INFO

Palestinako haurren «erailketa sistematikoa» eteteko eskatu dute Gasteizko Parlamentuan

Gure Haurrak ere Badira ekimenak, 200 guraso elkartek osatutakoak, zortzi eskaera «zehatz eta zuzen» egin ditu Gasteizko Parlamentuan, Palestinako haurren hezkuntza eskubidea bermatzeko eta hauen «erailketa sistematikoarekin» bukatzeko, besteak beste.

Gure Haurrak ere Badira ekimenak eta hauen babesleek Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Parlamentuan Palestinaren kontrako genoziodioaren aurkako neurriak hartzeko eskaera egin du Gure Haurrak ere Badira ekimenak, haurren «erailketa sistematikoa» eteteko, hain zuzen. Ehigek (Euskal Herriko Gurasoen Konfederazioa), Ikastolen Elkarteak, ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk babestuta agertu dira.

Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean egin dute eskaera asteazken honetan. Horren ondoren, agerraldia eskaini dute sindikatu eta elkarteetako ordezkariekin eta Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkidearekin batera. Markel Elortzak eta Izaskun Guarrotxenak hartu dute hitza ekimenaren izenean.

Azaldu dutenez, zortzi izan dira haur palestinarren eskubideak bermatzeko aurkeztutako eskaera «zehatz eta zuzenak»: genozidioa etetea eta berehalako su-etena; okupazioaren amaiera, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 242 ebazpenak jasotzen duena betez; errefuxiatuen etxera bueltatzeko eskubidea onartzea eta aldarrikatzea; Israelgo erakundeekin hezkuntza harremanak etetea; adingabeen eskubideak babestea, 300 kartzelan baitaude eta beraien bizitzak «arriskuan» daudelako; hezkuntza azpiegiturak berreraikitzeko diru-partida bat, erdia baino gehiago «suntsituta» dagoelako; korridore humanitario iraunkorrak irekitzea eta, azkenik, Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea aitortzea.

«Palestinako herria bizitzen ari den egoerak suminduta gaitu», adierazi dute. Gogorarazi dutenez, 50.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazan, horietatik 20.000 baino gehiago haurrak. Beste 1,9 milioi pertsona beren «etxeetatik bota» ditu, Gazako populazioaren erdia, eta Gazan eskolarik ez dagoenez, bertako haurrei hezkuntza eskubidea ukatu zaiela salatu dute.

«Zuen seme-alabak gureak dira»

Beraz, ekainaren 16an Bilbon aldarrikatu zutena gogora ekarrita, Palestinako herritarrei mezua helarazi diete: «Zuen seme-alabak gureak ere badira eta gurasoak gure neba-arrebak. Ez gara geldirik egongo, zuen mina ere gure barrenetan sentintzen dugulako».

«Bihar gure seme-alabek galdetuko digute zer egin genuen Palestinako herriaren aurkako genozidioa gertatu zenean. Bada, jakin dezatela Palestinako herriaren alboan egon ginela eta sionismoari aurre egin geniola eta beraien haurrak gureak direla aldarrikatu genuela», laburbildu dute.