INFO

Gaztetasunak freskura eman dio Barre de Ecrinseko hegoaldeko hormari

Nicolas Jean (26 urte), Baptiste Obino (26) eta Victor Garcin (23) frantziarrek ‘La Barretasse’ bidea (ED, 6b+, WI5, M5, A1, 900 m) sortu dute bi eguneko eskaladan. Antza denez, murru horretako agerikoa den azken zirrikituetako bat da.

Hiru gazte frantziar izan dira Barre de Ecrinsen bide berria zabaldu dutenak. (Victor GARCIN)

Azken bolada luze honetan asko entzun da Alpeetako pareta handietan ibilbide berriak zabaltzeko ia aukerarik ez dagoela. Baina maiz gertatzen den bezala, izaera horretako baieztapenek alde guztietatik huts egiten dute. Eta horren isla da hilaren lehenbizikoan hiru alpinista frantziarrek eginiko ekarpen berria.

Barre de Ecrinseko (4.102 m) hegoaldeko horma handian izan da. Protagoniston adina ikusita, alpinista zailduenek diote berri horiek atsegin handiz hartzen direla. Gazteak dira hormatzar horretan proposamen berria zabaldu dutenak: Baptiste Obino (26 urte), Nicolas Jean (26) eta Victor Garcin (23). Hirukote horrek alpinista aitzindarien eta egungo indartsuenen ibilbidea jarraitu eta ‘La Barretasse’ zabaldu du hil honen hasieran.

Alpinistok ausardiaz jardun dute, eta hori diogu ireki duten 900 metroko bideak zailtasun tekniko garrantzitsuak dituelako: 6b+, WI5, M5 eta A1. Igoera alpino batek dituen ezaugarri guztiak jasotzen ditu. Frantziar Estatuko espezialista batzuek baieztatu dute hiru gazte hauek indar handiz hartu dutela hogeita hamar urtetik gora dituzten egungo alpinista zailduenen lekukoa. Besteak beste, Benjamin Vedrines, Symon Welfringer, Charles Dubouloz, Leo Billon eta enparauen izenak aipatzen dituzte.

Ecrinsen jardun duten hiru gazteek argi utzi dute ibilbide ederra zein sakona egiten ari direla. Jeanek, adibidez, Ecrinseko horma berean badu bide bat. Obino gai izan da bakarka Grand Pic de la Meijen marra bikaina sortzeko. Eta joan den udaberrian Garcin ikusi genuen Peruko Andeetan bi proposamen berri zabaltzen eta Mont Blanceko hegoaldeko isurian igoera azkarrak egiten.

Gazteok lehen aldia zuten elkarrekin soka talde batean. Hortaz, azpimarratzekoa da erakutsi duten gaitasuna. Bitxia izan daiteke, baina Barre de Ecrinsen ibilbide berri bat sortzeko helburua taldeko gaztearena, Garcinena, izan zen: «Zirrikitu hori aspalditik nuen buruan. Onartu behar dut murru mitiko horrek asko erakartzen nauela, eta hura aztertu eta gero ohartu nintzen eskuin aldean agerikoa den bide bat zegoela. Aitzakiarik ez zegoen: baldintza egokiekin ekinaldi bat egin behar nuen. Bi aste lehenago, baldintza oso onak zeuden, baina tenperatura ez zen oso hotza. Azkenean, unea iritsi zen eta nire kideei proposamena egin nien».

Bi egun

Nahiz eta baldintzak ez ziren perfektuak, gazteok murru handi horretan sartu ziren. Lehen sekzioan Garcin joan zen sokaburu. Bideak dituen lehenbiziko zailtasun teknikoetara oso azkar iritsi ziren. Lehor zegoen diedro bat aurrean zuten. Zorionez, izotz puska batzuk zituen, eta horrek asko lagundu zien igoeran. Baina jarraian buruhausteak heldu ziren; izan ere, arroka oso-oso trinkoa zen. Zailtasun teknikoak ez ziren oso handiak, baina aseguratzeko komeriak izan zituzten. Tarte hori gainera, katu-oinik gabe eskalatu zuten.

Hego isuri batean zeudenez, eguzkiaren epeltasuna ondo baino hobeto kudeatu behar zuten. Horregatik, lehen bibaka eguerdian antolatu zuten. Alpinistok diote zuhurtziaz (bibakerako tresneria eraman zuten) jokatu zutela; izan ere, luiziak saihestu nahi zituzten.

Biharamuneko lehen luzeak ez ziren atseginak izan. Arrokak ez zien segurtasunik eman; oso ustelduta zegoen. Nola hala, sekzio hori gainditu zuten. Ondoren, diedro handi batera heldu ziren. Tarte horrekin beldur pixka bat zuten. Arrokaren kalitatea, bederen, hobea izan zen. Alpinistok aurreratu dute diedroa oso atsegina izan zela. Obinok hiru luze eskalatu ondoren, irteerara iritsi ziren.

Hil honen lehenbizikoan, eguerdi aldera, hirukoteak Barre de Ecrinseko gailurra zapaldu zuen ‘La Barretasse’ ibilbidea ireki eta gero. Azkenik, protagonistok onartu dute agerikoa (murruaren azkenetarikoa izango ote da?) den marra hori ez dela oso zaila: «Baptistek hego isuri horretan dauden bideak neguan eskalatu ditu, eta dio baten bat zailagoa dela. Baina ziurtatu du askoz ere arriskutsuagoa dela, batez ere luze asko aseguratzeko zailtasun handiak daudelako».