INFO

Herrigintzaren taupadak kantuz jarri du Azoka

Zurrunbilo bat da Durango egunotan. Bere begira herri bat erakartzen duena, bere begitik herrigintza oso bat erakustarazten duena. Halaxe frogatu digu ostiral goiz honetan. Konstituzio espainiarrak inposatutako jaieguna baliatuz herria, euskara eta kultura eskutik helduta doazela geratu da agerian.

Euskaraldiaren kantaren aurkezpena, Bulego taldearekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azokaren bihotzean, Landakon topatu dugu horietako bat: Euskaraldiaren laugarren edizioaren kantaren aurkezpena. Azken urteotan euskal musika eszenaren podiuma erdietsi duen talde bat, Bulego, izango da Euskaraldiari abestia jarri diona: ‘Gure bihotzaren taupadak’, ziur, behin baino gehiagota abestuko –eta dantzatuko– dugun kantu energikoa.

Taldeko abeslari Tomas Lizarazuk hartu du hitza: «Azkoitiarrak gara, euskaraz bizi gara, euskaraz entseatzen dugu, euskaraz erosten dugu ogia... ez da hautu bat izan, guretzat gauza naturala da. Kanpora joan garenean konturatu gara mundu globalizatu honetan euskarak berezi egiten gaituela, euskara ez baita gure beste bereizgarri bat, gure nortasunean txertatutako bereizgarri garrantzitsuena da», ziurtatu du.

Euskaraldiko antolakuntzatik abestia egiteko erronka egin zietenean zalantza egin gabe eman zuten baiezkoa, eta abesti «herritarra» egiten ahalegindu dira, «esatetik egitera» pasatzeko deia egingo zuena, azpimarra euskaraz egiten den hitz bakoitzak duen garrantzian jarriko zuena. «Sentitzen dugu abesti honekin hainbeste eman digun euskarari zerbait bueltatzen diogula», esan du Lizarazuk, eta bizi dugun «larrialdi linguistiko honetan» beraien alea jartzeaz pozik agertu da.

Bitxikeria bat: kantuaren amaieran, Euskaraldiko antolatzaileen ahotsak entzuten dira kantuan, Lizarazuk aipatu duenez, grabaketa estudioan sortu zen giro bikainaren erakusgarri.

Eta apuntatzeko data, honakoa: Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da, lehen aldiz udaberrian, beraz.

Talaiatik atera gara. Jakoba Errekondo gomendioak partitzen ikusi dugu, Iñigito Txapelpunk standean salto txikiak emanez (egonezina, nonbait), Goiatz Labandibar liburuak sinatzen, haur bat Argitxorekin argazkia ateratzen... Eguerdia da eta kabitu ezinda dago Landako. Megafoniatik ‘Ez da eraso sexitarik onartzen’, ohartarazi digute; hori ere bada herria egitea. Hara, han dago atea.

Kantu bat etxera bidean

Landakotik atera gara arnas pixka bat hartzera eta, bide batez, Sare Herritarrak deitutako ‘Etxera kantuz’ topaketa nazionala zertan den ikustera. Mikel Mundiñano ari da hizketan, eta tonu poetikoa baliatu du bertaratutakoen bihotzetara iritsi eta kanturako giro goxoa sortzeko: «Sua, ura eta lurretik sortu omen zen guztia, baina Amalurrak behar zuen eta behar du gaur egun... haizearen kantua». Polita geratu zaio hitzartzea. Nahikari Iturbek eman dio segida, ‘Mugitu harriak’ kantua errezitatuz, «ez/ez dago harririk/ mugitu ezin denik/ ezta Euskal Herririk galdurik/ seme-alabarik/ kartzela batean/ utziko duenik». Dispertsioak ezagun egin zizkigun espetxeen izenak aditzen dira, Fresnes, La Sante, Navalcarnero, Alacant... beira hautsiak bailiran urratu digute bihotza.

