Basogintzako langileen osasuna zaintzea eta ustiaketa eredu berria eskatu dute sindikatuek
Basogintza eredua aldatzearen beharra nabarmendu dute LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Sektorean ematen den lan istripu kopuru altua eredu intentsiboarengatik dela azaldu dute. Honekin batera, balioaniztasunaren kontra egiten duela gaineratu dute.
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen ordezkariek basogintzan ematen den lan istripu kopuru altua salatu eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
«Lan osasunari dagokionez, sektore horretako langileen egoera dramatikoa da. Azken hamarkadan gutxienez 32 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Datu hori denboraldi berean Euskal Herrian lan istripuz izandako heriotza guztien %5 da. Sektore horretako langile kopurua kontuan hartuta, eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilkorragoa da», gogoratu dute, azaroaren 27an Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratzean egin zuten bezala.
Egoera honen arrazoien artean prekaritatea aipatu dute. «Autonomo faltsuak, azpikontratazioaren erabilera orokorra, modu isolatuan lan egiten da, ez dago prebentzio baliabiderik, ez dago prestakuntzarik... Oro har, ez dira betetzen osasun zein lan araudia», nabarmendu dute.
Dena den, funtsezko arrazoitzat Bizkaian eta Gipuzkoan ematen ustiaketa eredua jo dute. Izan ere, Euskal Herrian sektore honetan ematen diren heriotzen %75 bi herrialde hauetan pilatzen da.
Arriskuak handitzen ditu ereduak
«Aktibitateak berak arriskuak dakartza, baina bada arrisku horiek modu esponentzialean areagotzen dituen zeharkako faktore bat, basogintza eredua hain zuzen, basogintza intentsiboa. Basogintza eredu hau, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten da Euskal Herrian», azaldu dute.
«Etekin ekonomikoa lehenetsi nahian, eredu horrek gure mendietan kanpoko espezieak, hazkunde azkarreko espezieak aldatu, hazi eta matarrasa moduan ateratzen ditu denbora ziklo motzetan. Bioaniztasunaren ikuspegitik gure mendi lurrak eraldatu ditu, bertako basoak eta espezieak masiboki alboratu ditu eta, era berean, matarrasek eta habitataren eraldaketak bertako fauna larri erasotu dute. Horretarako makinaria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira egurra atera ahal izateko, langileen aurkako arriskuak areagotuz», erantsi dute.
«Gainera, interbentzioak askotan lur eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira, lanerako planifikazio egokia eramateko aukerak murriztuz. Azken hamarkadetan eredu hori, ikuspegi ekonomikotik, porrota izan da, bidean milioika euro publiko xahutu baititu diru laguntzetan; zer esanik ez lan osasunaren ikuspegitik. Izan ere basoaren ustiaketa intentsiboa ordekan edo lur lauetan egin behar litzateke, baina teknika horiek gune malkarretara eramatean arrisku faktorea muga onargaitzetara iristen da», gaineratu dute.
Bideragarritasun falta
«Bideragarritasun ekonomiko falta horrek, ingurumena erasotzeaz gain, langileen segurtasuna eta osasuna kaltetzen ditu, langileen bizia arriskuan jarriz: lan orduak modu masiboan egin, baita asteburuetan ere; makineria zaharra eta desegokia erabiltzen da malkar handietan; lan erritmoak oso altuak dira ustiatutako materialaren balioa oso eskasa delako... Lanaren berezko arriskuei gehitzen zaizkien faktore horiek dira sektoreko istripu tasa altuaren eragileak», aldarrikatu dute.
Hori guztia dela eta, ezinbestekotzat jo dute basogintza eredua aldatzea. Horretarako, deia egin diete Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundi eta batzar nagusiei mendi arauak aldatzeko basogintza jasangarri baten alde, eredu intentsiboa baztertuz eta bideragarritasun ekonomikoa, bioaniztasuna eta lan osasuna eta lan baldintzak bermatuz.