Indarkeria matxista eta haren milaka aurpegiak erauzteko garaia dela aldarrikatu du Sortuk
Sortuk ekintza bat egin du Gasteizen, indarkeria matxista salatuz eta haren ondorioz eraildako emakumeak gogoratuz. Dei egin du «indarkeria horren askotariko aurpegiak errotik erauztera, ardurak hartzera eta kolektiboki ekitera».
Sortuk indarkeria matxista eta haren milaka aurpegiak ikusarazteko eta salatzeko ekintza ikusgarri bat egin du ostegun honetan Gasteizen. Dozenaka emakumek hartu dute parte Dato kaleko ekintzan. Indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian erail dituzten emakumeak izan dituzte gogoan.
125 emakume eta 12 ume hil dituzte 2003tik gaur arte; azkena, duela 5 egun, Pasaian-. Bertan bildutako emakumeek «erailketak indarkeria matxistaren adierazpenik gordinena direla, eta hari aurre egiteko gainerako milaka aurpegiak ere errotik erauzi behar direla» aldarrikatu dute.
18:30ean hasi da ekimena. Emakumeetako bat lurrean etzan da, maskara bat aurpegian eta gorputza odolez zikinduta. Esaldi matxistak bozgorailuetatik entzuten zirela, ‘Nahikoa da!’ idatzi du lurrean ekintzaileetako batek odolarekin, eta ‘Erail naute. Eta zer egin(go) duzue?’ zioen pankarta zabaldu dute. Jarraian, 2003tik hona indarkeria matxistaren ondorioz eraildako emakume eta umeen izenak esan dituzte guztiek, gogora ekarriz «bizitzak, izenak eta izanak daudela zenbaki gordin horien atzean».
Gizonak ez dira munstroak, matxistak baizik
Aiora Epelde Sorturen Nazio Kontseiluko kideak eta Plan Feministaren arduradunak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean: «Indarkeria matxista egiturazkoa da, bizitzako espazio oro zeharkatzen du, eta baditu milaka aurpegi: ezeztatzea, publizitate sexista, umore matxista, umiliatzea, mehatxatzea, sexu erasoak, bortxaketak... Guztiak berberak ez izan arren, zapalkuntza sistema bera elikatzen dute». Argi adierazi du indarkeria matxistaren adiera gogorrena diren erailketak egiten dituzten gizonak ez direla munstroak, matxistak baizik.
«Erailketa baten aurrean guztiok ez dugu erantzukizun bera, baina badugu guztiok ere geure buruari zer galdetu: zer egin dugu? Eta zer egingo dugu? Ari al gara ematen indarkeria matxistari daukan dimentsioa eta garrantzia?». Horren aurrean, indarkeria matxista gutxiesteari, naturalizatzeari eta babesteari uzteko garaia dela defendatu du, eta indarkeria matxista eragiten eta hori ahalbidetzen dutenek ardurak hartu behar dituztela, iragan azaroaren 25ean mugimendu feministak aldarrikatu gisara.
Epeldek nabarmendu duenez, «biolentzia zuzena da indarkeria matxistaren adierazpen argiena; eta horri biolentzia instituzional eta sinbolikoak eusten diote». Horregatik, bestelako errealitate bat eraiki ahal izateko, ardura eta erantzukizun indibidualez gain, baitezpadakoak dira aldaketa sakonak ere: «Egiturazkoak diren neurriak ere behar ditugu, instituzioetan, hezkuntzan, kulturan, begirada kolektibo eta indibidualetan...». Eta, «aitortza eta erreparazioa tresna izango dituen justizia feminista ere ezinbestekotzat» jo du.