8.667 bonu, kultura Gipuzkoa osora hurbiltzeko
Gipuzkoako Aldundiak Kultura Bonuaren kanpaina berria abiatu du: 8.667 bonu jarriko ditu herritarren eskura, eta horietatik 2.666 euskarazko produktuetarako soilik erabili ahalko dira. 71 establezimenduk hartuko dute parte.
Gipuzkoako Aldundiak Kultura Bonua kanpainaren edizio berri bat abiatu du. Guztira 8.667 bonu daude eskuragarri lurralde osoko 71 establezimendutan. Erraz ezagutzeko moduko bereizgarri bat izango dute, establezimenduan bertan kontsumitu ahal izateko.
Bonuak literatura, musika eta zinemarekin lotutako produktuak eskuratzeko (testuliburuak, ikasketetakoak edo profesionalak izan ezik) erabili ahal izango dira eta horietatik 2.666 euskarazko produktuetarako soilik erabili ahalko dira. Gainerako 6.001 bonuak beste hizkuntzetarako produktuak eskuratzeko erabili ahalko dira. Bonu horien bidez deskontuak izango dira hautatutako produktuetan: gehienez 12 euro euskarazko produktuak erosteagatik, 20 eurotik gorako erosketa eginda; eta gehienez 8 euro beste hizkuntzetako produktuak erosteagatik, 20 eurotik gorako erosketa eginda.
Kanpaina honen bidez, Aldundiak kultura-kontsumoa sustatu nahi du Gabonetan, eta urte osoan zehar zabalduko den dinamika positiboa sortu. Gainera, lurralde orekaren aldeko apustua egiten da, bonuak establezimendu bakoitzaren ezaugarrien arabera esleituz.
Aurkezpenean, Goizane Alvarez Kultura sailburuak eskertu egin du parte hartu duten establezimenduen inplikazioa, eta nabarmendu du, horiei esker, kulturak gure bizitzetan lehentasunezko lekua izaten jarraitzen duela. «Kanpaina hau berriro ere arrakastatsua izango delakoan gaude, gipuzkoarrei zein kultur merkataritzari mesede eginez», esan du.
Bonuak abenduaren 5etik 2025eko urtarrilaren 31ra erabili ahalko dira.
Parte hartuko duten establezimenduen zerrenda, lotura honetan.