INFO

Emakume gazteen %60 diskriminatuta sentitu dira eta %24k sexu jazarpena jasan dute sareetan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen egoeraren diagnostikoan ezberdintasunak nabarmenak dira emakumeen eta gizonen artean. Emakumeak hobeki prestatuta egon arren, behin-behineko enplegu gehiago eta soldata okerragoak dituzte. Gainera, %60tik gora diskriminatuta sentitu dira emakume izateagatik.

Zenbait emakume gazte, azken Martxoaren 8ko manifestazioan, Iruñean. (Iñigo Uriz | Foku)

Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak txosten bat osatu du, gazteen errealitatea hobeki ezagutzeko asmoz. Bertan, desberdintasun handiak ikusten dira emakumeen eta gizonen artean. Emakumeek behin-behineko enplegu gehiago betetzen dituzte, baita partzialak ere, eta soldata baxuagoak dituzte (199 euroko arrakala), nahiz eta gizonek baino prestakuntza hobea izan. Lau emakumetatik batek sexu jazarpena jasan du sare sozialetan, eta %60tik gora diskriminatuta sentitu dira egoeraren batean emakume izateagatik.

Behatokiaren dokumentuan jasotzen denez, 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen indizea %14,6 da. Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik jarraitzen badu ere, indize horrek hobera egin du 2017an hondoa jo zuenetik, eta 2011ko balio antzekoetan dago. EAEn 319.744 gazte zenbatu dira.  

Bertan bizi diren gazte atzerritarrak gazte guztien %15,4 dira, hau da, erregistratutako ehunekorik handiena da. Migrazio saldoa positiboa da: joaten direnak baino gazte gehiago etortzen dira.

Eskola uzten dutenen tasa baxua da

Hezkuntza goiz uzten dutenen tasa EBko batez bestekoa baino txikiagoa da: %6,7koa 2023an. Bilakaera positiboa izan du, gainera: 2010ean %13,1ekoa zen. 30 eta 34 urte arteko hiru pertsonatik ia bik goi mailako titulua dute.

Emakumeak gizonak baino gehiago dira unibertsitatean, baina zientzian eta teknologian graduatutakoen %33,1 baino ez dira.

16 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen enplegu tasa igo egin da, eta 2012tik izan den handiena da. 2023an, 16 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen %43k zuten enplegua. Bestalde, langabezia tasak (%2,6) jaisten jarraitzen du, eta 2008ra arte egin behar da atzera tasa txikiagoa aurkitzeko.

Behin-behinekotasunaren tasak ere nabarmen egin du behera, baina soldatapeko gazteen %46ri eragiten die oraindik. 2021ean, ehunekoa %65,5ekoa zen.

Emakume gazteak, pobreagoak

Generoen arteko desberdintasunak gaztetatik hautematen dira. Enplegu jarraitua duten emakumeen %42,9k lanaldi partzialean lan egiten dute. Gizonen kasuan, %24koa da tasa.

Orokorrean, behera egin du pobrezia egoeran dauden gazteen ehunekoak, 2008ko krisiaren aurreko mailetara arte, baina hemen ere genero ezaugarri bat ikusten da: emakume gazteak gizonak baino pobreagoak dira.

Emantzipazioa, 29 urterekin

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteak batez beste 29 urterekin emantzipatzen dira, baina lehenago ere emantzipatu nahiko lukete. Emakumeak gizonak baino urtebete lehenago emantzipatzen dira.

Merkatuko batez bestekoa baino etxebizitza txikiagoetara eta zaharragoetara jotzen dute, eta gutxi dira bakarrik emantzipatzen direnak.

Etxebizitza bat jabetzan edo alokairuan eskuratzeko zailtasun horrek eragina du gurasoen etxea utzi eta bizitza autonomoa hasteko momentua atzeratzean.

Suizidioa, lehen heriotza kausa

Gazteek garrantzi handia ematen diote osasunari, bai fisikoari bai mentalari. Gazte gehienek euren osasuna ona dela uste badute ere, osasunaren autobalorazio negatiboak gora egin du, batez ere gazteenen artean, 15 urtetik 19 urtera bitartekoen artean.

Suizidioa da gazteen lehenengo heriotza kausa. 15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen kasuak EAEn 2022an suizidioak eragindako heriotza guztien %8 dira.