Jendetza bildu du ‘Kantuz etxera’ topaketak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Esne Beltzako Xabier Solano, Lova Lois eta Zigor DZk ekarri dute gora giroa, eta Bego Atxak gogorarazi digu ETAren su-etenetik hamairu urte igaro diren honetan, oraindik 142 euskal preso daudela espetxeratuta. «Hamairu urteren ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute», deitoratu du, eta gatazkak utzitako ondorioekin amaitzea «premiazkoa» dela berretsi su. Eta, bide batez, urtarrilaren 11an Bilboko La Casillako manifestaldiarekin bat egitera deitu du, «aterabide integral bat eskatzeko, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, biolentzia ezberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen». Badago nahiko arrazoi data egutegian gorriz markatzeko.

Giroa berotuta, abiatu da kantu-jira. Imanol Urbietaren ‘Behin betiko’ denon eztarrietan, Arkaitz Miraballesek hitzak moldatuta: «Behin betiko, behin betiko/ sinple bezain tinko/ etxera ta kitto!».

Arnasa hartuta, atzera Landakora itzuli gara, ‘Zenbat dugun kontatzeko’ mapa ari baitira aurkezten Talaian. Mapa ilustratu ludikoa da, Ikas Bi, Biga Bai, Seaska eta Euskal Haziak, Euskal Kultur Erakundearen babesarekin, abiatutako egitasmoa euskara ikasgeletatik atera eta Euskal Herriko lurraldeen ezagutza sustatzeko. Afixa etxeko horman paratzea da ideia, haur, gazte zein heldu galdera-erantzunen jolasean mugilarazi eta nazio ikuspegia sendotzeko. Egitasmo sinple bezain emankorra, eta batez ere ederra.

Zergatik mapa bat? «Mapa batekin pila kontatzen ahal delako historiaz, kulturaz, geografiaz...», azaldu dute aurkezpenean. Entzuten genituen artean, mapan lokalizatu ditugu Bardeak, baleak, Tartalo, Arantzazu, Txillardegi, erraldoiak, Erriberriko gaztelua... euskaldunon historia, kultura eta, zergatik ez, identitatearen bereizgarri diren elementuak. Maparen azpialdean, jolaserako zenbait proposamen: «Ideia da mapa honekin jolastea, galderak erantzunez, adibidez: zein da Euskal Herriko ibairik luzeena?», galdegin digute. Guk bagenekien erantzuna, baina ez dakienarentzat: «Lasai, mapako QRan topatzen ahal dituzue erantzunak».

Jolasean utzi ditugu. Bagoaz berriro kalera. Pello Reparaz (Zetak) zapi gorriak banatzen  ikusi dugu, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar) standean berriketan, ETSk duen sinatzeko ilarak izututa Albina Stardustekin tupust egin dugu ia eta atzera Landakora sartzeko ilarak ikustean poltsikoan daramagun akreditazioa (sarbide azkarra ahalbidetzen diguna) estutu dugu.

Euskal Museorako bidean, Euskal Dendara sartzeko ere ilarak daudela ikusi dugu; jendetza dabil Durangon. Gu, Herri Urratsen II. maketa lehiaketaren aurkezpenera goaz. «Talde askok nahi du Herri Urratsen jo eta iaz erabaki genuen lehiaketa egitea, bi helbururekin: talde berriei aukera ematea eta euskal jendartean daukagun aberastasun kultural hori erakustaraztea», argitu digu Koldo Rodriguez koordinatzaileak. Iaz 40 taldek hartu zuen parte, eta aurten ere bide onetik doa ekimena: 13 taldek dagoeneko bidali dituzte lanak (epea urtarrilaren 3ra artekoa da). Aurtengo nobedadea da antolakuntzak bost finalista aukeratuko dituela, eta jendarteak horien artean hautatu ahalko du Herri Urratseko oholtzara igoko dena.

Iazko irabazlea Muga Zero izan zen: «Taldeari balio izan dio ezagutarazteko Euskal Herrian zehar, kontzertuak atera zaizkie. Beraz, helburua bete da». Atera gara Euskal Museotik. Xirimiriak hartu ditu kaleak, aterkipean dabil jendea. Ordenagailua itzali eta bagoaz gu ere taupadarekin bat egitera.