INFO

Iruñeko auzo guztietan haur eskolak euskaraz izatea eskatu dio Euskalgintzak Udalari

Iruñeko Euskalgintzak manifestazioa deitu du astearte honetan hiriburuan, Udalari eskatzeko auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua eskaintzea bermatzea. «Haurren hizkuntza-eskubideez hitz egiteko garaia da», azpimarratu dute.

Manifestazioa deitu du astearte honetan Iruñeko Euskalgintzak, Udalean gehiengoa duten alderdiei irtenbide bat exijitzeko. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñeko auzo askotako haur eskoletan euskarazko eskaintzarik ez dagoela salatu du berriro ere Iruñeko Euskalgintza plataformak. Hala, hiriburuko Udalak euskararen irakaskuntza sustatzeko bidea urratu behar duela azpimarratu du asteazken honetan eginiko manifestazioan.

Izan ere, gogoratu dute auzo askotan ez dagoela euskarazko eskaintzarik eta murgiltze giroan haur eskola bakarra dagoela. Horregatik, Udalari eskatu diote auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua eskaintzea bermatzea.

«Udala, entzun, Iruñea euskaldun» eta «Haur eskolak euskaraz» oihuen artean hasi da mobilizazioa 17.30ean Sarasate pasealekuan, eta udaletxearen aurrean AEK, AET, EHE, ELA, IKA, LAB, Steilas eta Sortzenek osatzen duten plataformak Udalari irtenbidea bat eskatu eta murgiltze eredua bultzatzeko eskatu diote.

Iruñeko Euskalgintzaren arabera, Udalak, administrazio publiko bezala, Eskualde mailako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunaren printzipioei jarraitu beharko lioke.

Horrela, beraz, Udalak eskaintzen dituen heziketa zerbitzuetan, eta, hortaz, haur eskoletan, «hainbat helburuetara bideratu beharko lituzke bere erabaki eta praktikak», hala nola euskara sustatzeko benetako ekintzak burutzera, euskara maila guztietan irakatsi eta ikertzeko baliabideak eskaintzera eta euskaraz hitz egiten ez dakitenek ikasi ahal izateko baliabideak jartzera, besteak beste.

Euskalgintzaren arabera, haur eskolen kasuan ere euskarazko irakaskuntza eta zerbitzuek neurri bereziak behar dituzte. Horregatik, hain zuzen ere, Udalak Europako Gutunak dioenari erreparatu behar diola uste du.

«Bertan azaltzen den moduan, ez da hartuko hizkuntza hedatuenen hiztunekiko diskriminaziotzat eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak sustatzea», nabarmendu dute.

Murgiltze eredua eskaintzea

Iruñean euskara ofiziala ez izan arren, Euskalgintzak ulertzen du «Eurogutunaren noranzkoan neurriak hartzeko betebeharra duela Udalak».

Ildo horretan, adierazi du «euskararen irakaskuntza sustatzeko bidea urratu» behar duela; baita «beraien txikiak euskaraz ikastea nahi duten familiek hizkuntza hegemonikoekiko dauden baldintzak baino okerragoak ez izatekoa ere».

«Sustapen eta ekitate neurriak behar ditu euskarazko irakaskuntzak. Horretan, ezinbestekoa deritzogu bermatzea auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua eskaintzea», gehitu dute.

Gainera, 2027ra arte Haurtzaroaren Hiri Lagun gisa duen konpromisoa berritu duenez, «haurren hizkuntza-eskubideez hitz egiteko garaia» dela aldarrikatu du. «Euskaraz ikasi nahi duten haurren zaurgarritasuna, estresa eta tratu desberdina kontuan hartzeko garaia, Iruñeko berezko hizkuntza baita», azpimarratu dute.