Oro har, gazteen droga kontsumoa jaitsi egin da. Tabakoaren, alkoholaren eta kalamuaren kontsumoarekin lotutako osasunerako arrisku jokabideek behera egin dute, eta gora egin du jarduera fisikoak. Osasuntsu egotea eta itxura fisiko osasungarria izatea gero eta garrantzitsuagoa da gazteentzat.

15 urtetik 29 urtera bitarteko gazteen %16,3k sareen erabilera gatazkatsua egiten du, eta ehuneko hori handiagoa da emakumeen eta gazteagoen artean.  Gainera, sare sozialetako jazarpenak hamar gaztetik hiruri eragiten die, bereziki, emakumeei.

Kirol jarduera orokortu da

Lau gaztetik hiruk jarduera artistikoak egiten dituzte. Gainera, gora egin du kultur ekitaldietara joaten direnen kopuruak. Hamarretik zazpi zinemara joaten dira, erdia baino gehiago kontzertu eta kirol ikuskizunetara, %44,3 museoetara eta %23,8 antzerkira. Hirutik bik irakurri dute azken hilabetean, batez ere eleberriak.

Nabarmentzekoa da, halaber, kirol jarduera orokortu egin dela. Hiru gaztetik bik kirola egiten dute astean behin gutxienez.

Hamarretik zortzi ongi moldatzen dira euskaraz

15 urtetik 29 urtera bitarteko hamar gaztetik zortzik ongi hitz egiten dute euskaraz. Ehuneko horrek nabarmen egin du gora azken 20 urteetan; 30 puntu inguru Araban eta Bizkaian eta 20 puntu Gipuzkoan. Euskararen ezagutzak gora egiten du adinean behera egin ahala.

Euskararen erabilera handitu egin da lagunartean. 2001 eta 2021 artean irabazi metatua ehuneko 10 puntutik gorakoa izan da; %24,8tik %37,8ra igaro dira lagunartean batez ere euskara edo euskara eta gaztelania maila berean erabiltzen duten 16 urtetik 24 urtera bitarteko euskaldunak.

Lau gaztetik batek uste du atzerritar gehiegi dagoela

18 urtetik 29 urtera bitarteko hiru gaztetik ia bik diote politikan interes gutxi edo batere interesik ez dutela, nahiz eta gehienek ematen duten botoa. %44,7k elkarteren batean parte hartzen du eta %13,8k boluntariotza lanak egiten ditu. Azken atal hori gorantz doa argi eta garbi.

Lau gaztetik batek uste du atzerritar gehiegi dagoela bertan. Gazte gehienek uste dute, gehiegi izan gabe ere, atzerritar asko dagoela (%56,6).

Orokorrean, 15 urtetik 19 urtera bitarteko gizonen artean ultraeskuineko posizioak areagotzeko arriskua dago; abortua, eutanasia, LGTBI kolektiboaren eskubideak eta immigrazioa gutxien babesten dituztenak dira.

Feminista sentitzen diren gazteen kopurua, behera

Bere burua feministatzat duten gazteen ehunekoak behera egin du 2022tik 2020ra. Jaitsierarik handiena 15 urtetik 19 urtera bitarteko gizonen taldean izan da. Hala ere, prestakuntza eta esperientzia bera izanda, gizonek enplegu bat lortzeko aukera gehiago dituztela uste duten emakumeen ehunekoak gora egin du.

Hamar emakumetik zazpik beldurra sentitzen dute euren herrian edo auzoan gauez bakarrik dabiltzanean.

Emakume gazteen aurkako indarkeriaren tasa orokorra 9,8koa da 15 urtetik 29 urtera bitarteko 1.000 emakumeko. Tasa horrek adierazten du zenbat emakumek jarri duten salaketa bat (edo bat baino gehiago) genero indarkeriagatik beren adin talde bereko 1.000 emakumeko. Historiako gailurrik altuena da.

Gazteen erdiak baino gehiagok uste dute adin berean gurasoak baino egoera hobean daudela. Positiboki baloratzen dute euren egoera pertsonala euren bizitzako hainbat esparrutan, baina balorazioak ez dira hain positiboak gazteen egoera orokorrean ebaluatzen dutenean.