INFO

Mikel Linacisorok oso azkar sinatu du Siuranako ‘Estado crítico’ bidea (9a)

Mikel Linacisoro eskalatzaile bergararrak El Pati sektorean dagoen marra hori kateatzeko bospasei ekinaldi behar izan ditu. Linacisororen 9a mailako bosgarren ibilbidea da.

Mikel Linacisoro artxiboko irudi batean; Siuranan ‘Estado crítico’ sinatu berri du. (Mikel Linacisoro)

Batez ere nerabezaroan, Mikel Linacisorok ahoa bete hortz utzi gintuen kirol eskaladan eginiko igoerekin. 15 urterekin, adibidez, Etxauriko ‘Begi puntuan’ (9a) kateatu zuen; zailtasun hori lortzen Euskal Herriko zein gure ingurumariko gazte goiztiarrena izan zen. Ondoren, maila bereko beste marra batzuk heldu ziren: ‘Obaba’ eta ‘Il domani’ Baltzolan eta ‘Sistematik ihes’ Aizpunen. Denera, 9a zailtasuneko lau bide.

Ondoren, unibertsitateko ikasketetan buru belarri izan da, eta, nolabait esateko, etenaldia izan du bere progresioan. Baina medikuntzako ikasketak amaitu eta bere ibilbidean beste urrats bat emateko gogo izugarriekin itzuli da.

Bederen, lehen urrats horiek emaitza eder batean isla izan dute; izan ere, joan den asteburuan gai izan zen Siuranako ‘Estado crítico’ errepikatzeko. Gainera, oso ekinaldi gutxi behar izan ditu.

Linacisorok NAIZi aurreratu dio oso gogotsu dabilela garai bateko sasoia berreskuratzeko eta bide gogorrak probatzeko: «Unibertsitatea atzean utzi dut, eta bizpahiru urte hartuko ditut kirol eskaladan jo eta su jarduteko. Betiere, motibazioaren arabera. Lehiak ere helburu ditut, eta horretarako goi errendimenduko talde batean sartu naiz. Hain zuzen ere, David Macia buru duen San Cugateko (Herrialde Katalanak) taldean. Momentuz, oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin eta Davidek ematen dizkidan lanekin. Azken hilabeteotan sentsazio oso onekin nago. Eskalada-instalazio hauek ikaragarri onak dira; zoritxarrez, Euskal Herrian horrelakorik ez dugu. Joan den udaran oso gutxi eskalatu nuen; beste era bateko oporrak izan ziren. Baina orain topera nabil».

Antza denez, Maciarekin aurrera daraman lan horrek arrokan isla izan du. Bergararrak dio astean zehar entrenatzen jo eta su dabilela eta asteburuetan gogor estutzen duela harkaitzean. Siuranara bidaia bat baino gehiago egin ditu. Tarragonako eskalada eskola horretan dagoen ‘Estado crítico’ bidea helburu izan du, eta iragan asteburuan aukera izan zuen marra hori errepikatzeko.

Azkar

Eskalatzaile gipuzkoarrak ‘Estado crítico’ ezagutzen zuen: «Duela pare bat urte, lagun batzuekin Siuranara joan nintzen. Bide hori probatu nuen, baina onartu behar dut ez nengoela sasoian. Halere, bide horrek dituen mugimenduak zehaztu nituen, eta horrek lagundu nau azken egunotan egin ditudan saioetan arrakasta izateko».

Behin betiko ekinaldiei dagokienez, Linacisoro oso eraginkorra izan da. Kide batekin hurbildu eta lehen bisitan pausuak berriro probatu zituen. Hori egin eta gero, ekinaldi sendo bat egitea otu zitzaion: «Topera joan nintzen, eta oso goian erori nintzen. Egoera horrek motibatu ninduen; izan ere, neure burua ondo ikusi nuen ‘Estado crítico’ kateatzeko. Iragan asteburuan itzuli nintzen. Onartu behar dut baldintzak bikainak zirela: eguraldi ona eta hotza. Eta lehen ekinaldian erorikorik gabe iritsi nintzen katera. Duela bi urte probatu ondoren, azken bisita hauetan soilik bospasei ekinaldi behar izan ditut helburu hori sinatzeko».

Arestian aipatu moduan, bergararrak ondo ezagutzen du 9a maila. ‘Estado critico’-rekin bost ditu, eta argi du Kataluniako egonaldi horretan urrats gehiago egiteko aukerak izango dituela: «Oso pozik nago hemen. Gogor entrenatzen dut, eta poliki-poliki sasoia berreskuratzen ari naiz. Entrenamendu oso onak egiten ari naiz, eta arrokan ere gustura nabil. ‘Estado crítico’ egin eta gero, baditut beste helburu batzuk. Siuranatik atera gabe, badut begiz jota ibilbide historiko bat. Baina arrakasta izateko, gogor entrenatu behar dut. Zailtasunean gora egitea xede dut, baina jakin badakit horrek lan handia eskatzen duela».