‘Egin EztanDA’, gazteek ere Azoka eurena senti dezaten
Durangoko Azokaren erronketako bat bada gazteak erakartzea eta, bide horretan, Gazte Eztanda antolatu dute lehenego aldiz. 29 taldek eman du izena, 87 pertsonas guztira; ez da marka makala.
Hutsune bat ematen da Durangoko Azokara gerturatzen direnen artean. Umetan, familiarekin edo ikastetxearekin datoz gehienak, hori izaten da Azokarekin duten lehenengo kontaktua eta, gaztaroan geldialdi bat eginda, heldu direnean itzultzen dira gehienak. Askok, zirkulua itxi eta beren seme-alabekin etortzen dira.
Euskar Abenturarekin bat eginda, aurten lehenengo aldiz Gazte EztanDA lehiaketa antolatu du Gerediaga Elkarteak, ‘Egin EztanDA’ lemapean. «Gazteak gutxi hurbiltzen dira Azoka eta asmoa da beraientzat espreski pentsatuak izan diren ekitaldien bidez erakartzea», azaldu digute antolakuntzatik.
Izen-ematea ondo joan dela esan digute. Hiru pertsonaz osatuta 29 taldek hartuko du parte, 90 pertsona inguru denera. Pozik daude antolakuntzakoak.
Landako Gunearen kanpoaldeko karpa batean izango da lehiaketa. Hantxe daude sartuta gazte guztiak, beraientzat prestatu diren aulkietan lekua hartzen. «Galdera-erantzunen jolasak egingo ditugu, baina Azokara egokituta. Euskal kultura, sortzaileak, musika, Azoka... gai horiek gainean galdegingo diegu», gaineratu dute.
Hasi bitartean, gazteengana hurbildu gara. Nondik zatozte? «Busturiatik». Azokarekin hartu-emana baduela esan digute, ikastetxearekin edota gurasoekin etorri izan direla. Batez ere musika interesatzen zaie, emanaldiren bat ikusteko aprobetxatuko dute. «Eta nik libururen bat erosiko dut», esan du batek. Antzeko erantzunak eman dizkigu beste gazte talde batek. Bizkaitar eta gipuzkoarrak dira gehienak, baina bada Nafarroatik edota Ipar Euskal Herritik etorri denik ere.
Hastera doa. Oholtza gainean ‘Benetan zabiz?’ podcasteko Aitziber Grados Muñoa eta Malen Altuna Biteri. Arbelak banatu dizkiete gazteei, erantzunak idazteko. Beren taldearen zenbakia eta izena ere idatzi behar dituzte. ‘Guggenheim Urdaibai STOP’ idatzi dute batzuek.
Lehen froga galdetegi bat betetzea izan da. Bost minutu izan dituzte horretarako. Oilategia bilakatu da karpa, eztabaidan ari dira gazteak, irri egiten dute batzuek, dibertitzen ari dira.
«1etik 5era, zenbateko zailtasuna izan dute galderek?», galdegin du Malenek. «Boooost!», erantzun du batek, zalantza gutxirekin.
Bigarren frogan abestiak asmatu behar izan dituzte: bost abestiren hamabost segundo entzun dira, banan banan, eta taldea eta abestia, biak asmatu behar izan dituzte. Hautatu dituztenen artean, gazteen artean sona duten taldeak: Süne, Punttu Kakots (gehienek asmatu dute hau), Dupla, Olatz Salvador eta Xiberoots.
Eta, beste froga batean, hieroglifikoak asmatu behar izan dituzte, Durangoko Azokarekin zerikusia duten elementuekin osatutakoak.
Horiek pasa behar izan dituzten frogetako batzuk. Ondo pasa dute gazteek euskal kulturaz dakitena erakutsi eta are gehiago ikasiz.