Aita Marik amaiera eman dio Mediterraneoan egin duen 14. misioari
Aita Mari erreskate ontzia gaur goizean irten da Palermoko portutik Valentziara bidean, bere 14. misioa amaitutzat emanez. Misio honetan, salbamendu ontziak 86 pertsona erreskatatu ditu bi esku-hartzetan, muturreko zaurgarritasun testuinguruan bizitzak salbatuz.
Aita Mari erreskate ontzia Valentziara bidean da, gaur goizean Palermoko portutik irtenda eta Mediterraneoan azaroaren 15ean abiatutako 14. misioari amaiera jarriz.
«Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, milaka pertsonak bizi dituzten giza eskubideen urraketa larriak salatzen ditugu; izan ere, baldintzarik gabeko eta arrisku handiko ibilbideetatik ihes egitera behartuta daude», adierazi dute ohar baten bidez.
Azken hilabete honetan, 86 pertsona erreskatatu ditu euskal ontziak. Sizilian lehorreratu zituen lehenbizi erreskatatutako 53 pertsonak. Astebete beranduago beste 33 lagun salbatu zituen Mediterraneo erdialdean, eta Palermoko portua izendatu zuten Italiako agintariek, nahiz eta gertuago hainbat portu seguru egon.
«Errealitate honen aurrean, premiazkoa da migraziorako bide legal eta seguruak ezartzea», berretsi du Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak. «Halaber, migratzaileen eta haiei laguntzen dieten erakunde humanitarioen kriminalizazioa amaitzea eskatzen dugu», gehitu dute.
Datozen egunetan, Aita Mari Valentziako portuan atrakatuta egongo da, ate irekien jardunaldiak eta ikasleei zuzendutako hitzaldiak eskainiz. Ekimen honen helburua «elkartasunaren eta giza eskubideekiko errespetuaren garrantziaz sentsibilizatzea da, gizarte bidezkoagoa eta giza duintasunarekin konprometitua sustatzeko».
«Etorkizun batean giza duintasuna nagusi izan dadin», Itsas Salbamendu Humanitarioak bere misioarekin jarraituko duela aurreratu dute.