Elordi eta Zabaleta faborito zergatik diren erakutsi dute (22-3)
Elordi eta Zabaleta gailendu dira Donostiako Atanon jokatu den partidan, Altuna eta Aranguren erraz eta azkar mendean hartuta (22-3). Honela, beren lehendabiziko puntua eskuratu du askorentzat txapelketa honetan faborito den bikoteak.
Bikoteak aurkeztu zituzten egunean, askok Elordi eta Zabaleta txapelketa honetarako faborito zirela esan zuten. Lehendabiziko jardunaldian ez zuten asmatu, eta gaurko partidara zalantzaz beteta heltzen zirela zirudien. Gainera, aurrean zituzten Altuna eta Aranguren lehendabiziko puntua irabazi zuten, irudi ona emanez.
Partida hasi bezain pronto ikusi da, ordea, azken hauek ez zeudela inspiratuak eta, aldiz, Zabaleta eta Elordi sasoia berreskuratuta zetozela Donostiara.
Lehendabiziko sakea gorriek izan dute, eta Altunak hautatutako pilota batekin hasi da partida. Urdinek ondo erantzun dute eta segidan 7 tanto egin dituzte, zuzen eta erraz jokatuz. Arerioen pilota horixe erabili dute urdinek partida osoan.
Sakea berreskuratuta, pentsa ziteken Altuna zerbait gehiago egiteko kapaz izango zela, baina kale egin du tanto horretan eta markadorea 13-2raino joan da erreskadan. Gaur amezketarrak ez du batere gozatu.
Zortea ere alde izan dute urdinek, are eta kale egin duten zenbaitetan tantoa lortzeraino ere. Gorriek, ordea, lana erruz egin behar izan dute… tantorik ez egiteko. Bitartean, Zabaletak eta Elordik dena ondo egin dute. Oso serio jokatu dute biek.
Tanto bakan horren ondoren, urdinen beste zazpi tanto etorri dira segidan, 20-3raino. Argi zegoen ordurako partida iraultzeko inolako aukerarik ez zutela gorriek. Gauzak honela, 22-3 amaitu da partida.
Zalantzarik gabe, gaurkoan Jose Javier Zabaleta izan da jaun eta jabe. Arangurenek ezin izan dio eutsi. Elordi bikain aritu da defentsan eta zuzen erasoan. Altuna saiatu, saiatu da, baina gozatu gabe. Elordiren sakeetan behin eta berriro sartu da airez bere atzelariari lanak errazteko, baina gero ez du asmatu.
Altunak argi eta garbi laburbildu du partida: «Egur ederra eman digute, zorionak ematea besterik ez dago». «Gehio badakigu jokatzen biok», gaineratu du, eta aurrera begira jarri da, txapelketa luzea baita.
Zabaleta eta Elordi pozik azaldu dira txapelketako lehen puntua lortuta eta, batez ere, erakutsitako mailarekin.