Artola kantxetara itzuliko da eta Larrazabalek Peña II.a ordezkatuko du asteburuan
Iñaki Artola, oraindik Binakakoan estrenatu gabe baina giharretako haustura sendatuta, kantxetara itzuliko da asteburu honetan. Peña II.ak, ordea, ezker eskua minduta du eta Larrazabalek ordezkatuko du. Tolosari ebakuntza egingo diote eskumuturrean.
Baiko eta Aspe enpresek euren mediku partea jakinarazi dute astearte honetan. Laburbilduz, Iñaki Artolak jokatu ahal izango du asteburuan Binakakoan, Larrazabalek Peña II.a ordezkatuko du eta Xabi Tolosari ebakuntza egingo diote eskumuturrean.
Artolarekin hasiz, Alegiako aurrelariak egindako azken entrenamenduak onak izan dira, eta ezker hankako iskiotibialetako lesioa gainditu ondoren, frontoietara itzuliko da asteburu honetan. Artolak Mariezkurrena II.arekin osatuko du bikotea ostiral honetan Urretxun, Jaka eta Imazen aurka jokatzeko Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldian.
Bestalde, Peña II.ak ezker eskua minduta bukatu zuen astelehenean txapelketako bigarren jardunaldia ixten zuen partidan, Tolosako Beotibarren, eta asteburu honetan Larrazabalek ordezkatuko du. Amurrioko aurrelariak, Albisurekin batera, Laso eta Iztuetaren aurka jokatuko du ostiralean, Zornotzan.
Honek beste aldaketa bat dakar Serie B Txapelketan. Izan ere, Bakaikoak Larrazabalen hutsunea beteko du, eta Salaverri II.arekin bikotea osatuko du Zubizarreta III.a-Morgaetxebarriaren aurka jokatzeko ostiralean Zornotzan.
Tolosari ebakuntza
Azkenik, Aspek jakinarazi du Xabi Tolosari ebakuntza egingo diotela eskuin eskumuturrean hilaren 1an, Gasteizeko Vithas ospitalean. Gogoraru behar da Anoeako atzelariak hilabete batzuk daramatzala minarekin. Izan ere, sanmateotako feria eta orain Binakakoari uko egin behar izan zion min hauengatik.