patxi Goikoleak, berriz, 25 urtez azpiko bertsolari onenari emango dio saria, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.
Ohar batean gogoratu duenez, lehen haurren bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenak ardaztu du aurten bertso mundua, eta Almeneko bertso-eskolaren urteurrenak txapelketa izan du eszenatoki nagusi, lehen bertso-eskola horri omenaldia egin nahi izan baitio.
Hala, finalean ere «ez da gutxiagorako izango» eta Arantzazu Loidi Almeneko bertso-eskolako ikasle ohia eta Patxi Goikolea bere irakaslea izandakoa oholtzan izango dira Illunben, txapeldunari txapela janzteko eta 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emateko.
Arantzazu Loidi, Aretxabaletan jaio zen eta «azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da». Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, lehen haurren bertso-eskola hartako kide, «bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta». Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea.
1982an izan zen lehen plaza hori, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituen hurrengo urteetan, baita sariketak ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte, eta horixe izan zen bere azkena, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen.
Plaza utzi arren, ordea, ez zen bertsolaritzatik urrundu eta hamarkada luzez aritu zen gai jartzen eta epaitzen, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratu zituen, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak.
Patxi Goikolea, berriz, Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hirurak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, «eta bai lortu ere». 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren.
Hirukote horrek emandako pausoa «aitzindari» izan zen, proiektua hartu eta lurralde osoko ikastoletara zabaldu baitzuen Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak, gaur egungo Bertsozale Elkartearen hezkuntza arautuko programaren lehen pausoa.
Goikoleak epaile gisa egin zuen ibilbidea Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketetan eta epailetzako lehen irizpideak zehazten ere egin zuen lan. Gerora, gazte mailako zenbait sariketatan aritu da epaile, bere pasioa, belaunaldi berriekiko transmisioa, jarraituz.