Iruñeko parrandazaleen ikur izan den ‘Tuli’ hil da, Sanferminak piztu eta zortzi urte geroago
Jesus Ilundain Zaragueta zuen izena baina Iruñean inork gutxik zekien hori: ‘Tuli’ edo ‘El Tuli’ izan da auzokide guztientzat, Bronce peñako lehenengo bazkidea, Osasunako zale amorratua eta oro har Iruñeko parrandazaleen artean ezagunetarikoa. Oraindik norbaitek ‘Tuli’ren berri ez bazuen, 2016ko uztailearen 6an ospea lortu zuen betirako, eta ez soilik Euskal Herria mailan.
Izan ere, ‘Tuli’ri egokitu zitzaion orduko Sanferminetako suziria pizteko ardura. EH Bilduko Joseba Asiron Alkatetzara iritsi berria zela, aurreko sistema aldatu zuen, egiteko hura herritar guztietara zabalduz, zinegotzietatik haratago, eta herri bozketaren bidez hautaketa eginez. Proposamen ezberdinen artean bozkatuena izan zen berea. Orduan 85 urte zituen jada ‘Tuli’k eta suziria piztu ondoren honako hau esan zuen: «Hau eginda lasai hil naiteke jada».
Zortzi urte gehiago iraun du, zortzi Sanfermin gehiago gozatu ditu. Orduak eta orduan ematen zituen kalean ‘Tuli’k, batetik bestera, goizeko dianetan hasita.
Festak goitik behera xurgatzeaz gain, ekarpen garrantzitsu bat egin die ‘Tuli’k Sanferminei: bera izan zen Santo Domingon entzierroaren aurretik santuari kantatzeari ekin zion lehena. Askotan kontatu duenez, bapateko okurrentzia izan zen, bere umore onaren seinale ere bai. Egun batean belauniko jarri eta Bronce peñako abestiaren doinua hartuta ‘A San Fermin pedimos’ asmatu zuen... gaur arte, orain euskaraz ere, heldu den kantua.
Aurreko astean bere emaztea zendu zen, Paquita de la Fuente, eta kolpe latza izan zen hori Jesus Ilundainentzat. Sei hamarkada inguru egin dute elkarrekin. Biak batu dira berriz orain, parrandazaleen zerurik bada, hor nonbait elkarrekin.